Telesailak

tronos‘Games of Thrones’ telesailak parke tematikoa izango du

Mundu mailako fenomenoa izan zen Games of Thrones, HBO ekoiztetxeak 2011. eta 2019. urteen artean eskaini zuen telesaila. Sekulako arrakasta izan zuen, eta jarraitzaile kopuru itzela. Bada, amaitu zenetik telesaila faltan sumatzen dutenek izango dute nora jo. Izan ere, Ipar Irlandako (Erresuma Batua) Banbridge herrian, Game of Thrones Studio Tour zabalduko dute aurten, hau da, telesailari eskainitako munduko lehen parke tematikoa. Zehazki, Banbridgeko Linen Mill Studios estudioan irekiko dute. Bertan,  telesaileko eszena ugari grabatu zituzten, eta, hain zuzen, horretaz baliatuko dira bisitariak Games of Throneseko fantasiazko eta Erdi Aroko kutsuko munduan barneratzeko. Parkeak 10.000 metro koadro izango ditu, eta telesaileko dekoratu ugari erakutsiko ditu, telesailean famatuak egin diren lekuak ezagutzeko. Horrekin batera, telesailaren hainbat sekretu ezagutu ahal izango dira, eta, jantzien, elementu interaktiboen eta bestelako objektuen bitartez, istorioaren parte sentiarazi nahi dituzte bisitariak. Gainera, parke tematikotik kanpo ere telesailean murgiltzeko aukera izango dute inguruan, telesaileko beste hainbat pasarte Ipar Irlandako zenbait parajetan grabatu baitzituzten. Berez, iaz zabaltzekoa zen parkea,  baina COVID-19agatik urtebetez atzeratu dute. Hasi berria den urtean abiatzerik izango ote duten, ordea, pandemiaren bilakaerak baldintzatuko du.