“Ideologiak idazle baten ibilbidea asko markatzen duela oso agerikoa da”

garro

2020a nekez ahaztuko dugu, baina gauza onak ere gertatu ziren. Lander Garrok (Errenteria, 1975), adibidez, 2 urte, 4 hilabete eta egun bat dokumentala estreinatu zuen; Agustin Zubikarai beka ere jaso zuen, eta bere hirugarren nobela kaleratuko du, aurten, horri esker; eta Etxepare Itzulpen saria ere irabazi zuen, Eider Rodriguezekin batera, haren Bihotz handiegia ipuin bilduma gaztelaniara itzultzeagatik. Urte “distopikoa” izan omen zen berarentzat. M. Egimendi. Argazkiak: Amaia Zabalo.

Zergatik distopikoa?
Batetik, zinema betiko ametsa izan dudanez, halako batean gauzatu egin zelako. Bestetik, ez naiz inoiz literatura sarien zale izan, baina pare-parean tokatu zitzaidan Zubikarai bekaren deialdia. Konfinamendu garaian dokumentala editatzen ari nintzen, eta, ihesbide bat behar nuenez, deskonpresio moduan hasi nintzen idazten. Etxepare saria, berriz, hain ezustean etorri zen… Hirurak batera gertatu ziren iaz, urte oso-oso gogorrean.
Zer kontatzen du idazten ari zaren nobelak?
Duela sei urte kaleratu nuen Gerra txikia (Susa) nobelako Xabi Ugarte umearen bizitza, hainbat urte geroago. Orain, Ugarte gatazka politikoak bete-betean harrapatu duen gizona da, baina berak artista grafikoa izan nahi du, argazkilaria, zinemagilea edo horrelako zerbait, eta Bartzelonara joango da ikastera, aberriko gorabeheretatik ihesi, bizimodu bohemioaren  bila. Gai nagusia patua da, euskaldunon patua, bereziki. Nola agertzen zaigun gure aberri ukatua, puskatua edo dena delakoa etengabe parean, eta nola egiten diogun aurre egia historiko tragiko horri. Nola kokatzen gaituen bizitzak Historiako leku zehatz batean, eta zenbateraino den zaila ihes egitea. Kontatu nahi dut ideologia izendatzen dugun horrek noraino baldintzatzen duen norberaren biografia, gurasoek bizi izan dutena, aitona-amonek...
Euskal literaturak hemen gertatzen denari buruz hitz egin behar duela esan izan duzu. Horregatik kokatu dituzu zure lanak euskal gatazkaren testuinguruan?
Literaturak ez dauka araurik, ez dago errezetarik. Zer da hobea edo komenigarriagoa? Norberaren errealitateari buruz idaztea ala distopia bat asmatzea? Literaturan, hitz gakoetako bat sinesgarritasuna da, eta hori lortzeko oso baliabide egokia da gaiaren gaineko ezagutza; alegia, norberak ezagutzen duen horri buruz idaztea nahiko praktikoa izan daiteke literatura sinesgarria lortzeko. Horrek ez du esan nahi, esaterako, Harkaitz Canok Twist eleberrian sinesgarritasuna lortzen ez duenik. Cano artista handia da, baina mundu guztia ez da hain artista, logikoa denez. Norberak erabaki behar du zer eta nola egin, ni ez naiz inor besteei nola idatzi behar duten esateko. Niretzat, baina, ezagutza eta gertuko gaiak jorratzea oso baliabide interesgarria da sinesgarritasunaren alde.
Intsumisioari buruzko 2 urte, 4 hilabete eta egun bat dokumentalak ibilbide luzea egin du, eta kritika onak jaso ditu. Zure balorazioa?
Zapore gazi-gozoa daukat. Batetik, muntatzen izugarri sufritu nuen. Anbizio handia dut, oso zorrotza naiz, eta sentitzen nuen ezin nuela dokumental bat egin ezer berria eskaini gabe. Hori bilatzea, begien bistan dagoen horretatik aparte zer emango dudan pentsatzea, oso prozesu gogorra da, ez baitu merezi dokumental bat egitea mundu guztiak ikusten duena kontatzeko. Ezkutuan dagoen zer jarriko duzun agerian pentsatu behar da, eta horren bila abiatu. Oso latza da, ez dakizulako agertuko ote den. Halere, estreinatu zen egunean bertan sentitu nuen asmatu nuela, filma komentatzeko jendearen moduagatik. Hortaz, gerora, disfrutatu egin dut. Orain, beste dokumental bat prestatzen ari naiz, hasierako sorkuntza prozesu gogor horretan murgilduta nago. Gero eta gehiago sufritzen dut, gero eta zorrotzagoa naizelako neure buruarekin, baina besteekin ere bai: liburuak segituan baztertzen ditut, aspertzen baldin banaute; telesail bat, harrapatzen ez banau, ez zait gustatzen… eta nire lanarekin, berdin. Harroa izan eta ateratzen zaidan lehen gauza kaleratu nahiko nuke, baina ezin dut.
Dokumentalarekin, mezu hau ere zabaldu nahi zenuen: gauzak alda daitezke. 45 urte beteta, benetan sinesten duzu hori?
Beharbada, dagoeneko banuen ikuspegi eszeptikoagoa, eta eszeptizismoaren alderdirik txarrena da oso ziniko eta erreakzionario bilakatzen garela. Horretara heltzen ari nintzen, baina dokumentala egitean eta, batez ere gero, jendearekin hizketan, oso garbi ikusi dut kontatu dudana ez dela gezurra. Hala gertatu zen, gure Historia gertukoa da, eta zinez lortu genuen zerbait aldatzea. Ez dakit zenbaterainoko garaipena izan zen, baina horrela izan zen, eta nahikoa da. Gauzak aldatzea posible dela ohartzeko, nahikoa da gertakari sozial edo politiko batean herriak konkista bat lortzea. Etengabe ikusten ditugu adibideak zeinetan herriak edo jende xeheak galdu egiten duen, baina, ondo erreparatuz gero, kontrako adibideak ere ikus ditzakegu, non elkartzeak, borroka egiteak, sinesteak... emaitzak ematen dituen, grebaren bidez, adibidez.
Gustatu zaizu dokumentalaren formatu luzea?
Ikus-entzunezkoek hizkuntza interesgarri asko uztartzen dituzte: istorioa, irudia, estetikaren gustua, musika, hitza… hortxe daude nire ibilbidean jorratu izan ditudan hizkuntza guztiak. Txundigarria da areto batean eserita dagoen jendearengan zerbait sortzea edo aldatzea. Aretotik atera den pertsona ez dela sartu den bera sentitzea pribilegio izugarria da. Modu xumean, jainko izatera jolastea bezalakoa da. Ni neu, irakurle edo ikusle naizenean, horrelako zerbait gertatzen zaidanean, oso esker oneko sentitzen naiz. Zinemako nire lehen oroitzapena Indiana Jones edo Superman da, ez dakit... Bada, zineman sartu zen Lander mutikoa eta atera zena ez ziren pertsona bera. Ezerekin konparatzerik ez dagoen adrenalina txutearekin irten nintzen, ez dago halakorik eragiteko gai den estupefazienterik! Niretzat, orduan hasi zen dena, sekulako bidaia emozionala izan zen! Orain, neu nago hori eragiteko tokian, edo saiatzekoan, behintzat.
Zeri buruzkoa da sortzen ari zaren dokumentala?
Kartzelari eta gaixotasunari buruzkoa. Miguel Hernández poetaren Nanas de la cebolla poeman oinarrituta, dokumentalaren izena Tipularen sehaska kanta izango da. Dagoeneko badakit zein izango den pelikularen ekarpena, beraz, gozamen fasean nago, nolabait. Literaturarekin, berriz, lehen beti sentitzen nuen norbait zelatan neukala, norbaitentzat idazten duzulako beti; orain, aldiz, irakurle zorrotz hori desagertu egin da, eta disfrutatzen ari naiz: ordenagailu aurrean jartzen naizenean, azkar etortzen zait istorioa burura eta eskuetara. Heldutasunarekin lotuta egongo da, agian.
Pentsatu duzu inoiz film luzerik egitea?
Badaukat proiektu bat buruan, aspalditik, haur baten heriotza jorratzen duena. Semea lokartzen ari nintzela bururatu zitzaidan: zer egingo nuke Peru hilko balitz? Izua, panikoa, estutasuna... denak sentitu nituen. Nola egin aurre horrelako tragedia bati? Nahiko garatua dago egitasmoa, baina ez dakit egingo dudan; beharbada, nobela bat izango da… Aktoreekin lan egiteko sekulako gogoa daukat, istorioa interesatzen zaidalako, baina gehiago interesatzen zaizkit istorioan dauden emozioak, nola lortu aktoreek emozio horiek modu efektiboan agerraraztea...
“Idazle galtzailea naiz” esan izan duzu...
Ez naiz ez idazle kanonikoa ez erreferentea ez aipatua. Ez naiz idazle saritua, ezta izarra ere. Oraintxe bete ditu Etxepare Institutuak 10 urte, eta inoiz ez nau eraman hitzaldi batera edo atzerrira. Horixe dio Lander Garro idazlearen biografiak.
Behin esan zenuen idazle izatea ez dela idaztea, “literatur merkatuak idazle gisara sal dezakeen irudia antzeztea baizik”. Zuk, antzeztu nahi ez?
Oso prest egon naiz beti antzezteko, neure burua nahiko merke saltzeko; ez naiz bereziki duina edo koherentea izan. Literaturaren munduak jarri nau nagoen tokian, eta nik onartu. Idazteak zerikusi handia dauka sariarekin: idazteagatik sari handiak badauzkazu, gehiago idatziko duzu. Batetik bestera ibiltzen bazaituzte, kritikak egiten baldin badizkizute eta oholtza gainean jartzen bazaituzte, gehiago saldu eta idazteko motibazio handiagoa izango duzu, bitarteko gehiago ere bai… dena da irabazia. Sariak onartzeko prest nengoen, noski, baina ez dira iritsi, eta kito. Ez nago bereziki erretxinduta. Hori bai, idazle bat leku batean jartzeko edo ez jartzeko arrazoiak ez dira beti zuzenak. Nirekin zentsura politikoa egon da, jazarpen politikoa, argi eta garbi. Beharbada, idazle nahiko on edo interesgarria ere ez naiz izango, baina ez naiz inozoa. Gauza bat da umila izatea eta beste bat tontoa izatea eta itsu egotea. Izan naiteke nire tokia zein den onartzeko adina inozo, baina ez nago itsu, eta gauzak ikusten ditut. Ideologiak idazle baten ibilbidea asko markatzen duela oso agerikoa da. Edorta Jimenezek, Joxe Agustin Arrietak eta Hedoi Etxartek oso ondo dakite hori, edo Txillardegik.
Zuk euskaraz sortzen duzu, zergatik merezi du euskara ikastea?
Batetik, euskararen mundua mundu zoragarria delako, mundu ederra dagoelako euskararen barruan. Esaterako, Gaztea Irratia asko gustatzen zait, asko dibertitzen nau, eta gaur Sua izeneko talde bat jarri dute, hala nola Sara Zozaya, Zetak… Hiru talde horien barruan, egundoko unibertso zoragarria dago, baina euskara ez dakienarentzat iragazgaitza da. Ikasiz gero, ordea, iragazkorra bihurtzen da, horrela haien unibertsoaz gozatzeko aukera duzulako. Bestetik, hautu politikoa ere iruditzen zait: euskara hizkuntza jazarria izan da mendeetan, eta gaur egun ere bai; hortaz, euskara ikastea eta euskaraz egitea errebeldia keinu eder eta polita ere bada, tiraniaren aurrean.

Kolkotik  
Zer da literatura zuretzat?
Besteen bizitzari begira, geure barnera egiten dugun bidaia.
Euskal idazle bat?
Eider Rodriguez. Nire neska laguna da, baina ezin dut besterik esan, egia delako.
Euskaraz sortutako liburu bat?
Lagun izoztua.
Irakurtzeko, papera ala pantaila?
Papera.
Euskal zinemagile bat?
Oskar Alegria.
Euskaraz egindako film bat?
Loreak.
Euskal musikari edo talde bat?
Sara Zozaya.
Kantu bat?
Mattin, Kashbad taldearena.
Autoan, musika ala irratia?
Irratia.
Nor da zuretzat heroia?
Gure ama.
Sukaldari ona zara?
Ez dakit… Aritua, bai. Bi seme-alaba dauzkat… beharko!
Biharko egunkarian irakurri nahiko zenukeen berria?
Espainiako estatuak autodeterminazio eskubidea aitortu dio Euskal Herriari.
Bizio bat?
Twitter, seko harrapatuta nauka.
Zer izan nahi zenuen txikitan?
Munduko pertsonarik politena.
Eta orain zer ez duzu izan nahi?
Oso nartzisista naiz, eta ez zait gustatzen.
Inspirazioa bilatzeko, zer?
Bazkalostean, ohean etzan, sabaiari begira, ezer egin gabe.
Zer ikusten duzu ispiluaren aurrean jartzen zarenean?
Ni baino morroi zaharrago bat.
Labur esanda, nolakoa da Lander Garro?
Gardena.