Elikagaiak

oilaskoHaragi kultibatuaren salmenta onartu dute Singapurren

Aurki, laborategian hazitako oilasko mokaduak jan ahal izango dituzte Singapurren. Izan ere, hango agintariek mota horretako haragia saltzeko araudia onartu berri dute. Hartara, halako produktua saltzeko baimena eman duen munduko lehen herrialdea izan da Singapur. Eat Just AEBetako enpresaren eskariari erantzunez hartu dute erabakia. Animaliarik hil gabe, animalien giharretako zelulak kultibatuz sortzen dute haragia. Eat Justek, zehazki, oilasko nugget-en antzekoak ekoizten ditu teknika horren bitartez. Enpresaren hitzetan, haragi hori oilasko haragi arrunta baino osasungarriagoa eta jasangarriagoa da. Singapurreko Elikagaien Segurtasunerako Agentziak produktua aztertu eta jateko egokia dela ebatzi du. Hortaz, esan bezala, singapurtarrek aurki izango dute halakoak jateko aukera. Hori bai, ekoizteko prozedura dela eta, oilasko arrunta baino askoz garestiagoa da haragi mota hau. Beraz, ikusteko dago zer-nolako eskaria izango duen.