Esa

ESALasaitasuna eta El Mirador urbanizazioak desjabetuko dituzte

Esako urtegiaren handitze lanek eragindako arazo eta ika-miken soka luzeak ez du etenik. Iragan martxoko AIZU!-n (385. zenbakia) argitaraturiko erreportajean jaso genuen moduan, uraren kudeaketa egoki eta jasangarriaren eztabaida ez ezik, inguruko bizilagunen segurtasuna ere bada kexa iturri nagusia. Eta, azken horretan, bereziki nabarmena da urtegiaren eskuin magalean dauden Lasaitasuna eta El Mirador urbanizazioen kasua: lur mugimenduak tarteko, iazko otsailean  Lasaitasuna urbanizazioko 85 etxeetatik 44 hustu  zituzten, baita El Mirador-eko guztiak ere (19 guztira), pitzadura ugari agertu zirelako. Ordutik, etxera itzuli ezinik eta etorkizunean zer gertatuko zitzaien jakin gabe zeuden bertako bizilagunak, kezkatuta. Izan ere, lanen arduradun Ebroko Ur Konfederazioak dena kontrolpean dagoela esan arren, aditu askok zalantzan jartzen dute handitze lanen segurtasuna. Bada, aurtengo udan Espainiako Gobernuak jakinarazi duenez, bi urbanizazioetako etxebizitza guztiak desjabetuko dituzte. Ebroko Ur Konfederazioak argudiatu duenez, eremu hori osorik baliatuko dute urtegia handitzeko proiekturako. Zehazki, lanen segurtasunari eutsi ahal izateko desjabetuko ei dituzte etxeak. Halaber, handitze lanen egitasmoa ere moldatu egin beharko dute. Desjabetze prozedura burutu arte hilak pasako dira, eta kalte-ordainen zenbatekoaren esperoan egon beharko dute bizilagunek. Hori bai, kezka ez zaie apalduko, ezta euren etxeak galtzeagatik eta orain artean jasandako kalteengatik bizitako etsipena ere. Yesa+Ez plataformak, bestalde, egitasmoaren moldaketa berriaren aurkako alegazioak aurkeztuko dituela iragarri du.