“Aldizkari guztiz askea zen, zirikatzailea eta freskoa”

posterra

2021. urtearen bukaeran, AIZU!k
40 urte beteko ditu. Horren harira, aldizkariaren historian argitaraturiko hainbat kontu ekarriko ditugu hona, hilero.

AIZU! aldizkariaren 0 zenbakia kaleratu zenean, 1981eko abenduan, Erramun Landa Mendibe (Ea, 1958) Arte Ederretako ikaslea zen, soldaduska amaitu berria. Egun, Erramun Mendibelanda (ama hil zitzaionean hartu zuen izen artistikoa) Arte Ederretako irakasle erretiratu berria da. Tartean, ibilbide oparoa egin du pinturaren, ilustrazioen, grabatuen eta kartelen arloan. Espainiako Grabatuko Sari Nagusia ere eman zioten, 2008an, baina hori beste istorio bat da.  M. Egimendi.

AIZU! aldizkarian ere aritu zen Erramun, hasiera-hasieratik 1990eko udaberrira arte: ilustrazioak egiten, aldizkaria maketatzen, azalak diseinatzen… Artxiboko aldizkari zaharrak aletzera ekarri dugu gurera, batailatxoak gogoratzera eta kontatzera. Eta, bide batez, berak egindako bost azal aukeratu ditu artikulu honen azpiko zinta osatzeko.
Erramunek dioenez, Alberto Ugartek (duela urte batzuk hil zen) batu zituen egitasmoan parte hartu zutenak: “Deustuko Unibertsitatean, Euskal Filologiako ikaslea eta Euskal Kultur Mintegiko euskara irakaslea zen, eta bere inguruan hainbat lagun bildu zituen, baita Arte Ederretakoak ere, egitasmoa martxan jartzeko”. Arte Ederretako ikasle Jabi Ubierna ere tartean zen, eta “lagun minak ginenez, hark proposatu zidan talde grafikoan parte hartzea”.
Bilera asko egiten omen zituzten: “Denon artean pentsatu zertaz hitz egin, zer artikulu geneuzkan begiratu… antolakuntza handia geneukan lanean. Eta AIZU! izena ¡Hola! aldizkarian inspiratuta hartu genuen, kar-kar!”. Aldizkari “guztiz askea” zela dio, “zirikatzailea eta freskoa”. Hori guztia garai hartako testuinguru sozial, ekonomiko eta politikoan.
Aldizkaria maketatzeko, Ubiernak prestatutako orrialde handiak erabiltzen ei zituzten, eta haietan itsasten zituzten, banan-banan, argazkiak, ilustrazioak, marrazkiak, testuak… Artaziak, espraiak eta margoak zituzten lan tresna, eta fotomekanikatik ekarritako paperezko biribilki luzeak ere bai: “Idazkiak jasotzen genituenean erabakitzen genuen nolako zabalerarekin eta zein letra tiporekin nahi genituen aldizkarian, eta Creza fotomekanikan inprimatzen zizkiguten”. Gero, adabakiz betetako orrialde haiek osatzen zuten paper meta handia hartu, “eta inprentara abiatzen ginen, taxian edo!”. Lan mota horren ondorioz, gelako horma guztiak, baita zorua ere, paperez josita edukitzen zituztela dio: “Behin, lapurrak sartu zitzaizkigun, eta udaltzainek, hura ikusitakoan, uste izan zuten lapurrek utzitako anabasa zela, kar-kar!”.
Aspaldiko kontuak dira, bai. AIZU!, gaur egun, ordenagailuz maketatzen da, eta posta elektronikoz bidaltzen da inprentara. Ez dira alferrik joan ia 40 urte!