Maddi Ane Txoperena Iribarren

txoperenaZenbait liburuk arrastoa uzten dute. Hiru hauek horietakoak dira, niretzat:
Dendaostekoak (Susa, 2020)
Uxue Alberdik Elgoibarko Pitxintxu dendari buruz egindako kronika literarioa da, denda soil baten deskribapenetik harago doana; izan ere, denda baino askoz gehiago da. Bi ahizparen arteko harremana, azken hamarkadotako giro politikoa, emakumeen mugimendua, mendia eta ahalduntzea… Dendaosteko giroan sarrarazten zaituen fineziaz idatzia.
Ibaiertzeko ipuina (Elkar, 2020)
Oihane Amantegiren opera primak heriotza baten osteko dolua azaltzen du, ume baten ikuspegitik, taburik gabe. Ama bat bi umez erditu behar zen, baina bata bizirik jaio da eta bertzea hilda. Nola egin aurre minari?
Belardo, ba al zatoz? (Berria, 2019)
Umeentzat izanagatik, bereziki hunkitu nau Iñaki Martiarena Otxotorena Mattin-en komikiak. Txikitako oroitzapenak ekartzeaz gain, gogoeta interesgarriak eginarazi dizkit; erraterako, gaur egungo bizi erritmoaren abiaduraz. Hori guztia marrazki zoragarriekin, noski.