“C’est la vie” kantatzen dute zaharrek

kritikaKarlos Zabala
Elkar, 2020

Franz Kafkaren Metamorfosia eleberrian bezala, esnatu berri den protagonistak zerbait aldatu dela sumatu du Karlos Zabalaren lehen nobelan. Hala eta guztiz ere, ez da intsektu bihurtuta iratzarri, inondik inora. Zer ote da? Bada, atzeraka ibiltzen da, eta, noski, ez daki zergatik.
Ustekabeko aldaketa abiapuntu, Anton Pla protagonistak egoera berrira egokitu behar izango du; atzeraka mugitzea dela kausa, zenbait kolpe zein zorabio sufritu beharko ditu, eta jendearen harridurazko begirada jasan beharko du, besteak beste. Dena den, ondorio onak esanguratsuagoak izango zaizkio, esaterako: eguneroko bizimoduko hainbat ñabarduraz zein senideekiko harremanen egoera eskasaz ohartuko da. Burua argiago sentituko du, eta, orain arte ez bezala, beste modu batean aritzeko aukeraren atea parez pare ireki zaio begien aurrean. Ezbairik gabe, abentura horretan murgilduko da, eta, zoriontsua ez dela konturatuta, argi ikusiko du: zergatik ez arriskatu?
Zabalak, hasiera surrealistatik tiraka, umorezko istorio ezin entretenigarriagoan sartuko gaitu, baina gai sakonagoek ere izango dute indarra. Komediaren eta dramaren arteko oreka lortu du idazleak, dramatismotik at eta irakaspen positibo inuzenteei muzin eginik, baina ikasbide zuzena igorri digu. Ezetz asmatu zein den!
Arrate Beristain Uriarte