Ondarea

hemendikEuskal Herriari begirada, 50 objektu ikonikoren bitartez

Hemendik: Euskal Herriko 50 objektu ikonikoren istorioak liburua argitaratu berri du Hemendik elkarteak, gauzen bitartez Euskal Herriko aniztasuna eta aberastasuna lantzeko helburuarekin. Normalean, herrialde baten izaera eta ezaugarriak ezagutu eta ulertzeko, bestelako elementu batzuei erreparatzen zaie: historia, hizkuntza, kultura... Hemendik liburuak, ordea, objektuetan jarri du arreta. Sancheski irristailua, kaikua, laia, Fournier muserako kartak, Pataugas oinetakoak, makina erreminta... Guztira, industriako eta artisautzako 50 objektu bildu dituzte. Egileen ustez, industriako eta eskulangintzako ekoizpenari ez zaio behar besteko arretarik ipintzen, eta izan dezakeen kultur balioa gutxietsi egiten da. Haatik, liburua aurkezteko oharrean esan dutenez, “objektu baten historiak testuinguru anitz zeharkatzeko aukera ematen du, izan geografikoa, historikoa, politikoa edo soziala”. Hala, “hainbat erakundetan banatuta dagoen eta memoria kolektibo eskasa duen herrialde honen alderdi franko” azaltzeko balio du lanak. Hiru bertsiotan eskura daiteke, 45 euroan: euskara/gaztelania, euskara/frantsesa eta euskara/ingelesa.  Elkartearen webgunean (https://hemendik.eu) edota Elkar sareko liburu dendetan dago salgai.