Eskulangintza, ogibide eta arte

Abiadura balio hedatuegia den garaiotan, soseguzko lanaren erakusle dira artisauak. Iraganeko ofizioei segida emanez, edota antzinako langintzen oinarriei eutsiz bide berriak irekita, belaunaldiz belaunaldi transmititu diren jakintzen gordailu dira. Gordetegi biziak, iragana aintzat hartuta etorkizunari parez pare begiratzen diotenak. Antzina arruntak ziren, baina egun galtzear daude hainbat artisauren lanbideak,  egungo jendartean eta ekoizpen ereduetan ezohikotzat jotzen diren ezaugarriei eutsiz betetzen dituztenak: esku iaioz, patxadaz eta arbasoen ezagutzarekiko begirunez. Produktuak banan-banan eta maitasun handiz landuta, beste ekoizpen mota bat posible dela erakusten dute. Jakina, idilikotik gutxi du artisauaren lanak, konplikazioak eta arazoak ere ez baitira urriak.  Alta, zailtasunak zailtasun, irmo eusten diete euren ogibideei. Lanean prestu, setati batzuetan, eta artetsu beti. Eñaut Mitxelena, M. Egimendi.

"Gauza bat da artisautza eta bestea eskulana"

azkaine

Pilotagilea eta eskularru egilea da Ander Ugarte (Agurain, 1965). Euskal pilotan eskuz nahiz erremintaz jokatzeko pilotak eta hainbat modalitatetan jokatzeko beharrezkoak diren larruzko eskularruak egiten ditu Punpa eta Xirrist marken pean, hurrenez hurren.

Batean zein bestean, hutsetik hasi zen Ugarte. Lehenik, pilotagile. Familiarekin egiten zuen lan Gasteizen, banketxeen bulegoak egiten, baina duela 25 bat urte “dena utzi nuen egun batetik bestera hona etorri eta lanean hasteko”. Senperen hasi zen, Punpa izeneko tailerrean, eta han ikasi zuen ogibidea. Ondoren, enpresaren ardura hartu, eta urte batzuetatik hona Azkainen du lantokia. Pilotak egiten tradizio handia duen tailerrari eman dio segida. Tailerraren sorrera “1900 inguruan” kokatzen du Ugartek, Baionan. Hastapenetako egile haien jakintza eta langintza belaunaldiz belaunaldi igaro da egundaino. Hala, “nirekin laugarren belaunaldia du”.
Eskularruak egiten beranduxeago hasi zen, 1999an. “Banekien bazirela bi eskularru egile zahar, eta egun batean desagertu egingo zirela. Ikastea erabaki nuen, eta jarduna ene enpresaren barruan sartzea”. Haietako batengana jo zuen, Doneztebeko Eusebio Arregirengana, hain zuzen. “Berak erakutsi zidan dena. Bi urtez izan nintzen berarekin. Hemengo lana bukatu eta larunbatero joaten nintzen Doneztebera”.
Eskularru gutxi egiten ditu. Modalitate guztietako pilotak dira ekoizpen nagusia. Egun, pilotak egiteko zenbait makina erabiltzen dituzte, baina “dena da artisau-lana. Makina horiek hemen eginak dira, ez daude beste inon, hemen bakarrik. Egun nork erabiliko du harrizko aizkora zuhaitz bat botatzeko? Inork ez, motozerra edo arpana erabiltzen dira. Gure kasua berbera da. Gero, badira makinekin egin ezin daitezkeenak: josi, esaterako, eskuz egiten dugu”.
Ugarteren hitzetan, “eskuz eginez gero, pilota bat bera ere ez litzateke berdina izango”. Makinei esker, “pilotak oso erregularrak dira. Pilota estandarizatzea lortu dugu. Horrek ez du erran nahi pilota guztiak berdinak direnik”. Piloten estandarizazioa “aurrerapen handia izan da pilotarendako”, Ugarteren ustez. “Bestenaz, pilota oso gaizki izango litzateke. Eskuz egindakoekin aritzea ezinezkoa litzateke”. Finean, “nahiz eta prozesuaren %90 makinaz egin, artisau-lana da”. Pilotaren osagaiak kanpotik ekarri arren, prozesuak tradizioari eusten dio. “Ogibide oso tradizionala da, betikoa”.
Eskularruak, aldiz, eskuz egiten dira. “Lan handia da. Hiltegira joan eta larrua hartu, dena garbitu, ileak-eta kendu... eta gero hasi behar duzu eskularrua egiten. Oso zaila da”. Lan nekeza, eta galtzear dena. “Ni naiz eskularru egile bakarra. Arregi zapata egilea zen eta horren barruan eskularruak egiten zituen. Baina gaur egun zapata egilerik ez da. Zeinek egiten ahalko luke eskularru bat?”. Pilotaren kasuan, egoera zertxobait hobea da. Punpaz gain, bada beste enpresa bat Gipuzkoan: Otero. “Horiek, aitortuak. Bada aitortu gabe lan egiten duen pilo bat, eta hori oso kaltegarria izaten ahal da”.
Langintza horien transmisioari garrantzi handia ematen dio, eta prest da nahi duen orori bere ezagutza erakusteko: “Pilota modalitate guztiak defenditu behar ditugu, ez ditugu galdu behar. Galtzen ahal da, baina guk beti mantenduko dugu jakintza enpresa barruan, ondoren ere pilota horiek egin daitezen. Eskularruekin gauza bera: norbaitek ikasi nahi badu, neuk erakutsiko nioke. Ezagutza badugu, eta ez dugu galdu behar. Oso garrantzitsua da hori”.
Pilota profesionaleko enpresa nagusientzat, federazioentzat, pilota eskolentzat, klubentzat zein norbanakoentzat egiten ditu pilotak Punpak. Eskariari erantzuteko, 11 lagun aritzen dira lanean. “Merkatua oso txikia da”, baina bizitzeko lain ematen die. Nolanahi ere, ez ei da merkatu egonkorra: “Pilota galtzen ari da. Orain dela 50 urte baino gehiago bada, garai hura oso txarra izan zelako, baina orain dela 10/15 urte jende gehiago ibiltzen zen pilotan”.
Telefonoz edo aurrez aurre ez ezik, Internet bidez ere jasotzen dituzte eskariak. Alabaina, artisau azoketan ez dute parte hartzen. “Garai batean hasi nintzen, baina orain ez dut astirik. Beharbada, heldu den urtean hasiko naiz”. Azoken harira, artisautzaren inguruko gogoeta egin du Ugartek: “Zer da egiazko artisautza eta zer egiazko eskulana? Gaur egun dena nahastuta dago, eta hori oso txarra da artisautza munduarendako. Futbolean bezala, lehen maila eta bigarren maila bereiziko nituzke, eta gauzak argi eta garbi utzi. Azkenean, jendea artisau azoka batera joaten denean, beti gauza berberak ikusten ditu. Kontzeptu guztiak nahastuak dira eta, hori ongi definitu behar dugu. Batetik, ofizio tradizionalak daude, eta, bereziki, euskal artisautza. Bestetik, eskulanak: lepokoak egitea, eraztunak...”.
Tradiziozko lanbideei garrantzi handia ematen die Ugartek. Eta, euskal pilotaren kasuan, berebizikoa: “Harro izan behar gara erraten dugularik euskal pilota euskaldunon kulturaren parte handi bat dela. Zeren hor barruan gure nortasuna baitago”. Halere, egun arriskuan ikusten ditu artisau ofizio eta bizimodu horiek, eta, horiekin batera, euskal nortasuna. “Pilota bakarrik ez, euskal kulturaren barruan diren gauza guztiak ez baditugu defendatzen, gaizki ikusten dut. Euskal Herriko produktuak sustatu behar ditugu, hori da bide bakarra”. Bertako kultura eta produktuak, tartean pilota, bultzatu, euskal nortasunari eta egungoarekin zerikusi handiegirik ez duen bizimoduari eusteko. Bizimodu horren azken arrastoak artisautzan sumatzen ditu. “Agian, azken mohikanoak dira artisau horiek, gutxi geratzen direnak”.

 

"Honetatik bizi naiz, baina oso xume"

zapatagilea

Oihane Lejarreta (Elorrio, 1984) 2011tik dabil artisau profesional, Wandel marka sortuta (nederlanderaz, ibil gaitezen edo bidea). Diseinua eta eszenografia ikasi eta zinema eta antzerki arloan ibili zen lanean, baina 2011n Bartzelonan zapatagintza ikasi eta orain oinetakoak, poltsak eta osagarriak egiten ditu, larrua, lihoa edota artilea ibiliz.

Wandel sortu zuenerako zortzi urte zeramatzan Lejarretak zapatak egiten berarentzat eta lagunentzat, txikitatik eduki duelako “halako lotura berezi bat zapatekin”. Eskuz egiten zituen, orkoi eta tresneria berezi barik, edozein larru zatirekin. Antzerkian eta zineman zebilela, lankideak eskatzen hasi zitzaizkion, baita Bilboko denda bat ere. Horrela ekin zion kakorratza ere baliatzeari, “intuizio hutsez, artean zapatagintza ikasi gabe”. Antzerki eta zinemako lanak batetik bestera ibiltzera behartzen zuenez, hura utzi eta Bartzelonara joan zen adineko maisu zapatagile batekin ikastera: “Itzuli asko egin ditut hara, joan-etorrian”. Lehen zapata oso-osoa eskuz egin arren, orain larru tindatuak, zolak eta pago egurrezko takoiak erosi egiten ditu.
Zer esango luke podologo batek zapata hauetaz? Oihaneren ustez, “ziur aski baxuegiak direla. Halere, takoia jartzen diedanean, sei zentimetrokoa erabiltzen dut, neurri egokia. Dena den, uste dut ortozik ibiltzeko prestatuak gaudela, nahikoa dugu zola bat minik hartu gabe ibiltzeko. Beraz, bi mota horiek egiten ditut”.
Eskulana izaki, ekoizpena ez da handia. Hortaz, artisau azoketan, saldu baino, erakutsi egiten ditu oinetakoak, eta bezeroek behar duten neurrian egiteko eskatzen diote. Orain, gainera, Internet bidez eta denda batzuetan banatzeko asmoa du: “Hil honetan Tolosako GKo Galleryn jarriko ditut zapatak; bertan, Euskal Herriko diseinatzaileek eskuz egindako gauzak baino ez dituzte saltzen. Berlingo on-line denda batean ere saltzen ditut, eta udaberrian Samyroad nazioarteko on-line dendan sartuko naiz”.
Bere ametsa taldea osatzea da, bere diseinuak bestek gauzatzeko: “Horrela nik kakorratz lanekin jarrai nezake, beste material batzuekin ikertzen, poltsak edota zapata esklusiboak egiten... Orain, adibidez, katalogo berria sortzeko argazkiak egin dituen argazkilariari nik diseinatu eta egin dizkiot dekoratuak, lan trukaketa da. Dirua irabazten hasiko banintz, ordaindu egin beharko nuke, baina momentuz denok gabiltza horrela”. Halere, zapatak egitetik bizi da Oihane, eta Elorrion eskulan tailerrak ematetik: “Honetatik bizi naiz, baina oso xume”. Izan ere, oinetako hauek uda eta etxerako baino ez dira: “Lana ez zait oso errentagarri ateratzen, baina gutizia hutsa dira, oso eroso eta arinak”. Oraingoz emakumezkoentzat egiten ditu, baina umeentzat eta gizonezkoentzat ere ekoitzi gura ditu: “Dirua aurreztu behar dut orkoiak erosteko”.
Azoketan amamek galdetzen ei diote zelan egin dituen oinetakoak: “Ikusi bezain pronto, gai dira gaineko zatia nola egin dudan asmatzeko, baina ez dute igartzen nola josi dudan zola. Ez diet guztia kontatzen, bestela berehala egingo lukete, kar-kar!”. Hain zuzen, hori egiten zuen berak artisau azoketara bezero joaten zenean: “Begiratu eta zerbait gustatuz gero, neure erara egin. Gura barik, artisau guztiok gara antzekoak horretan, gauza asko egiten dakigunez... Orain askoz gehiago erosi edo trukatzen dut, egilea ezagutu eta produktua gehiago baloratzen dudalako”.
Bi urte baino ez daramatza artisau profesional, gutxiago azoketan, baina gauzak “uste baino hobeto“ atera zaizkiola dio. Urte hasieratik dago Arbaso elkartean, “erosoa” delako: “Kideok lehentasuna dugu Arbasok antolatutako azoketan eta, gainera, informazioa ematen digu, noiz eta non egingo diren azokak, izena emateko epea, diru-laguntzak... Horrela galdu nuen urte erdia hasieran, funtzionamenduaz jabetu nintzen arte”. Orain, ordea, Oihaneren zapatek bidea aurkitu dute.

 

"Hasieran jendeak ez zuen sinesten kaikuak guk egindakoak zirenik"

garbi

Gipuzkoako kaiku egile bakarrak, eta Euskal Herriko bakarretarikoak, dira Anne-Kathrin Gragert (Neubrandenburg, Alemania, 1966) eta Heike Hösterey (Wuppertal, Alemania, 1966). Kaikuez gain, xaboi, olio eta bainu-gatz naturalak ere egiten dituzte.

Berez, biologo analista da Gragert, eta kazetari, argazkilari eta idazlea Hösterey. Haatik, 90eko hamarkadaren hasieran Euskal Herrira etorri zirenetik dihardute artisau. 1991n iritsi zen Sunbillara Hösterey, eta 1993an Gragert. Han ezagutu zuten Patxiku Larretxea kaiku egilea. “Kaikuak egiten jarraituko zuen norbaiten bila zebilen Patxiku” dio Gragertek. Lehenik, Gragert aritu zen Larretxearen tailerrean, hasieran egur tailla ikasten eta ondoren kaikuak egiten. Ondoren, Gragertek lan asko zuenez, “neu ere hasi nintzen” azaldu du Höstereyk.
Kaikugintza hartu zuten bizibide. 1995ean, Urkitza tailerra sortu zuten (egun, Zegamako Kaikugileak du izena) eta azokaz azoka ibiltzeari ekin zioten. Hasieran, Gragertek dioenez, “jendeak ez zuen sinesten guk egindakoak zirenik. Azkenean, erremintak eramaten hasi ginen, guk egiten genituela erakusteko”. Nolanahi ere, “gaur egun azoka oso gutxitara joaten gara kaikuekin. Azoketan saltzea oso zaila da, beraz, normalean enkarguz egiten ditugu” dio Höstereyk. Izan ere, egun apenas dute erabilerarik, ez bada apaingarri moduan.
Horrexegatik hasi ziren xaboi, olio eta bainu-gatz naturalak egiten. Laborategi batean lanean ibilitakoa zen Gragert, eta Höstereyk bazuen sendabelarren inguruko ezagutza, amonari ikasia. Proba askoren ostean, 2002an hasi ziren xaboiekin, bi urte lehenago erosi eta pixkanaka zaharberritutako Zegamako Aristi Zahar baserrian. Egun, Garbi xaboi naturalak izenarekin, 30 bat produktu egin eta saltzen dituzte. Erabat naturalak, lehengai naturalak, eta ahal den guztietan ekologikoak, erabilita.
Horrenbestez, xaboiak eta bestelakoak dituzte ogibide nagusi. “Kaikuekin bakarrik ezin da bizi. Xaboiekin lortzen dugunari esker, kaikuen tradizioari euts diezaiokegu”. Tarteka, kaikugintza tailerrak ere eskaintzen dituzte, eta hiru jardunekin lorturikoarekin egiten dute aurrera. Höstereyk dioenez, “xaboien abantaila da edozein tokitan saldu ahal direla”.
Edozein tokitan bai, baina ez nolanahi. Gragerten hitzetan, “guk ez ditugu azaleko gaitzak sendatzeko produktuak egiten. Azala leuntzen dute, hidratanteak dira... Jende askok aipatzen digu azaleko arazoak dituela eta xaboiak gomendatzeko eskatzen digu. Gu ez gara dermatologoak, beraz, ezin diegu xaboirik saldu. Nire ustez, gure ezezkoak konfiantza ematen dio jendeari. Nahiago dut xaboi bat gutxiago saldu eta nire kontzientziarekin lasai egon”.
Artisau azokak eta Internet baliatzen dituzte euren produktuak saltzeko. Nagusiki, azokak. Azken bi urteotan Euskal Herrira mugatu dute euren lana, baina iraganean kanpoan ere ibili ziren: Eivissa, Madril, Bartzelona... “Geroz eta azoka gehiago egiten ditugu. Baina duela hamar urte gehiago saltzen genuen azoketan. Gaur egun lan gehiago egin behar da berdina irabazteko”. Azoken antolakuntzan ere sumatu dute krisia: “Lehen, azoketara joateagatik, udalek dietak ordaintzen zituzten. Egun, berriz, azoka askotan ordaindu egin behar da parte hartzeko”. Azoka kopuruak ere behera egin ei du. Dena dela, krisia ez da berritasuna haientzat: “Artisautza beti egon da krisian”.
Krisiak krisi, etorkizunari begira ez dira ezkor ageri. Gragertek dioen moduan, “azkenean, lana gure esku dago eta hori luxua da”. Argi dute artisautzarekin jarraitu nahi dutela (feltrozko produktuekin hasteko asmoa ere badu Höstereyk), nahiz eta argi-ilunez beteriko sektorea izan. Esaterako, artisau askoren moduan, eskulana eta artisautza profesionala bereizi beharra ikusten dute: “Askotan nahastu egiten dira biak eta hori kaltegarria da artisau profesionalontzat”. Horregatik, zenbait azokaren antolakuntzan zorroztasun handiagoa eskertuko lukete. Azoka askotan, artisau profesionalak ez ezik, tokian tokiko eskulangile ez profesionalak ere gonbidatzen dituzte antolatzaileek. Gragerten hitzetan, “nik ez diot horiek ez dutenik azoketan parte hartzeko eskubiderik, baina guk bizimodua ateratzen dugu azoketan: saldu ezean, ez dugu jatekorik izango”. Horregatik, Höstereyn aburuz, “edozein antolatzailek, gaiaren inguruko ideia askorik izan ezean, ez luke azokarik antolatu behar. Edo, bestela, pentsatu, ikasi eta profesionalei galdetu beharko liekete. Horretarako daude artisau elkarteak, laguntzeko”.
Artisautzaz hitz egitean ageri ez den ezkortasuna kaikugintzaren etorkizuna aipatzean azaldu da. Lanbidearen transmisioa zail ikusten dute. Höstereyk azaldu duenez, “guk ez genuen ofizioari eusteko asmoarekin ikasi, gustura genbiltzalako baizik. Gainera, ikasi genuenean, baziren oraindik bospasei kaiku egile”. Egun, ezta hori ere. Nafarroan bada bat edo beste, eta gutxi gehiago. Horrenbestez, gordin mintzo da Gragert: “Sentitzen dut, baina galdu egingo da”.