Erresuma Batua

stoneStonehenge-ren azpian tunela eraikitzeko baimena eman du Gobernuak

Ika-mika piztu du Britainia Handiko Gobernuak berriki hartutako erabakiak: Stonehenge monumentu megalitiko ezagunaren azpian tunela eraikiko dute, egun albotik igarotzen den A303 errepidea bertatik pasa dadin. Aspaldikoa da tunelaren egitasmoa, eta hasieratik izan da polemika iturri. Orain, Britainia Handiko Gobernuak proiektua baimendu du, eta harroturik zetozen hautsak are gehiago haizatu ditu. Proiektuaren arabera, 3 kilometroko tunelean lau erreiko autobidea eraikiko dute. 2023an hasi nahi dituzte lanak, eta orain Stonehenge ingurua itsusten duen errepidea kentzeko balio izango du. UNESCOk 1986an gizateriaren ondare izendatua, ekologista, historialari eta arkeologo ugari erabakiaren kontra azaldu dira. Sinadura bilketak ere hasi dituzte, eta egitasmoa epaitegietara eramateko prest azaldu da, esaterako, Stonehenge Alliance taldea. Tom Holland historialariak gidatutako taldeak hamar urte daramatza egitasmoaren kontra egiten. Aurkakoen ustez, lanek kalte konponezinak eragingo dituzte, eta inguruan egon daitezkeen aztarna megalitikoak suntsituko. Aldekoek, aldiz, behin errepidea kenduta Stonehengek inguruko paisaiarekin bat egingo duela diote. Hala mintzatu da, esaterako, Kate Mayor, Britainia Handiko hainbat leku historikoren kudeaketaz arduratzen den English Heritage elkartearen burua. Herrialdeko errepideak kudeatzen dituen Highways England erakundeak, bestalde, lanak modu neurritsuan egingo dituztela azaldu du, eta jatorrizko paisaia leheneratzeko balio izango duela. Polemika handiko proiektua izanik, ikusteko dago azkenean gauzatuko ote duten ala ez.