Ondarroa ere protagonista izan da

ondarroa

Txintxua Films ekoiztetxeak ETBrako sortutako Hondar ahoak thrillerrak sekulako arrakasta izan du. Koldo Almandoz zuzendariaren lana Ondarroan (Bizkaia) grabatu zuten, eta ezin uka herria bera telesaileko protagonista bihurtu dutela. Besteak beste, herriarekin batera, Nagore Aranburu eta Eneko Sagardoy izan dira aktore protagonistak; baita Omar Diop senegaldarra ere, AEK-ko ikasle izandakoa eta gaur egun Berbalagun egitasmoko bidelagun duguna, zeinak Mamadouren papera jokatu duen. Txomin L. Aramaio.

Koldo Almandozen ondoan, Angel Aldarondo (Ondarroa, 1975) ibili da kameren atzean lanean, eta gidoia idazteko ardura ere izan du, zuzendariarekin batera. Aldarondok aitortu digunez, gidoia idazteko orduan argi-argi zuen gauza bakoitza non grabatu behar zen eta protagonista bakoitza zelakoa izan behar zen: “Batez ere lokalizazioetan, asko igarri dela esango nuke. Ondarroarra naiz, leku guztiak ezagun nituen, eta idaztean asko lagundu dit horrek. Pentsatzen nuen edozer gauza banekien non eta zelan grabatu”. Are gehiago: “Askotan, tokiek eurek markatu didate istorioa, eta hori oso gutxitan gertatzen da gure lanbidean”.
Aldarondok, herritarra izateaz gain, txiki-txikitatik du harremana itsasoarekin. Ama ontzi jabea, senideak arrantzaleak,  hurbiltasun horrek oso pertsonal egin du proiektua. “Ez da zure herrian kokaturiko fikziozko istorio bat besterik, beste zerbait da”.
Zineman, lokalizazioak sarri hartzen du paper protagonista, eta Hondar ahoak-en ere hala izan da. Woody Allenen pelikula askotan New York bezalaxe, Ondarroak leku nabarmena du telesail honetan. “Ezin zen beste era batera izan. Herria protagonista izan da. Herriaren nortasuna, jendearenaz harago, agerian geratu da. Mapa geografikoak protagonismo handia du”. Kanpoko irudiez gain, barrukoek ere badute beren esanahia. Ondarroa herri aberats eta garrantzitsua izan zen bere garaian, eta irudiek horixe agertzen dute. Istorioa garai haietan girotuta dago, eta ordukoak azaldu nahi izan dituzte: zinemaren handitasuna, arrantzaleen kofradiako bulegoak, ertzain etxean agertzen direnak edota Felix Beristain margolariaren eraikinetako horma irudiak.
Hala ere, Aldarondok esan digunez, motz geratu da. “Egiari zor, protagonismo handiagoa eman nahi nion herriari, baina hau telesaila da, ez dokumentala. Hortaz, ideia asko tiraderan utzi behar izan ditugu, beste denboraldi baterako, akaso”.
Badira gehiago
Ane Urkiola (Eibar, Gipuzkoa) Serendipia film laburra grabatzen harrapatu dugu erreportaje hau idazten ari ginenean. Eibarren jaio arren, ama eta aitona-amonak ondarroarrak ditu, eta, ondorioz, lotura estu-estua du herriarekin. Zinema zuzendari ikasketak eginda, kamera, zuzendari, gidoilari edo ekoizpen lanetan aritu izan da. “Aurrekontu xumearekin, egundokoa egin dute. Primeran kontatu dute istorioa, eta argazki zuzendaritza eta musika oso-oso onak izan dira. Gainera, genero berri bat sortu dutela esan daiteke: Basque Noir”. Euskal zinemagintzan aurrerapausoa egin dutela uste du Urkiolak. “Istorio unibertsalak ere konta daitezke gure lokalismotik”.
Zuzendari eibartarrari ere oso interesgarriak iruditu zaizkio lokalizazioak, “lan handia dago hor atzean. Ondarroako portu inguru horri giro berezia ematen saiatu dira, argazki zuzendaritzaren bidez. Ondarroa bera ere protagonista bilakatu dute” azpimarratu du. “Nire kasuan, Goiko Zinema ikusteak nostalgia eragin dit, aspaldi joan barik bainengoen; baita Erretegi jatetxea, masta punta... ere, oroitzapen pila bat thriller batean. Kuriosoa izan da”. Itsasoa ere aitatu nahi izan du, eta horren atzean dauden azpitramak azaleratu.
Aldarondok eta Urkiolak argi dute herriak traman izan duen garrantzia; inoiz ez da izan hain protagonista beste pelikularen batean. Halere, noiz edo noiz grabatu izan dira gauzak bertan. Errepasotxoa egiteko, Josu Eizagirre (Ondarroa, 1974) zinema zuzendariaren laguntza izan dugu. Hondar ahoak telesailean, desagertutako patroiak ere izen bera du. Kasualitatea? Ez dugu uste. Besteak beste, Y eligió el infierno (1959), Gran Sol (1989) edo Eizagirrek zuzendutako Anabasa Eremua (Olee Produkziñoik, 1997) eta Sequritas Angelorum (Olee Produkziñoik, 1999) aipa daitezke. Baina, esan bezala, herria bera ez da izan oraingoan bezain protagonista. 
Jakin dugunez, Txintxua Films ekoiztetxeak badu buruan Ondarroarekin lotutako beste lan bat sortzea. Gogoratu Hondar ahoak telesailaren atzean hura dagoela. Zehazki, Kirmen Uriberen (Ondarroa, 1970) Elkarrekin esnatzeko ordua eleberriaren egokitzapena eraman nahi dute pantaila handira, eta horretarako dirua batzen dabiltza. Gauzatzen bada, Karmele izena edukiko du, eleberriko protagonistaren izena. Pelikula horren edo Hondar ahoak-en bigarren denboraldiaren zain geratuko gara, bitartean.