Itzultzaileetatik harago

Azken hilabeteotan, hainbat arrazoi tarteko, hizkuntzarekin lotutako teknologiei erreparatzea egokitu zait, eta aitortu behar dizuet erabat txundituta nagoela ikusi ahal izan ditudan aurrerapausoekin. Duela bizpahiru urte pentsaezina zena esparru askotan erabiltzen ari da gaur egun.
Hor ditugu, adibidez, itzultzaile automatikoak. Azken urtebetean, nik dakidala, behintzat, euskara beste hizkuntza batzuetara automatikoki itzultzeko hiru itzultzaile ‘neuronal’ jarri dizkigute eskura. Adimen artifizialean oinarrituak, erabili ahala ikasten dute, gizakion antzera. Oraindik ez dira perfektuak, noski, baina emaitza oso txukunak lortzen dituzte, batez ere testu formaletan.
Ahots bidezko interfazeak pixkanaka, baina etengabe, hedatzen ari zaizkigula, oso garrantzitsua da makinek ahozko euskara ulertzea. Bada, horretan ere asko aurreratu da azken boladan. Une honetan, baditugu software aplikazioak euskarazko audio edo bideo bat eman, eta bertan esaten dena esaldiz esaldi transkribatzeko ahalmena dutenak. Sekulako lan-tresna, adibidez, ahozko elkarrizketak grabatu eta idatziz eman behar dituzten kazetarientzat edo, besterik gabe, telebistako edo YouTubeko bideoei euskarazko azpitituluak jartzeko.
Hori guztia nahiko ez, eta zenbait sistema gai dira euskarazko testu bat emanda bertan aipatzen diren pertsonen, lekuen eta erakundeen izenak ateratzeko, baita testuaren gai orokorra (kultura, politika, gizartea, kirolak, artea...) zein den adierazteko ere. Are gehiago, kapaz dira testu luze bat “irakurri” eta norberak nahi duen luzerako laburpena egiteko. Pentsa zer-nolako pagotxa ikasleentzat edota artxibo lanetan diharduen jendearentzat!
Beste hizkuntza batzuen aldean herrenka bada ere, euskara hizkuntza teknologia aurreratuen munduan sartzen ari da, pixkanaka. Horrek argi-ilunak ekarriko ditu, jakina, baina pozteko moduko albistea da, zalantzarik gabe. Izan ere, euskarak etorkizuna izan dezan, ezinbestekoa da hizkuntz teknologien tren horretara garaiz igotzea.

Loturak, estekak, linkak

https://www.euskadi.eus/itzuli/
Eusko Jaurlaritzaren itzultzaile neuronala. Testu formalak, batez ere, itzultzeko oso egokia. Webgunean edo aplikazioan erabil daiteke. Gustatzen ez bazaizue, http.//itzultzailea.eus eta http://batua.eus helbideetan ere baduzue bana.

https://labur.eus/aditu
Aiora Probatxoa youtuber euskaldunak aditu.eus euskarazko bideoak automatikoki azpititulatzeko sistemaren gaineko azalpena ematen du bideo honetan.

https://labur.eus/neuronalak
Itzultzaile neuronalei buruzko artikulua Sustatu.eus webgunean. Sistema horiei buruz gehiago jakiteko azalpen interesgarria.