Gertuko energia iturriak, herriaren onurarako

lasierra

Lasierra komunitate energetiko gisa eratu da, eta panel fotovoltaikoak jarri dituzte bertako herritar guztiei argindarra emateko. Araban, hainbat herrik energia iturri berriztagarriak baliatzen dituzte, bizilagun guztien mesederako. Jon Rejado.

Lasierra, Erriberagoitia udalerriko herria, prest dago eguzkiari esker lortutako argindarra baliatzen hasteko. 76 plaka fotovoltaiko ezarri dituzte herriaren goiko aldean, gehienez 30 kW ekoizteko gaitasunarekin. Azken tramiteak baino ez zaizkie falta azpiegitura horren energia jasotzeko. Hori konpontzen duten unetik aurrera, herrian erroldatutako hamabost bizilagunak eguzkira konektatu ahal izango dira, haren bitartez eskuraturiko energia baliatzeko.
Herria Tuyoko mendilerroaren hegoaldeko isurialdean dago, eta eguzkiak goizetik iluntzera arte jotzen du bertan. Iñaki Gonzalez Lasierrako Administrazio Batzordearen presidenteak azaldu digu aspalditik zutela argi hori guztia energia berriztagarri bihurtzeko ideia, herritarrek kontsumi zezaten. “Koronabirusak eragindako itxialdian, are gehiago hausnartzeko aukera izan genuen”. Behin-behineko kalkuluen arabera, argindarraren faktura erdira murriztuko dutela aurreikusi dute, autokontsumoa baliatuta.
Esan bezala, Lasierran hamabost bizilagun daude erroldatuta, eta, guztira, hamar argindar kontagailu dituzte, zerbitzu publikoak ere kontuan hartuta. “Konektatzeko aukera genuen erabiltzaile guztiok sartu gara, hasieratik, energia komunitatean” dio Gonzalezek. Dena den, ez dira argindar sare orokorretik deskonektatuko, gauez panel fotovoltaikoek ez dutelako argindarrik ekoizten, besteak beste. “Panelek argindarra sortzen dutenean, ekoizten den guztia kontsumitzen saiatuko gara, herritarren eta zerbitzuen beharren arabera egoki banatuta”.
Energia banatzeko modua azaltzeko, adibide bat jarri du Gonzalezek. Mendi Haran ur partzuergoak ur ponpa bat du Lasierran, zeinak Añanako Kuadrillako 23 udalerri hornitzen dituen. Bada, partzuergoak argindar kontsumo handiena duenez, Mendi Haranek hartuko du argindar gehien panel fotovoltaikoetatik. Gainerako herritarrek haien beharren arabera erabiliko dute eguzkiaren energia elektrikoa. “Kontsumitzen ez duguna sare orokorrera bidaliko da, eta, horren bitartez dirua lortzen bada, komunitaterako izango da”.  
Proiektua Lasierrako herri batzarrak sustatu duen arren, Mendi Haranek hartu zuen ekimena. Partzuergoak egin zuen proposamena, eta, behin onartuta, Emasp argindar kontsumoko kooperatibaren laguntza izan dute egitasmoa garatzeko: informazioa, babes teknikoa… Are gehiago, Lasierrako energia komunitateko kide guztiak Emap kooperatibako kide egin dira, eta horren barruan sail bat osatu dute: “Horrela, herriarekin loturiko gaiei dagokienez, autonomia handiagoz jokatzeko aukera izango dugu”.
Herriko lurretan eraikia
Lanak egiteko orduan, herri batzarrak asmo garbia izan zuen hasieratik. “Proiektuaren jasangarritasuna bilatu genuen: herriko lurretan kokatu nahi genuen azpiegitura, aurretik erabilita zegoen leku batean, nekazaritzarako lur egokiak hartu gabe”. Herriaren goialdeko ur biltegian jarri dituzte plaka fotovoltaikoak, eta bertatik banatuko diete argindarra herritar guztiei, aparteko lanik egin gabe; ur biltegitik metro gutxira, etxe guztietara heldu ahal izateko lotura dago.
“Kasualitate on asko gertatu dira” aitortu du Gonzalezek. Izan ere, azpiegiturak muga bat du: argindarra ekoizten den lekutik 500 metroko radioan dauden argindar kontagailuak baino ezin dira konektatu. Herriko etxe guztiak daude eremu horren barruan. Halere, muga horrek aukera batzuk ezindu dituela aitortu du Gonzalezek. “Nubilla herria oso gertu dago, baita hango lurretan dagoen kanpina ere, baina 500 metrora baino urrunagora”.
Lan horiek guztiak egiteko inbertsioa 40.000 eurokoa izan da, gutxi gorabehera. Horren zati bat hainbat administrazioren dirulaguntzei esker ordaindu dute: Euskadiko Energia Erakundea, Arabako Foru Aldundia eta Europako Leader programa. Gainontzekoa energia komunitateko kideek jarri dute. “Beste dirulaguntzaren bat lortzen badugu, dirua itzuli egingo zaie; bestela, amortizazio plan bat dugu, inbertsioa pixkanaka ordaintzeko”.
Biomasa nagusi mendialdean
Gaur egun, Euskal Herrian, gero eta herri gehiagok jotzen dute autokontsumora eraikin publikoetarako: plaka fotovoltaikoak argindarra lortzeko, biomasa berotzeko... Dena den, proiektu gutxi dira Lasierrakoa bezalakoak, alegia, energia berriztagarria etxe guztietara eramaten dutenak. Hori egin zuen lehen herria Okina izan zen, 2012. urtean: etxe guztiei eskaini zizkien ur beroa eta beroketa sistema, biomasaz elikatutako galdaren bitartez.
Mikel Polok, Okinako administrazio batzarraren presidenteak, egitasmoa nola abiatu zuten gogoratu du. Saneamendu sarea hobetzeko lanetan, hiri gasa eraman behar zuten etxeetara. “Bonbona handi batetik atera behar ziren tutuak, bizilagun guztiei eskaintzeko. Garai hartan, ordea, erregai fosilak oso garestiak ziren, beraz, beste aukera batzuk aztertu genituen”. Besteak beste, herri osorako biomasa galdarak baliatzea, eta, azkenean, horren alde egin zuten. Izan ere, Okina Gasteizko Mendien erdian dago, basoz inguratuta.
Bi galdara dituzte, eta horietatik bat etengabe ari da lanean; ura berotzen du, eta tutu sare baten bitartez eramaten dute etxeetara, bai etxea bai bertako ura berotzeko. Herrian, pozik daude egitasmoarekin. Edonola ere, proiektua baldintzatzen duten erabaki batzuk hartu zirela azaldu digu Polok: “Lanez arduratu zen ingeniaria tematu egin zen, eta orduan biomasa galdaretara konektatu ez ziren bizilagunek gerora ez dute bat egiteko aukerarik izan, ez dutelako gertuko loturarik”. Galdarek 30 etxebizitzari baino gehiagori zerbitzua eskaintzeko ahalmena dute, baina dozena bat besterik ez dago konektatuta. “Gastua gehiagoren artean zatituko bagenu, errentagarriagoa izango litzateke”.
Horrez gain, lehenengo urteetan, inguruko basoetatik lortzen zuten galdarak elikatzeko biomasa. Herritarrek eurek garbitzen zuten basoa, bildutako egurra herrira eramaten zuten, enborrak ezpal bihurtu eta erre egiten zituzten. Azken urteotan, aldiz, ezpalak kanpotik ekartzen dituzte. “Adineko jendearentzat lan horiek neketsuak eta arriskutsuak izan daitezke; hortaz, erosotasuna lehenetsita, gastua handitu egin da”. Okinako bizilagunek zailtasun horien berri eman diete halako proiektuak abiatu dituzten herriei, Sabandori eta Erroitegiri, kasu.
Sabandon, denen eskura
Sabandon, 2014ko azarotik dago martxan Okinakoaren moduko sistema bat. 40 bizilagun daude erroldatuta bertan, eta 23 etxe daude sarera konektatuta. Halere, etorkizunean, gainerako herritarrek galdarara konektatzeko aukera izango dute, beroketa sarea etxe guztietako atarietara eraman baitzuten. Sare zabala izateak arazo bat eragin die: “Argindarraren faktura asko garestitu da; horri aurre egiteko, panel fotovoltaiko batzuk jarri nahi ditugu galdaren eraikineko teilatuan” dio Enrique Elizondo Sabandoko bizilagunak.
Bestetik, Sabandoko herritarrek inguruko basoetako zuhaitzak baliatzen dituzte galdarak elikatzeko. Hango basozainak adierazten du zein zuhaitz bota daitezkeen inguruko pagadi eta hariztietan. Ondoren, herri batzarrak langile batzuk kontratatzen ditu enbor horiek mozteko eta herrira jaisteko. Azkenik, makina bat alokatzen dute enborrak ezpal bihurtu eta galdaren ondoko biltegietan pilatzeko. Horri esker, herri inguruko baliabide berriztagarria -basoa- baliatzeaz gain, onura ekonomikoa sumatu dute: berogailuaren faktura erdira murriztu dute, gutxi gorabehera. “Galdaren gainean egon behar dugu, baina gaur egun oso pozik gaude”.