Olinpiar Jokoak

olinpikEstadioetan entzungo al da oihurik?

Pandemiaren eraginez aurten egin behar zirenak atzeratuta, 2021ean egingo dira Tokioko (Japonia) Olinpiar Jokoak. Egiten badira, pandemiak guztiz baldintzatuta egingo dira, eta egoera horretara egokitu nahian dabiltza antolatzaileak. Hala, kirol ekitaldietan ikusleak izateko aukerak aztertzen hasiak dira, Japoniako agintariekin batera. Behin betiko neurri eta erabakiak udaberrian hartuko dituzte, osasun egoeraren eboluzioaren arabera, baina bertako zein atzerriko ikusleak izateko aukera bermatzen saiatuko direla azaldu dute antolatzaileek. Hasiera batean, ikusleak estadioetan sartu ahal izango dira, nahiz eta kopurua mugaturik egongo den, Japoniako agintariek ezarritako neurriak betetzeko. Horrez gain, maskara derrigorrezkoa izango da, eta sartu aurretik tenperatuta neurtuko zaie ikusleei. Beste neurri hau ere aztertzen ari dira: ikusleek ezingo dute oihu egin, ezta ozen hitz egin ere, kutsatze arriskua murriztea xede. Halere, antolatzaileek onartu dute gaur egun ezinezkoa dela ikusle kopurua aurreikustea, pandemia nola bilakatuko den jakitea ere ezinezkoa delako. Atzerritarren kasuan, gainera, haien jatorrizko herrialdeetan bizi duten egoera hartuko dute aintzat, eta horren arabera izango dute ala ez herrialdean sartzeko baimena. Ziurgabetasuna nagusi, beraz, oraingoz, baina bada gauza ziur bat: hurrengo Olinpiar Jokoak ezohikoak izango dira.