Rol jokoak

rolaldiaRolaldia, euskaraz rolean aritzeko lehen jardunaldia

Rol partidak online eta euskaraz. Horixe eskainiko du Rolaldia I. Euskal Rol Jardunaldiak. Abenduaren 5ean, 6an, 7an eta 8an egingo dira partidak, online eta euskaraz, esan bezala. Guztiak hasi berrientzat ere egokiak direla nabarmendu dute antolatzaileek, alegia, ez dela aurretiazko esperientziarik behar. Parte hartu nahi dutenek Etzi.pm webgunera jo behar dute. Berez, azaroaren 27an amaitu zen partidetan izena emateko epea; hala ere, gutxieneko parte hartzaileen kopurua betetzen ez bada, izena emateko aukera izango da. Era berean, partidaren bat hutsik geratuz gero ere, bertan parte hartu ahal izango da, betiere partida horren zuzendaria ados badago. Lekurik dagoen ala ez jakiteko, Etzi.pm-n ageri den partiden zerrendara jo, eta partida bakoitzean klikatu behar da.  Bertan daude jasota partida bakoitzaren ezaugarri eta baldintza guztiak, baita partidaren zuzendariarekin harremanetan jartzeko modua ere. Hauek dira lehen Rolaldiko partiden izenak: Indotxina: zurrumurrua hedatzen ari da Iparraldetik...; Calabasas; Sekretu sakona; Txerria, sorgina eta bere maitalea; Maddalenen madarikazioa; Lurbo Robilen jauregia; Atseden basatia; Birusa; Bahiketa Zalabrian; Hondar ahoak; Amnesia; Kattalinen desagerpena; Sakrifizioak Bilboko zeruan; Komedia erromantikoa Jane Austenen doinuan; Infernuko ahutzen kripta; Lehortea; Ynertzia eta Baso beltzeko itzal luzeak. Izen iradokitzaileak, ezta?