Elikadura

latxaSei gazta mota aurkeztu ditu Euskal Gaztak proiektu berriak

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan Idiazabal sor markatik kanpo egiten diren beste zenbait gazta barietate sustatzeko xedez, Euskal Gaztak egitasmoa sortu du Eusko Jaurlaritzak. Zehazki, sei mota bultzatuko ditu egitasmoak, guztiak Eusko Labeldun esnearekin eginak: Fraisoro, behi gazta tradizionala; Otzara edo “saskiko gazta”, ardi esnearekin eta antzinako artisau teknikak zainduz egina; Saroi, behiaren, ardiaren eta ahuntzaren esneak nahastuta egiten dena eta euskal gaztarik zaharrena dena; Latxa Urdina, ardi latxaren esnearekin egiten den gazta urdina; Txuria, gazta freskoa; eta Auntzai, libre hazitako ahuntzen esnearekin egindakoa. Berez, ez dira barietate berriak, baina ez dira oso ezagunak, merkaturatzeko arazoak izaten dituztelako askotan, besteak beste. Euskal Gaztak egitasmoari esker, merkaturako bidea erraztu nahi zaie. 2020. urtearen hondarrean aurkeztu zuten egitasmoa, eta, aurkezpenean azaldu zutenez, iaz sei gazta mota horien 18.000 kilo ekoitzi zituzten, 140.000 litro Eusko Labeldun esne baliatuta.