Bitxikeria

giltzarrapoMaitasuna irudikatzeko giltzarrapo gehiagorik ez Parisko zubietan

Pasadizo isolatua zirudiena arazo bilakatu denez, Parisko Udalak debekatu egin du hiriko zubietan “maitasun giltzarrapoak” ipintzea. Azken urteotan, Parisen ez ezik, munduko beste zenbait hiritan ere ohitura bilakatu da zubietan “maitasun giltzarrapoak” deiturikoak jartzea, batik bat turisten artean. Hots, maiteminduta dauden bikoteek, euren maitasuna irudikatzeko, giltzarrapoak lotzen dituzte zubien barandetan. Haatik, ohitura bihurtzearekin batera, arazo ere bilakatu da leku askotan. Parisen, esaterako, iragan ekainean Pont des Arts izeneko zubiaren eskudel zati bat erori egin zen giltzarrapoen gehiegizko pisuak eraginda. Arazoari aurre egiteko, kandaduak debekatu ditu Parisko Udalak. Horren ordez, maiteminduei gonbitea egin die selfie deritzen argazkiak atera eta Interneten paratzeko. Horretarako, lovewithoutlocks.paris.fr gunea eta #lovewithoutlocks Twitter-eko hashtag-a sortu ditu. Era berean, eranskailuak jarri dituzte zubietan neurriaren berri emateko. Proposamen berria martxan jartzearekin batera, giltzarrapoak kenduko dituztela jakinarazi du Parisko Udalak. Hori bai, ez du adierazi noiz kenduko dituzten. Gainera, baranda berriak diseinatuko dituzte, giltzarrapoak ipintzeko aukerarik eskaini ez dezaten. Hala, ohitura horrekin bukatu nahi dute. Izan ere, antza, Parisko zubiek ez dute hainbeste maitasun jasateko gaitasunik...