7 Kultur arraila

paia

"In varietate concordia" edo "adostasuna aniztasunean" dio Europako Batasunaren leloak, kontinente zaharreko biztanleek, buru adina aburu izanik ere, elkarrekin bizitzeko joko-arauak partekatuko dituztelakoan. Hainbat estatu, nazio, gizatalde eta etnia dituen lurraldearen oinarrian ados jartzeko borondatea ezarri zuena ez zen arkitekto makala izan, ez horixe. Eraikuntza horren planoak erraz marrazten dira, baina ez da beharginik hainbeste teilatu hain zimentarri hauskorraren gainean jarriko duenik. Benetan hori eraiki nahi duenak hobe luke lehenbizi teilatu bakoitza ondo neurtu eta ondoren batetik besterako aldea kalkulatu.  Metaforak baztertuta, Europako kulturaren batetik besterako tartea edo arraila ezagutzeak elkarrekin bizitzeko beharrezko borondate kopurua neurtzen lagunduko liguke. Kultur arraila mundua ulertzeko edo bizitzeko bi kosmogoniaren artean dagoen diferentzia sistematikoa da, bien balioak, ohiturak eta abarrak alderatzen dituena. Adibide soil bat: Txinan, eroskeriak heriotza zigorra ekar liezaioke delitugileari; gurean, ordea, B mailako arau-haustea ematen du. Horra guraso txinatarrak dituen europar batek eta penintsulakoak dituenak eztabaidatzeko ildo bat. Hori bai, har dezatela erabaki bat lehenbailehen. Izan ere, bitartean, iluntzeetako umore programetako gidoigileek ez dute jakingo gaueroko txisteek jendartea gehiago zatitzen duten. Arraila txikiak sortuak dira, batzuen keinuak bestela ulertzearen komeriak edo propina ematearen endredoak; arraila handiak, aldiz, burka vs. bikinien guda eta janzteko protokoloen nazioartekotzea, besteak beste. Kontua ez da kultura bakoitzaren irekitasuna neurtzea, ezpada bien arteko distantzia neurtu eta elkarrengana hurbiltzeko bakoitzak zenbat pauso emango dituen kalkulatzea. "Erroman, egin erromatarrek bezala" dio ingelesez esaera zaharrak ("Gorostian gorosti, Donostian donosti" baliokide izan lezakeenak euskaraz), baina Erroman gero eta jende gehiago bizi da erromatarra ez izanagatik bertakoa dena. "Erromatar" adjektiboan leku egin beharko diegu, ezta?

Xabi Paia