Txirrindularitza

txirrindulariakEmakume txirrindulari profesionalen laurdenek ez dute soldatarik jasotzen

Gizonezkoenarekin alderatuta, emakumezkoen txirrindularitzak askoz baldintza ekonomiko txarragoak dituela jakina eta agerikoa da. Cyclists Alliance fundazioak 2017tik emakume profesionalen artean egiten duen inkesta batek gordinki jaso ohi du aldea, eta 2020ko inkestaren emaitzek, gainera, egoera okerrera doala erakutsi dute: % 25ek ez dute soldatarik jasotzen (iaz, % 17k); %32k 15.000 euro baino gutxiago irabazten dute urtean; eta % 29k iaz baino gutxiago irabazten dute edota ez dute ezer irabazten. Urtean 40.000 euro baino gehiago irabazten dutenen kopuruak gora egin du, baina, aldi berean, gehien eta gutxien kobratzen dutenen aldea handitu egin da. Datu gehiago ere jasotzen ditu inkestak. Esaterako, erantzun dutenen artean % 33k beste lan bat egiten dute, txirrindularitzan lehiatzeaz gain. Datuok ikusita, erraz ulertzen dira honako hauek: txirrindularitza uzteko arrazoiak aipatzean, % 72k zio ekonomikoak nabarmentzen dituzte. Era berean, %87k aipatu zuten txirrindularitzan jarraituko luketela, baldin eta baldintza ekonomikoak hobetuko balira. Laburbilduta, eta zenbait adierazlek hobera egin badute ere, emakume txirrindulari profesionalak, oro har, oso egoera kaskarrean lehiatu behar direla aditzera eman du galdetegiak. Ez da harritzekoa, emakume txirrindulari profesionalen lan baldintzak oraindik ere ez daudelako ongi arautuak, batik bat lehen mailatik beherako kategorietan. Aurten, hainbat mailatako taldeetako (World Tour, Continental eta 23 urtetik azpikoen mailakoak) 100 txirrindularik baino gehiagok erantzun dute inkesta, gehienak errepidean aritzen direnak.