Elkarlan ederra

anariHarriak / Ladder
Anari – Thalia Zedek
Bidehuts, 2020

Coupages izenpean sailkaturik, Bidehuts diskoetxeak urteak daramatza binilozko single sortak argitaratzen; normalean, bi artistak edo taldek elkarbanatutako disko bereziak izaten dira. Sail horretako laugarrena dendetara iritsi da, benetako gutizia: Anari azkoitiarra eta Thalia Zedek bostondarra (tira, Washingtonen jaioa da, baina niretzat Zedek beti egongo da Bostongo eszenari loturik) elkar hartuta single bikainean. Anarik Zedeken azken diskoan agertutako abesti bat hartu, Ladder, eta testua euskarara ekarri du. Zedekek, berriz, Anariren aspaldiko kantu bat aukeratu du, Harriak, eta ingelesezko hitzak jarri dizkio. Biek ere Anariren ohiko taldearen laguntzarekin grabatu dute. Emaitza ederra da, eta Anarik eta Thalia Zedekek elkarrekin egindako LP oso bat entzuteko gogoa pizten du. Zoritxarrez, oraingo egoeran ez du ematen asmo hori epe laburrean gauzatuko denik, baina batek daki.

Gotzon Hermosilla