Genero honen gaineko estereotipo guztiei aurre egin nahi diegu

nakaiIratxe Aguilera Kai Nakai
Musikaria

Baimenik gabe bere lehen diskoa aurkeztu berri du Aguilerak (Gasteiz, 1996). Reggaetoia egiten du, euskaraz eta feminista. Izen artistikoak bere identitateari erreferentzia egiten dio: kai hitz euskaldunaren eta nakal hitz indonesiarretik (bihurri esan nahi du) eratorritako nakai hitzaren batura da. Jon Maiak sorturiko hitzak dituzte kantu gehienek. Iaz Durangoko Azokako sormen beka irabazita ondu du diskoa. Azokan eskaini zuen lehen zuzenekoa, DJ batekin eta Maria Roca eta AnePe Acedo dantzariekin batera.

Baimenik gabe. Zergatik?
Emakumeoi, askotan, zalantzan jartzen dizkigute egiten ditugunak; genero rolak egunero sufritzen ditugu eta, modu askotan, zapalduta gaude. Diskoak aldarrikatzen du nahi duguna egiteko ez dugula inoren onarpenik behar. Emakume guztiak ametsei jarraitzera eta inor beren bidean sartzen ez uztera animatu nahi ditut.
Reggaetoi feminista eta euskaraz. Estereotipoak hausteko premia?
Disko honen bidez, musika estilo hau euskaraz egitea defendatu nahi izan dugu, gazteoi asko gustatzen zaigulako eta Euskal Herrian hutsunea dagoelako; beharrezkoa da bestelako ikuspegia ekartzea. Bestalde, genero honen estereotipo guztiei aurre egin nahi diegu, kolektibo bakar bat ere baztertuko ez duten hitzak sortuz eta reggaetoi ez matxista egin daitekeela erakutsiz. Betidanik gizonek jorratu izan duten generoa denez, emakumeok ere reggaetoia egin dezakegula aldarrikatzen dugu, askatasunez eta taburik gabe adieraziz.
Sexismo handia dago reggaetoian ala gainerako estiloetan baino gehiago salatzen da?
Uste dut reggaetoia gehiago salatzen dela, abestien hitzak esplizituagoak eta sexualagoak direlako. Baina betiko beste estilo batzuk ere oso sexistak izan dira.
Reggaetoia, trapa eta antzeko estiloak euskaraz pixkanaka ari dira zabaltzen?
Olatu berria etorri da, talde berri asko. Pixkanaka zabaltzen ari dira, bai, eta jendeak gogo handiz hartu ditu.
Euskaraz reggaetoirik ia ez entzutea normala al zen? Zergatik du arrakasta?
Denborarekin, modak aldatu egiten dira, eta horrekin batera, musika. Normala da lehen beste musika mota bat entzun izana, urte batzuk barru egungoaren bestelakoa entzungo den bezala. Orain, reggaetoiak arrakasta handia du gazteon artean, horixe entzuten da gehien. Perreatzea gustatzen zaigu! Zer egingo diogu, bada?
Reggaetoia ez da zaharrunoentzat?
Lantaldean beste belaunaldi batekoekin jarduten dut: Jon Maia, Koldo Uriarte, Mikel Urdangarin... Nire musika belaunaldi horrek sortu du, nirekin batera. Ez nuke esango zaharrunoak direnik, baina belaunaldi hori ez dagoela reggaetoirako egina esaten da. Nik diot, ordea, musikarako ez dagoela adinik; zenbat eta musika gehiago entzun, orduan eta aberatsagoak gara, eta, bitartean dantza egiten bada, hobeto!
Mikel Urdangarin perreatzen jarri duzu?
Ez, baina horretan nabil! Dantzan jartzeko, eroskeria handia egin behar diodala esan dit, baina ez diot sinesten. Seguru nago etxean ezkutuan asko dantzatzen duela, kalera atera besterik ez du egin behar.

Di-da batean
Zerk alaitzen dizu eguna? Bazkari on batek!
Eta tristatu? Bakardadeak.
Zerk eragiten dizu barrea? Tontakeriak egiteak.
Eta negarra? Nerbioek.
Zerk haserrearazten zaitu? Gezurrek.
Bizio bat? Txokolatea, izan ditzakeen forma guztietan.
Zer izan nahi zenuen txikitan? Albaitaria.
Eta orain, zer ez duzu izan nahi? Medikua.
Musika estilo bat? Hip hopa.
Musikari bat? Nathy Peluso.
Non eskainiko zenuke gustura kontzertua? Viña Rocken.
Eñaut Mitxelena