Komunikazioa

Bosgarren Tokikom sariak, banatuak

Puntua, Anboto eta Aiurri astekariek, Baleike aldizkariak eta Erlo TB telebistak jaso zituzten, iragan abenduaren 17an, 2020ko Tokikom sariak. Tokikom toki komunikabideen bateraguneak banatzen ditu sariok, toki komunikabideen lana aldarrikatzeko eta gizarteratzeko, eta aurtengoa bosgarren edizioa izan da. Azalik onenari dagokionez, Debagoieneko Puntua astekariak jaso zuen, suizidioari eskainitako azal batengatik. Eduki onenarena Anboto astekariak eskuratu zuen, iazko otsailaren erdialdean Zaldibarko zabortegian gertatutako luizia eta ondorengo gertakariak lantzeko argitaratutako lan batengatik. Ikus-entzunezkorik onenaren kategorian, berriz, Zumaiako Baleike aldizkaria eta Erlo Telebista gailendu ziren; zehazki, garai batean Zumaian martxan izan zen marea errotari buruz egindako erreportajea saritu diete. Hiru kategoria horiez gain, bosgarren edizioak beste sari bat banatu zuen estreinakoz: Komunitatearen saria. Publikoaren botoek erabakita, Beterri-Buruntzako Aiurrik eskuratu zuen, konfinamendu garaian egindako #Bertsovid-19 ekimenarengatik. Zorionak denei!