“Ikasitakoa erabiltzea ezinbestekoa da, barneratzeko”

zelanJaume Gelabert
(Palma, Mallorca, Herrialde Katalanak, 1971)
Lehenik Altsasun eta ondoren Iruñerrian, 1998tik Nafarroan bizi da Gelabert. Hasieratik, euskaraz. Zaragozan (Espainia) ikasi zuen, albaitaritza ikasketak egin bitartean. Egun, euskara irakaslea da Iruñeko Hizkuntza Eskola Ofizialean. Horrez gain, iritzi zutabea idazten du Berrian, ostegunero.

Nolatan iritsi zinen euskarara?
Lehenengo harremana aitaren bidez izan zen, nik 10-11 urte nituela. Gasteiza joan zen lan kontuengatik, eta bueltan Euskal Herriko historiari buruzko liburu bat ekarri zuen, gaztelaniaz eta euskaraz. Hartu, eta konparatzen hasi nintzen; bitxia iruditu zitzaidan. Gerora, oraindik txikia nintzela, euskaldun batzuk etorri ziren Palmara ikastaro bat egitera, aitak kudeatu zuena, eta haiekin harremana izan nuen. Zaragozara albaitaritza ikastera joan nintzenean, lehenengo egunetik hasi nintzen harremanetan euskaldunekin. Berehala haiekin elkartu, koadrila egin, eta hantxe ikasi nuen euskara. Izan ere, Euskal Kultur Taldeak eskolak ematen zituen Zaragozan, eta izena eman nuen. Oso giro ludikoan ikasi nuen, oso ongi pasatu nuen. Karrera bukatutakoan, Altsasura joan eta iritsi bezain pronto AEKn hasi nintzen. Herrian, euskaraz egin nuen bizimodua aurreneko egunetik.
Zergatik erabaki zenuen euskara ikastea?
Ez dakit! Hasieran, aitak ekarritako liburu hark erakarri ninduen; gero, euskaldun haiek ezagutu nituen; hizkuntza berezia  iruditu zitzaidan... Ez dakit oso ongi zergatik.
Nolakoa izan da prozesua? Ludikoa izan zela aipatu duzu.
Erabat. Batzuetan, ikasle batzuengan etsipena ikusten dugu, edo egundoko ahalegina egin behar izaten dutela... Beste premia edo behar batzuk izaten dituztelako, akaso, baina nire prozesua oso-oso atsegina izan da beti, gozamena. Tira, ikasten jarraitzen dut.
Zer izan da errazena?
Azkar erabiltzea! Nahiko natural atera zitzaidan euskara. Noski, akatsak egiten nituen, baina haien bidez ikasten nuen. Nire ikasleei beti esaten diet: ikasteko, ezinbestekoa da akatsak egitea; ez dakienak akatsik egiten ez badu, seinale txarra. Horrek esan nahi du ez duela erabiltzen, eta horrela ezinezkoa da hizkuntzak ikastea. Nire kasuan, Zaragozan, 20 urterekin eta ikasle garaian, asko ateratzen ginen gauez. Lagun euskaldunekin, ikasten nuen guztia botatzen nuen, arazorik eta konplexurik gabe. Horixe izan zen niretzat errazena, baita gozamena ere.
Erabiltzen duzu?
Bai. Lanean, eta etxean... ez nahi bezainbeste. Gehiago erabili beharko genuke familian, baina bueno, bestela bai, ahal dudan esparru guztietan erabiltzen dut.
Une barregarriak ere emango zizkizun...
Altsasuko euskaltegian hasi nintzenean, elkarrizketatxo bat egin zidaten zein urratsetan abiatu behar nuen erabakitzeko. Euskaldun zaharra ote nintzen galdetu zidaten, eta, euskaltegikoek Mallorcakoa nintzela bazekitelakoan, "bueno, 27 urte besterik ez dut" erantzun nien. Txantxak ez zuen arrakasta handirik izan.
Gustuko hitza edo esamoldea:
Patxada. Gustuko dudalako eta behar dudalako, batez ere azkenaldi honetan!
Trikimailuren bat:
Asko irakurri nuen hasiera-hasieratik, eta musika euskaldun asko ere entzuten nuen Zaragozako garai haietan. Eta, noski, beti saiatzen nintzen ikasitako guztia ahal bezain pronto erabiltzen. Hau da, ulertu ondoren, produzitu egiten nuen. Horrek ere asko lagundu zidan. Nire ustez, ikasitakoa erabiltzea ezinbestekoa da, barneratzeko.