Koronabirusa

mimo‘Mimo lagunak’ baimendu ditu Belgikako Gobernuak konfinamendu garaian

Konfinatuta dauden bitartean, belgikarrek mimo lagun bat eduki ahal izango dute, bakardadeari aurre egiteko. Hau da, konfinamenduak iraun bitartean, herritar bakoitzak lagun baten bisitak jaso ahal izango ditu. Familien kasuan, kide bakoitzak mimo lagun bat izan ahalko du, baina ezingo dituzte denak batera etxera gonbidatu. Bakarrik bizi direnen kasuan, aldiz, mimo laguna ez ezik, beste bat ere gonbidatu ahal izango dute etxera, baina sekula ez biak aldi berean. Knuffelcontact izena ipini dio Belgikako Gobernuak mimo lagunari. Alexander de Croo Belgikako lehen ministroak azaldu duenez, hain egoera zailean herritarren buru osasuna zaintzeko hartu dute neurria. Izan ere, aditu askok ohartarazi dutenez, isolamenduak lotura du depresioarekin, eta konfinamenduak bakarrik egotea ekarri dio pertsona askori, hein handi batean isolatuta egotea, alegia.  Dena den, ez da halakorik onartzen den lehen aldia. Izan ere, Erresuma Batuan, antzeko baimena eman zuten lehen konfinamenduan, baita Herbehereetan ere. Bisitari “berezia” izateko baimena, oro har txorta laguntzat joa. Belgikan ere mimo hitzak bere egingo al ditu adiera horiek, adiskideari lagun eta maite-maite egiteaz harago?