Ingurumena

jaizkibelPasaiako kanpoko portua ez dute egingo... oraingoz

Azken urteotan Pasaian eta, hein handi batean, Gipuzkoa osoan polemika bizia eragin duen proiektua bertan behera geratuko da behin-behinekoz. Izan ere, Pasaiako kanpoko portua oraingoz ez egitea erabaki du Pasaiako Portuko Agintaritzak, egoera ekonomikoak hala behartuta. Halere, Agintaritzak aditzera eman duenez, egoera aldatuko balitz proiektua berriro ere jar liteke martxan. 90eko hamarkadatik dator Jaizkibel mendiaren itsaslabarrean kanpoko portua eraikitzeko asmoa. Sustatzaileen iritziz, Pasaiako portuko merkantzien zirkulazioa nabarmen handituko litzateke, portua txiki geratu zela argudiatuta. Haatik, egitasmoaren aurkakoek behin eta berriz salatu zuten ingurumenean kalte konponezinak eragingo zituela. Eztabaida luzea izan da, tartean erakundeen arteko ika-mikak ere piztu izan direlako, erakundeen gidaritzan zeuden alderdi politikoen arabera aldatu egin baita egitasmoaren inguruko jarrera. Orain, ordea, datu ekonomikoen eraginez geldiarazi dute proiektua. Kanpoko portuak 17 milioi tonarako edukiera izango lukeen arren, hurrengo hamar urteetako aurreikuspenak urrun daude datu horietatik: Pasaiako Portuko Agintaritzaren arabera, 5 milioi tonatik beherakoa izango da portuko zirkulazioa, eta portuaren gaitasuna 6,3 milioi tonakoa da. Nahikoa eta sobera, hortaz. Agintaritzak jakinarazi duenez, egungo portua biziberritzearen alde egingo dute orain. Nolanahi ere, ekologisten, zenbait erakunderen (Pasaiako eta Lezoko Udalak, esaterako), hainbat herritar zein eragileren kezka ez da behin betiko desagertuko, beti egongo baita egitasmoa berrabiarazteko aukera.