Zuzentasuna

olasagarreJuanjo Olasagarre

Slavoj Zizek filosofoak zuzentasunaren kontra dagoela adierazi izan du behin baino gehiagotan. Argudio sendoak ematen ditu. Ez dago diskriminazioaren alde, jakina, baizik eta diskriminazioa estaltzen duenaren kontra. Alegia, nigger ez esateak ez du diskriminazioa deuseztatzen; aitzitik, diskriminazioari ez ikusiarena egiten dio.
Lolita ez, baina Haur besoetakoa irakurri dut, arretaz irakurri ere. Ez dut ukatuko pedofilia ere badenik Miranderen nobelaren gaia, edo, nahi bada, pedofilia erabiltzen duenik Miranderen ikuspuntu filosofikoa erakusteko. Miranderen garaietatik, gauzak aldatu egin dira, ordea. Gaur, ez genuke horren erraz onartuko pedofiliaren gaia ikuspuntu filosofiko bat erakusteko erabiltzen duen nobela bat.
Baina hala beharko luke? Berria egunkarian elkarrizketa egin zioten Txomin Peilleni, Minotauro nobela argitara eman zuela eta. Idazleak zioen Lolitari eta Haur besoetakoari kontra egitea-edo izan dela nobela idazteko arrazoia, eta Miranderen nobelan neskatoaren ikuspuntuaren gabezia zuzendu ez ezik, aita pedofiloa munstroa bezala agerrarazi nahi izan duela.
Ez dut nobela irakurri, baina ideia bat defendatzen duten nobelek ez dute funtzionatzen, ez azaltzen dituzten ideiak ez direlako zuzen eta zilegi, baizik eta nobela batek berezko logika sortzen duelako bere baitan, eta, horren arabera, pedofiloa ere ulertu beharko litzatekeelako, nobelak funtzionatuko badu.
Artea gaizki konpontzen da estutasun ideologiarekin. Beste kontu bat legeak, gizartearen ideologia, estereotipoak eta abarrak dira. Gizarte ez patriarkal batean biziko bagina, imajinaezina egingo litzaiguke emakumeen kontrako bortxa, eta distopiara jo beharko genuke nobeletan bortxa hori erakusteko. Baina ez gaude horretan. Pedofilia izan bada, baina artelan bat ezin da zuzentasun legearen arabera idatzi. Horrek diskriminazioa betikotzea eragiten duela dioen argumentua ez zait zuzena iruditzen, literaturak, errealistak batez ere, gizartean dagoena jasotzen baitu. Ea Minotauro Haur besoetakoa bezain ona den!