Sagardoa

sagarEuskal Sagardoa sor markak 1,2 milioi litro ekoitzi ditu

Txikia, baina izaera handikoa. Halakoa izan da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan Euskal Sagardoa egiten duten sagardogileen sagar uzta 2020an. Zehazki, 2019an bildutakoaren herena: guztira, 2 milioi kilo sagar bildu dituzte Euskal Sagardora bideratutako sagastietan, eta horiekin 1,2 milioi litro sagardo egin dituzte. Neguko hotzik ezak eta uda lehorra izateak eragin dute uzta txikia, ekoizleen hitzetan. Nolanahi ere, izaera handikoa izan da, “azukre eta tanino ugari-ugarikoa”. Txotx denboraldia hastear dela, COVID-19ak sagardotegietan eragindako kalteari zenbakiak ere jarri dizkiote Euskal Sagardoaren ekoizleek: iaz txotx denboraldia eten egin behar izan zutelako eta ostalaritzan botilako sagardoaren salmenta gutxitu egin delako, guztira 15 milioi euro galdu dituzte. Gainera, geroa ere pandemiaren bilakaerak baldintzatuko die. Esaterako, normalean urtarrilean abiatzen den txotx denboraldia noiz hasiko den ez dute zehaztu oraindino. Aitzitik, txotx garaiari noiz eta nola ekin urtarrilean aztertu eta jakinaraziko dute, behin osasun larrialdian bizi dugun egoera baloratu ostean. Nolanahi ere, sektorea egoerara egokitzeko protokoloa lantzen ari da. Era berean, salmentei laguntzeko asmoz, online plataforma bateratua sortu dute ekoizleek: Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 53 Euskal Sagardo biltzen ditu, eta euskalsagardoa.eus gunean dago erabilgarri.