Gaur-gaurkoz, ziur zaude COVID-19aren aurkako txertoa jarriko duzula?

 

ikamika

COVID-19aren kontrako txertoa hizpide izaten ari da azkenaldian. AEBetan eta Erresuma Batuan, kasu, abenduan hasi ziren txertaketa kanpainak, eta Euskal Herrian ere faseka txertatuko dute jendea, hil honetan hasita. Txertoaren onarpen masiboa ezinbestekoa izango da eraginkorra izan dadin, baina hain azkar garatu izanak eta horretan ari diren enpresa askok informazio osaturik ez emateak zalantzak sortu ditu askorengan. Zuen kasua da ala prest zaudete txertoa jartzeko? Basauriko Bolintxu AEK euskaltegiko C1 mailako taldea

1 Zuriñe.
Zalantza izpirik gabe jarriko nuke! Normaltasunera itzultzeko desiratzen nago, oso gogorra egiten ari zait egoera hau, eta txertoa da, momentuz, bide azkarrena. Hortaz, nire duda eta beldur guztiak alde batera utzi, eta atera bezain azkar txertoa jartzera joango naiz!
2. Paula
Bai, baina ez dagoelako beste erremediorik. Oraindik ez dago guztiz frogatuta eraginkortasuna, baina momentuz dugun tresna fidagarriena da. Gainera, zientzialari asko aritu da lanean ahalik eta azkarren merkaturatzeko, eta horrek ziurtasuna ematen dit.
3. Jon S.
Nahiz eta guztiz seguru ez egon, printzipioz bai, jarriko nuke. Maite ditudan pertsonak babestu eta zaintzeko jarriko nuke: gurasoak, aitona-amonak, neba-arrebak... Beraz, txertoak harreman sozialak normaltasunez egiten lagunduko badigu, nik ez nuke zalantzarik izango!
4. Liher
Ez daukat oso argi; lehenik eta behin, gustatuko litzaidake dituen albo ondorioak zeintzuk diren ikustea. Ondo funtzionatzekotan, jarriko nuke; hala ere, uste dut goizegi dela txertoa eraginkorra izango ote den jakiteko.
5. Janire
Ez, inondik inora! Momentuz froga nahikorik ez dagoela uste dut. Gainera, atzean interes ekonomiko handiak daudelakoan nago. Ezinezkoa da txerto eraginkor bat lortzea urte baten buruan! Gizartea kontrolatzeko helburuz egiten ari diren kanpaina “iluna” dela uste dut.
6. Maria
Bai, duda barik! Ez nuke birritan pentsatuko! Egoera honekin amaitu, nire bizitza berreskuratu eta normalitatera itzuli nahi dut. Horretarako bide azkarrena txertoa bada, aurrera! Ni prest nago “arriskatzeko”; gaztea naiz eta bizitzaz berriro gozatu nahi dut.
7. Asier
Eraginkorra bada jarriko dut, baina ez nau gehiegi konbentzitzen. Jarriko dut zientifikoki frogatuz gero balekoa dela eta albo ondorio larririk ez duela. Ez naiz oso baikorra, uste baitut “txertoen lasterketa” honen atzean interes ekonomikoak ezkutatzen direla.
8. Jon M.
Nik zalantza barik jarriko nuke, batez ere ingurukoen osasuna babesteko. Ez nuke nahiko nire erruz etxekoren bat gaixotzea. Besteengan ere pentsatu beharra daukagu.
9. Iker
Nik jarriko nuke, baldin eta behartzen bagaituzte. Ez naiz txertoaren aldekoa, baina ulertzen dut agian bidaiatzeko edo beste herrialde batera joateko beharrezkoa izatea. Oso bidaiazalea naizenez, kasu horretan soilik jarriko nuke.