Lurra eta lurretik elikatzearen hautua

behorlegi

Autosufizientziaren alorrean, buru-belarri ari dira Behorlegiko (Nafarroa Beherea) Intxauspea baserriko Odei Bimboir eta Gorka Torre. Urte osoan baratzetik bizitzea lortu dute, eta, bizi eredu horren gibelean, komunitatearen indarra berreskuratzeko eta egungo ekoizpen sistemari alternatibak bilatzeko asmo osoa adierazi dute. Inhar Iraizotz.

Natura bihurtzeko gaitasunak (hau da, lanak) egin ohi gaitu gizaki. Hori defendatu zuen idealismo filosofikotik askatu eta oinak lur materialean ezarri zituzten pentsalariek. Horren erakusgarri, “kultura” hitzaren etimologia, zeina latineko cultus (laborantza) hitzaz eta -ura (ekintzaren emaitza) atzizkiaz osatua den. Gaur egun, ordea, lan jardueran agintzen duen kapitalismoa eta haren teknifikazio maila gero eta handiagoa direla medio, nehoiz baino arrotzagoa zaigu langileoi gizaki egiten gaituen hori: lana. Izan ere, ekoizpen eredu honetan, soldataren truke, langileari bere lanaren gaineko ekinbide librea eta bere ahaleginaren produktua erauzten zaizkio.
Odei Bimboirek eta Gorka Torrek, ordea, ez dute haien familian kultura hitzaren jatorrizko adiera galdu nahi izan. Duela hamarkada bat hasi ziren lurra lantzen eta autosufizientziaren bidean lehen urratsak egiten. Bertako hazi barietateen berreskurapenetik hasita, “gure bizi prozesuaren jabe izatea genuen helburu, naturarekin zuzenean harremanetan lan eginez, esplotazioan oinarrituriko lana saihestuz eta ingurumenari dagokionez, eredu iraunkorra plantan ezarriz” dio Torrek. Esplotazioak, definizioz, “lan prozesutik abstraitzen gaitu, eta, merkantziaren fetitxearen bidez, produktu bakoitzaren gibeleko bidegabekeriak kukutu egiten dira”. Hala ere, argi dute bide hau modu kolektibo eta orokortuan egitea ezinbestekoa dela, mundua antolatzen duen ekoizpen ereduari aurre egin nahi bazaio. Bimboirek dioenez, “gure ibilbideak kolektiboki lan egitera eraman gaitu, batzarrak osatzera eta auzotarrekin lan egitera, alegia; gaur-gaurkoz, auzolan mugikorreko dinamikan dihardugu bost etxaldek”.Beregaintasuna eraikitzeko, komunitate trinko baten beharra dago, eta horrek esparru zabalagoan antolatzea eskatzen du, jakintzen eta gaitasunen partekatzeko, besteak beste” azaldu du Torrek.
Barazkien ekoizpenarekin eta abereekin abiatu ziren Bimboir eta Torre, eta duela bi urte lortu zuten erabat autosufizienteak izatea elikadura mailan, baita erlatiboki ere maila teknikoan. Torreren hitzetan, “autosufizientzia erreala izateko, teknikoki ere autosufizienteak izan behar dugu; horregatik, lanabes ahal bezain sinpleekin lan egiten dugu, eta horrek gaitu baldintzatzen bereziki”. Bai lurra lantzeari bai kontserbazioari begira, energia kontsumo handiko baliabideak bazterturik, sasoian sasoikoa kontsumitzea da haien gakoa. Hori dela eta, elikadura hautu koherente eta eraginkorra egin behar izan dute urte osoan baratzetik bizi ahal izateko. Ondorioz, zerealen ekoizpena, esaterako, tuberkuluenarekin ordezkatu dute, gariaren edota artatxikiaren eskuzko ekoizpenak lan handiegia eskatzen duelako. Horrela, sinpletasun teknikoaren bila,  ustekabean paleoelikadura delakoarekin egin dute topo, hots, Antzinaroko komunismo primitiboko elikadura ohiturak ikertzen dituen diziplinarekin. Torrek argigarria deritzo James C. Scott antropologo estatubatuar ezagunaren Homo Domesticus laneko hausnarketari: “Tuberkuluak zerealak bezain energetikoak dira, eta ekoizteko errazago, gainera. Baina ez dira luzaz kontserbatzen ahal, eta, ondorioz, ezin dira metatu. Zerealak, aldiz, bai. Scottek dioenez, lehen protoestatuak (Mesopotamia, kasu) zerealen inguruan eraiki ziren, eta, zerga bidez, haien metaketa gauzatu zuten. Elikadurari dagokionez, tuberkuluen ekarpen energetikoaz baliatzen ziren komunitateetan, baina ez zen baldintzarik botere egitura konplexu horiek sortzeko. Horregatik, elikadurak Historiako gertakari politikoetan zerikusi handia izan duela baiezta daiteke”.
Bimboiren esanetan, “baratzea bete-beterik dugu urte osoan, sasoian sasoiko barietateekin (horietako anitz harrigarriki abandonatuak eta ahantziak izan dira) eta landare iraunkorrekin, birlandatu behar ez direnekin, hain zuzen. Horrez gain, energiaren beharrik gabe kontserba daitezkeen landare ugari ditugu: kuia, ilarra, baba, artoa… ezinbestekoak dira hil zailenetan, martxotik maiatzera bitarteko epealdian”. Laborantza industrialean, oro har, landarea elikatzen da ahalik eta uzta handiena jasotzeko; Behorlegin, aldiz, lurra elikatzeko eta biziarazteko hautua egin dute. Atsotitz zaharrak dioen legez: Nolako lana, halako jana!
taula