Hizkuntza

eskuliburuaLagunarteko euskara lantzeko eskuliburua kaleratu du EITBk

Ez da gaur goizekoa lagunarteko euskarak eragiten duen kezka; batez ere, gazteei dagokienez. Lagunekin erabiltzeko hizkuntza baliabide nahikorik ez eta, askotan, gaztelaniara jotzen dute. Gazteei ez ezik, heldu askori ere gertatzen zaie. Bada, euskara hori lantzeko eta erabiltzeko baliabideak eskaini nahian, Euskara kolokialaren eskuliburua argitaratu du EITBk. Asier Larrinaga Larrazabal EITBko Euskara Zerbitzuaren arduradunak osatua, lagunarteko euskararen deskribapen osoa egiten du, ahoskera, deklinabidea, aditza, sintaxia eta hiztegia barne hartuta. Nolanahi ere, ez da lan espezializatua, dibulgaziozkoa baizik. Liburuak bi zati ditu. Lehen zatia teorikoa da, eta lagunarteko euskararen ezaugarriak biltzen ditu. Bigarren zatiak, berriz, hiztegi bat du, non euskarazko hitz arruntak lagunarteko hizkeran esateko aukerak jasotzen diren. Liburua sorkuntzan eta irakaskuntzan dihardutenentzat da, bereziki. Hala, batetik, baliabideak eskaintzen dizkie idazle, itzultzaile, gidoilari eta bestelako sortzaileei. Bestetik, bai haur eta gazteen bai helduen irakaskuntzan dabiltzanei erreferentziak eskaintzen dizkie, ikasleekin landu ahal izateko. Aurrerantzean, euskaltegiko irakasleari “kolega” esan aurretik, badakizue non begiratu...