Feminismoa

feministaldiaXV. Feministaldia, abenduaren 14tik 19ra

Hitzaldiak, lantegiak, kontzertuak, irakurketak... hainbat jarduera eskainiko ditu XV. Feministaldia Kultura Feministaren Jaialdiak, abenduaren 14tik 19ra bitartean, Donostiako Tabakaleran. Plazandreok plataformak antolatutako jaialdiak #Kutsatu leloa izango du aurten. Kutsatzea hitzetik hortzera darabilgun garaiotan, kutsatzeko beldurra handia den sasoiotan, “elkar kutsatzeko beste modu eta eduki batzuk” aldarrikatuko ditu jaialdiak, “feminismoetatik eta sorkuntzetatik bizigarria izango den beste mundu bat irudikatzea eta eraikitzea” ezinbestekotzat jota. Sei egunez, arratsaldero, ekitaldiak izanen dira Tabakaleran: Helen Torres soziologo, hezitzaile, itzultzaile eta aktibista feministaren zientzia-fikzio eta kontakizunen lantegia; Consonni argitaletxeak zuzendutako irrati lantegia; Arrate Hidalgo itzultzaile, editore eta argitaratzailearen hitzaldi interaktiboa; Yayo Herrero antropologo, gizarte hezitzaile eta nekazaritzako ingeniari teknikoaren hitzaldia; Haizea Barcenilla arte kritikari eta ikerlariaren mintzaldia... Egitarau zehatza feministaldia.org webgunean dago ikusgai.