Euskaraldia

euskaraldiaEgindakoari eusteko deia

Bigarren edizioa amaituta, Euskaraldiak bultzatutako hizkuntza jardunbideetan sakontzen jarraitu behar da. Dei hori egin zuten Euskaraldiaren sustatzaileek hizkuntz ohiturak aldatzeko ariketa sozialaren amaieran egindako balorazioan. Hala, hamabost egunez hizkuntz ohituretan eta inertzietan eginiko aldaketei eusteko garaia dela gogorarazi zuten: “Badugu zeregina oraindik ere, baina egunotan sortutako energia sozialari eta auzolanari eusteko deia egin nahi dugu, sortzen ari garen hizkuntza praktika berriek bidea egin dezaten”. COVID-19ak Euskaraldiaren antolaketan eta garapenean eragin nabarmena izan arren, “ariketa sozial masiboa” izan dela azpimarratu zuten, eta pozik agertu ziren, milaka lagunen konpromisoa berretsi egin delako. Datuak, horren adibide: bigarren edizioan, 179.780 lagunek eman zuten izena, eta lehen edizioan baino herri gehiagotan antolatu zen. Beste zenbait puntu ere nabarmendu ziren 2. Euskaraldiaren balorazioan, hala nola euskalgintzaren, gizarte eragileen, erakundeen eta bestelako eragileen arteko elkarlana eta entitate askoren erabakiari esker sortutako ariguneen balioa.