Entzun, nahierara

podcast

Gero eta podcast gehiago egiten da euskaraz. Hainbat jite eta jatorritakoak, amateurrak nahiz profesionalak, soilagoak zein landuagoak, podcastak euskaraz entzuteko aukera ugaritzen ari da, norbanako, hedabide eta eragile asko hasi baitira halakoak egiten. Hazkuntza bizi dute, eta ez soilik Euskal Herrian. Nagusiki, AEBetan hazi eta garatu dira, baina loraldiak handik mundura egin du jauzi, eta urrats sendoz ari dira zabaltzen bai eskaintzari bai entzule kopuruari dagokienez. Izan ere, arrakasta izateko osagaiak badituzte RSS jario bidez sakelako eta ordenagailuetan erreproduzitzeko banatzen diren podcastek. Multimedia fitxategiak izan daitezkeen arren, audio fitxategiek dute hedapenik handiena. Nahi dena nahi denean, nahi adina eta nahi bezala kontsumitzeko aukera ematen dute; nahierara, alegia. Loraldi oparoa, bide eta aukera berriak dakartzana, hala hartzaileentzat nola sortzaileentzat. Eñaut Mitxelena, Esti Lanao.

oier“Podcast ekoizpenak kazetaritza eredu bideragarria lortzeko atetxo bat zabaltzen du”

Podcastfilia proiektuaren (podcastfilia.eus) sortzaile eta kide da Oier Aranzabal kazetari, musikari eta zinemagilea. Podcasten ekoiztetxea edo “audio ekoiztetxea” da Podcastfilia. Hazten ari den esparruan jarduteko sortu dute, “audioak euskaraz ahalmen ikaragarria duela ikusten dugulako eta audio ekoizpena gure bizibide egin nahi dugulako”.

Iaz sortu zuen Podcastfilia Aranzabalek, Xabier eta Martin Etxeberria anaiekin eta Cristina Tapiarekin batera. “Hainbat proiektutan lan egin dugun zenbait lagunok ikusi genuen bazegoela zer egin podcasten mundu horretan. Hainbat faktorek bat egin, eta hortik atera zen ekoiztetxea sortzeko ideia”. Lehendik ere, aritua zen Aranzabal podcasting jardunean, ZUZEU agerkari digitalean Zuzeu Podcast egitasmoa garatu baitzuen. Irratiaren eta podcasten zale porrokatua, bigarrenekin jarraitzeko aukera eman dio egitasmo berriak.
Lehen urratsak egiten ari da Podcastfilia, baina dagoeneko badituzte proiektu batzuk entzungai. Beste batzuk, aldiz, orain ari dira garatzen. “Interes handia dagoela sumatzen dugu, eta oso kontu berria dela. AEBetan, bada podcast sorkuntzaren inguruko industria, bada podcast ekosistema oso sendoa, entzule kopuru zabala; hemen, ordea, orain ari da gorpuzten: Euskal Herrian, jakina, baina baita Espainiako estatuan, Latinoamerikan eta Europako beste leku batzuetan ere. Sentsazio orokorra da hastapenetan gaudela”. Hori dela eta, arreta handiz jarraitzen diote AEBetan gertatzen denari, “hantxe dagoelako kontua garatuen; hangokotik ikasten ari gara, guk ere hemen proposamen erakargarri eta interesgarriak plazaratzeko”.
Euskaraz bidea egiteke dagoela uste du Aranzabalek. Euskaldunon merkatua txikia da, eta horrek desabantaila dakar “finantzabideak aurkitzeko eta errentagarriak, bideragarriak, izateko”. Haatik, audio ekoizpenaren kasuan, salbuespen hau nabarmendu du: “Audioa jorratzen duten hedabideek, orain arte irratiek, alegia, badituzte gaztelaniazko hedabideen entzuleriarekin homologa daitezkeen entzuleak”. Euskadi Irratiaren entzule kopurua aipatu du, gaztelaniazko irratiekin parekagarria dela esanez. “Hainbat arrazoi dago horretarako. Garrantzitsuena, euskaldun berrientzat, euskara hartzaileentzat, euskaraz alfabetatu gabe daudenentzat... askoz ere lagungarriagoa dela audioa entzutea. Euskadi Irratiak lan asko eginez lortu du audio entzuleria oso sendoa izatea, eta, gure ustez, gauza bera lor dezakegu guk on demand audio sorkuntzan. Hau da, podcast ekoizpenean edo on demand irratigintzan”.
Azken bi urteotan, euskarazko podcast mordoxka sortu da. Aranzabalek gogora ekarri duenez, 2006. urte aldera “lehen olatua izan zen, orduan sortu zituzten lehen podcastak euskaraz, Gorka Juliok eta hainbat blogarik. Garai hartan, podcast sorkuntza ez zen masiboa. Orain, aldiz, bigarren olatuan, bat-batean beste tamaina bat hartu du, on demand sukarrak bultzatuta. Bada, sukar hori ez da desagertuko”.
Aranzabalen ustez, podcasten loraldiak ez du etenik izango. Hau da, ez omen da modu kontua: “Nire ustez, on demand munduan bizi gara, eta halaxe jarraituko dugu. Ez dago hori aldatuko duenik. Joera nahiko nabarmena da. AEBetan lehertu zen, eta leherketa hona datorrela iruditzen zait. Gainera, geldiezina da. Kontua da norantz egiten duen”. Loraldi honetan, streaming plataformen ereduaren gainean ari da podcast ekoizpena hazten, baina arriskuak ere ikusten dizkio Aranzabalek. AEBetan gertaturikoa aipatu du: “Orain, podcast bat plataforma guztietara une berean igo dezakezu, dohainik. Hala ere, plataforma handiak podcastak, edukiak, esklusiboki erosteko apustua egiten ari dira. Izan ere, horrela, beren katalogoan eskaini ahal izango dituzte, beren plataformetan baino ez. Ea ez duen inork kontrola hartzen; espero dut  sortzaileok jarraitzea gure edukiak kontrolatzen. Ea ez den jazotzen, halaber, streaming plataformetan musikarekin gertatu dena, hots, oso enpresa gutxiren eskuetan egotea, ezin gaizkiago ordainduta...”. Edozelan ere, “nahiko” baikorra da Aranzabal, “podcast esparrua kontrolatzea oso zaila delako”. Batez ere, podcasten ezaugarri bereziengatik. RSS bidez banatzen dira, eta “oso sistema demokratikoa da; horrek galarazi du, orain arte, inork kontrola hartu izana. Ikusi beharko haizeak norantz jotzen duen”.
Arrakastaren arrazoiez itaunduta, hainbat aipatu ditu Aranzabalek. “Batetik, audioak baduelako zer hori, hilezkorra egiten duena; irratia ez da hilko”. Bestetik, “entzuketa pasiboa eskaintzen du; hau da, ez zara pantaila bati begira egon behar”. Horrez gain, “audioak aukera ematen dizu, komikiak edo literaturak bezala, munduak imajinatzeko eta sortzeko; modu aski errazean, gainera”. Horri on demand izaera gehitu dio. “Nahi duzuna nahi duzunean kontsumitzeak, emisioak berezko dituen jarraitutasun eta abiaduraren mende ez egoteak, eduki oso erakargarriak sortzea ahalbidetzen dizu, hainbat tresna narratibo erabiliz”. Irudiaren aroan bizi garen honetan, “hori ez da aldatuko, segur aski, baina audioak pisu handia hartuko duela, seguru, oraingoa baino handiagoa”. Garapen hori, gainera, kazetaritzaren mesederako izan daitekeela uste du: “Iruditzen zait kazetaritzan erronka nagusia, orain, eredu jasangarri eta eramangarria sortzea dela. Bada, podcast ekoizpenak eredu bideragarria lortzeko atetxo bat zabaltzen du”.

maite

“Begiradak zabaltzeko oso plataforma erabilgarria dira podcastak”

Euskal gizartea podcasten bigarren loraldia bizitzen ari dela dio Maite Goñik (Ordizia, 1967). Bereziki hezkuntzaren arloari begira, tresna oso erabilgarritzat hartzen ditu, eta gaur egun mimoz eta txukuntasun handiz sortzen diren edukiak balioesten ditu.

Teknologia abiadura bizian garatzen ari da, eta informazioa jasotzeko, zabaltzeko edo elkarbanatzeko gero eta aukera gehiago ditugu. Gainera, ezin dugu ukatu gure erosotasunera moldatzen ari direla, arazorik gabe. Podcastei dagokienez, hori da, hain zuzen ere, Maite Goñi Mondragon Unibertsitateko irakasleak gehien baloratzen duena: “Bateragarria da aldi berean ataza ugari egin behar dituzunean, eta hori da gauza zoragarrienetako bat. Berdin dio autoan edo gimnasioan bazaude, edo arropa lisatzen ari bazara, edozein tokitan entzun dezakezu, lagundu egiten zaitu”.
Baina zerk bereizten du irratitik? “Bada, besteak beste, ez zoazela zu informazio edo eduki horren bila, hura dator zuregana”. Irratian, azken finean, komunikabideek eskaintzen dituzten edukietara egokitu behar dugu; hau da, batzuetan, gustuko ez dugun zerbait entzun behar dugu, edo, bestela, irratia itzali. Kasu honetan, ordea, norberak nahi duena entzun dezake, eta, ezin badu podcasta jarraitu, gelditu eta beste egun batean utzi zuen une edo toki beretik jarrai dezake. Ezaugarri hori nabarmentzen du irakasleak: “Nik uste dut ikusteko, entzuteko edo irakurtzeko hainbeste gauza dagoen momentu honetan oso garrantzitsua dela zure edukia hautatzea”. Era berean, norberaren gogo eta umorearen araberako zerbitzua dela deritzo Goñik: “Ez daukazu zain egon beharrik. Nahi izanez gero, beste kapitulu batera salto egin dezakezu, zeuk egokitzen duzu”. Gainera, oso tresna baliagarria da ezagutza zabaltzeko: “Oso-oso interesgarria iruditzen zait, hezkuntza munduan jarduten dudan aldetik, egunero-egunero zerbait ikastea ahalbidetzen duelako. Ez da entzutea bakarrik; egunero zerbait barneratu nahi baduzu, datu horiek pilula txikitan jasotzeko modua da. Finean, begiradak zabaltzeko oso plataforma erabilgarria da”.
Horrez gain, aintzat hartzekoa da eduki horien sortzaileak ez direla beti profesionalak: “Edonork egin dezake, eta nik uste dut inportanteena dela, alde teknikotik gutxieneko ezagutza izatea baino, esateko zerbait izatea”. Mezua transmititzen duenaren pasioa azpimarratzen du Goñik: “Normalean, entzuten dugun informazioa gauza askori buruzkoa eta orokorra izaten da. Podcasten kasuan, ordea, eduki espezializatua izaten da, ezagutza arlo zehatz baten gainekoa; eta kontalaria, oro har, aditua. Hortaz, ezagun duzun zerbaitez ari zarenean, pasioa transmititzen duzu ezinbestean, eta nabari da”. Horregatik, baliabide oso ahaltsua dela uste du irakasleak: “Jendearen gustuak oso ezberdinak dira, eta, beraz, komunitate txiki, baina sendoa, sor dezakezu”.
Bestalde, ezin ukatu podcast bidezko edukiak ugariagoak direla azkenaldian. Gizartea informazioa nahierara kontsumitzera ohitu da, baina joera hori plataformek ematen dituzten erraztasunekin lotzen du Goñik, ez moda bihurturiko zerbaitekin: “Nik uste formatu hau geratzeko eta garatzeko etorri dela, eta formatuak berak ematen dituela aukerak. Gaur egun, dena daramagu sakelako telefonoan, konexioak azkarragoak dira, eta, ondorioz, errazagoa da kontsumitzea”. Horrez gain, Interneten beharrik gabe ere entzun ditzakegu audio artxibo hauek, aurretik deskargatzen baditugu. Hala ere, gure gizarteari martxa hartzea komeni zaiola uste du Goñik: “Booma edo moda den ala ez, ez dakit. Baina zentzu horretan  oso berandu goazela bai, hori ziur”.
Izan ere, gaztelaniazko edo ingelesezkoak ez bezala, euskaraz oso podcast gutxi ditugu eskura oraindik, eta kontsumoa orain areagotzen ari da. Alabaina, ez da azken urteotako kontua: “Bigarren loraldian gaudela esan daiteke. Podcastak ez dira berriak, lehen ere baziren, nik 2005. edo 2006. urteetatik aurrerakoak gogoan ditut. Dena den, badirudi orain zainduagoak egiten hasi garela eta publikoak bere tokian jarriko dituela”.
Horregatik, edizio lan txukuna oso garrantzitsua delakoan dago Goñi: “Ez da, besterik gabe, pertsona bat euskaraz hitz egiten grabatzea eta gero plataformara igotzea. Gauza zainduagoa egin nahi baduzu, oso inportantea da podcastak mimoz egitea. Hau da, lan edizio txukuna, etenekin, musikarekin, efektuekin, etab.”.

egoitz

“Sinkronia bilatu behar da podcastak sortzen eta entzuten dituztenen artean”

Tropela elkarteko kide da Egoitz Lizaso, eta, ahal duen guztietan, Podcastak.eus webgunea elikatzeaz arduratzen da. Zaletasuna du  audio artxibo horiek igotzea, baina jakin badaki sekulako ekarpena egiten diotela euskararen erabilera eta kontsumoari.

Webgune gaztea da Podcastak.eus. 2017ko abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunean, alegia, sortu zuten proiektua Egoitz Lizasok eta Tropela elkarteko kideek. Aurrekariak ere baditu, ordea; izan ere, duela hamarkada bat grabatu zuten Tropelaren webgunean lehenengo podcasta: “Garai hartan, euskaraz jarduteko gune bat sortu nahi genuen, euskara, teknologia eta txirrindularitza ardatz hartuta”. Urteek aurrera egin ahala, igotako podcastak erakarmena izaten hasi ziren, eta euskaraz ekoizten diren mota horretako eduki guztiak biltzea eta ikusaraztea beharrezkotzat jo zuten. Podcastak.eus izan zen emaitza.
Baliabide gutxirekin eta lantalde zehatzik gabe ateratzen dute aurrera gunea: “Automatikoki gehitzen ditugu edukiak, biltegi batean gordeta ditugunen artean hautatuta; gero, saio bat eransten dugun bakoitzean, Twitterren agertzen da txiokatuta”. Horrez gain, ahal duten moduan antolatzen dira Tropela elkarteko kideak: “Nik podcastak grabatzeko ardura hartu nuen, eta hilero bat argitaratzea da asmoa, baina zaila da”. Izan ere, zaletasuna dute, ez ogibidea.
Horregatik, beharbada, ez dute kontuan hartzen zer-nolako irismena izan duten eta izaten ari diren: “Egia esan, ez gara kezkatu ea webgunea ondo doan edo jende askok erabiltzen duen. Une honetan, gure interesa ez da hori, baizik eta jatorrizko helburuak betetzea, hau da, jendeak jakin dezala hauxe dela euskarazko podcastak bilatzeko lekua”. Badirudi bide onetik doazela, webgunearen sorreratik babesa eta kolaborazioak areagotu egin baitira. Besteak beste, ZUZEU, Berria eta Argia hedabideek eskegi dituzte beren podcastak. Komunikazioaren ikuspuntutik, hori gehigarri bat izaten ari dela uste du Lizasok: “Elkarri entzuteak elkar elikatzen laguntzen digu, eta, zentzu horretan, komunitate moduko bat sortzen dugu; agian, ez datoz Berria edo Argia irakurtzen duten pertsonak, baina bai haien podcastak entzuten dituztenak”. Nahi gabe, ekarpen oso handia egin diote euskararen erabilera eta kontsumoari.
Dena den, azkoitiarraren ustetan, arrakastaren gakoa beste nonbaiten dago: “Webgunean baino, oraingo booma euskaraz sortzen ari den gero eta podcast kopuru handiagoan dago”. Izan ere, oraindik gutxi izan arren, euskarazko materiala egon badago, eta ikusaraztea dute asmo nagusia. Horrez gain, jorratzen dituzten gaien berezitasuna ere nabarmendu nahi izan du Lizasok: “Hedabide handietan denborarik edo tarterik ez duten gai zehatzen gainean hitz egiten dugu, eta badakigu badagoela informazio hori nahi duen jendea”.
Hala ere, ez dute uste podcasten munduko aitzindariak direnik: “Egia da jarraitutasuna eman diogula eta webgunea mantendu dugula, baina ez gara podcastak sortzen lehendabizikoak izan”. Beharbada, ez zuten tresna asmatu, baina etorkizunari begira asmo handiak dituzte, goranzko joera ikusita. Bide horretan, beste gauza batzuen artean, Podcastak.eus erreferente bihurtu nahi dute euskarazko podcast ekoizpenean: “Halako zerbait oso berri ona izango litzateke euskalgintzarako, teknologiak aldatuz doazelako eta esparru honetan euskarazko komunikazioari eustea beharrezkoa delako”. Baina horrelako helburuak betetzea zaila da, edo ezinezkoa, akaso, baldin eta entzulerik ez badago. Horregatik, alde biek bidea batera egitea garrantzitsua dela uste du Lizasok: “Sinkronia bilatu behar da podcastak sortzen eta entzuten dituztenen artean. Azken finean, podcast bat sortzea eta entzulerik ez izatea izango litzateke motibazioa galtzeko modurik onena”. Azalean, behintzat, ez dirudi euskal gizarteak arazorik izango duenik egoera eta tresna berrietara moldatzeko. “Ikusi beharko oraingo boom honek aurrera jarraitzen duen ala moda besterik ez den. Hori inportantea da”.