Ingurumena

zakurrakArkakusoen aurkako tratamenduak, ibaien kutsatzaile

Ingalaterran egindako ikerketa baten arabera, katu eta txakurrei arkakusoetatik babesteko ematen zaizkien intsektizidek ibaiak kutsatzen dituzte. Hau da, ibaietako intsektuentzat, arrainentzat eta horiek harrapatzen dituzten hegaztientzat oso arriskutsuak dira. Sussexeko Unibertsitateko ikertzaileek egin dute ikerketa, eta Science of the Total Environment agerkarian argitaratu dute. 2016. eta 2018. urteen artean Ingalaterrako 20 ibaitan jasotako ia 4.000 lagin aztertu ostean, haien % 99an fipronil osagaia topatu dute. Intsektiziden osagaietako bat da, oso toxikoa, eta segurtasun maila gainditzen duten kopuruetan aurkitu dute. Gainera, degradatzen denean, osagai are kutsatzaileagoak sortzen ditu, eta halakoak ere bazeuden laginetan. Imidacloprid izeneko osagaia bezala: laginen % 66an agertu zaie; zazpi ibaitan, segurtasun mailatik gora. 2017an debekatu zuten fipronilen erabilera etxalde eta baserrietan, eta 2018an imidaclopridena. Haatik, Erresuma Batuan saltzen diren animalientzako produktu askok dituzte osagai horiek, eta zenbait, gainera, errezetarik gabe saltzen dira. Osagai horien mailarik altuenak ur araztegien inguruetan topatu dituztenez, ikerketaren egileek uste dute jatorria hirietan dutela nagusiki, hots, etxeko animaliengan. Izan ere, garbitzean edota ibaietan sartzen direnean, uretara igaro ohi dira osagai kimiko horiek. Ondorioz, arkakusoen kontrako tratamenduak arautzeko eskatu dute ikertzaileek, osagai horien arrisku handiaz ohartarazteaz batera, kontzentrazio txikitan ere osagai oso indartsuak direlako. Erresuma Batuan, 10 milioi txakur eta 11 milioi katu inguru daude, eta horietatik % 80k arkakusoak saihesteko tratamenduak jasotzen dituztela uste da.