Ardiei ilea moztea artea da, dantza

josebaJoseba Attard
Diseinatzailea eta ardien ile-moztailea

Erresuma Batura joandako elorriarra ama eta ingelesa aita, sortzez ingelesa da Attard (Cheltenham, 1979). 27 urterekin Euskal Herrira bizitzera etorri, eta euskara ikasi zuen: “Eskerrak eman nahi nizkieke Juliori eta Gariri, AEK-ko nire irakasleei Durangon”. Diseinatzaile grafikoa, besteak beste Korrikarako hainbat logo diseinatu ditu: Heldu, Euskalakari... Eako Bedaroa auzoko Olabe baserrian bizi da, bikotekidearekin eta alabarekin batera. 2016an erosi zuten, baserria eraberritu eta bertan aterpetxea zabaltzeko asmoz. Surfa ere gustuko du: Cross Culture Surf elkartea sortu zuen Elorrion, hemengo eta Irlandako gazteen arteko harremanak sustatzeko.

 Nolatan erabaki zenuen hona etorri eta euskara berreskuratzea?

Txikia nintzenean, beti etortzen ginen oporretan, aitita-amamak eta izeko-osabak bisitatzera. Orduan sortu zitzaidan hemengoa sentitzeko grina. 18 urterekin edo, konturatu nintzen hemengoa izateko euskara falta zitzaidala, eta, aukerarik banuen, euskara ikasteko konpromisoa hartu nuen. Gainera, familia oso txikia daukagu. Nire belaunaldikoak hiru besterik ez gara familian, hortaz, euskara ikasten ez banuen, familiatik desagertuko zen. Ez nuenez horren errua bizkarrean eraman nahi, hona etorri eta ikasi egin nuen.

 Diseinatzaile lanak eta baserrikoak batera daitezke?

 Bai, niri ongi datorkit. Enpresan lan egiten nuenean, ez dakit zenbat ordu ematen nituen jarraian ordenagailu aurrean, baina hemen, igual, pare bat ordu besterik ez, eta gainerakoak animaliekin, basoan, baserrian arotz lanak egiten... denetik pixka bat. Hortaz, nire egunerokoa beti da ezberdina, hainbat arlotan aritzen naizelako, eta horrek koloreztatzen du nire bizitza.

 Ardiei ilea mozteko orduan, diseinuak ba al du tokirik?

Ilea mozterakoan diseinuak sortzea ez dut probatu; beharbada, probatu beharko nuke, kar-kar! Diseinuarekin ez dauka zerikusi handirik, baina, nolabait esatearren, ardiei ilea moztea artea da, erritmoa eskatzen du... Bai, artea da, dantza.

 Dantzari ona zara?

Ez, txarra, kar-kar! Behin bakarrik egin dut dantza, nire ezkontzan. Gustatzen zait, eta prest nago gehiago ikasteko. Baina, nahiz eta ardien ile-moztaileok dantzari modukoak izan behar dugun, askotan ardiak izaten dira dantzariak: ihes egiteko borrokan hasten direnean, Nafarroako jotak-edo dantzatzen ari direla ematen du!

 Zeinek sufritzen du gehiago, zuek ala ardiek?

Duda barik, guk. Egunero ez dakit zenbat ordu makurtuta egoten gara, eta, azkenean, gerriko mina-eta jartzen zaigu. Bueno, hala bada, ez zara ari ondo egiten. Ez zenuke minik izan beharko, baina denok izaten dugu. Ardiek, aldiz, ez dute sufritzen. Jendeak pentsa dezake baietz, baina kontrakoa da: mesede egiten diegu, eta haien ongizatea da gure ardatza beti. Oso garrantzitsua da.

Ardien ile-moztailea desagertzeko zorian dagoen lanbidea, hemen, behintzat?

Ardiak dauden bitartean, ilea moztuko zaie. Ardiak, artzaintza, desagertuz gero, ilemoztaileon lana ere desagertu egingo da. Euskal Herrian, azken urteotan, ardi kopurua murriztu egin da; egun, lurralde osoan, milioi bat inguru ale daude. Denei moztu behar zaie ilea, eta baten batek egin behar du! Gaur-gaurkoz, oso gutxik jarduten dugu horretan lanaldi osoz, 8 bat “profesional” gara. Kontua da, halaber, legez ez zaiola baliorik ematen lanbide honi. Adibidez, horretarako ez dago epigrafe zehatzik. Uste dut hemen, azkenaldian, artzaintza tradiziozko irudi batekin lotzen dela, irudi pobre batekin, esango nuke. Horri buelta osoa eman behar diogu gure buruan. Beste herrialde batzuetan, askoz balio handiagoa ematen zaie bai artzaintzari bai artile-moztaileen munduari, baita artileari ere. Guk, ordea, ez diogu baliorik ematen gaur egun. Zentzu horretan, galtzen ari da? Bai eta ez.

Aita artzaina duzu. Etxetik datorkizu bokazioa?

Bai, eta odolean ere badaramat: nire hemengo aitita artzaina izan zen txikitan, nahiz eta gero ez zuen jarraitu. Aita artzaina zen, eta gero nekazaritza-irakaslea. Ondorioz, beti ibiltzen nintzen ardi artean; jaio ere, kortan ia-ia. Nerabea nintzenean, ez nuen askorik parte hartu ardien munduan, baina aitak ilea mozten zuen eta ni joaten nintzen artilea batzera. Orduan ohartu nintzen artilearen balioaz. Hona etorri nintzenean, harritu egin ninduen, adibidez, ilea lastoaren gainean mozten zaiela; Ingalaterran, aldiz, ezta pentsatu ere artilea lastoaz nahastea. Alde horretatik, hartu nituen susto batzuk.

Arantzazuko Artzain Eskolan ikasi zenuen.

Bai. Ni ezkertia naiz, eta aitari, irakaslea bada ere, asko kostatu zitzaion niri erakustea. Agian, ikasle txarra nintzelako, edo bera irakasle txarra, ez dakigu! Segur aski, aita-semeak ginelako, kar-kar! Dena aldrebes egiten nuen: berak eskumaz eta nik ezkerraz... Hona etorri nintzenean, Arantzazuko Artzain Eskolan ikastaro bat egin nuen, eta han ikasi nuen Mikel Etxebarria eta Joseba Ugalde ile moztaileekin. Oso estimatzen ditut.

Euskal Herrian mozten den artile gehiena bota egiten da.

Bai. Hemengo artzainek bota egiten dute. Baina arazo handia da haientzat, aldundiek-eta ez dutelako artilea onartzen, makinak trabatzen dituelako. Horregatik botatzen dute artzainek, edo lurperatzen, edo erretzen. Halere, artileak ez du ongi su hartzen, oso zaila da erretzen. Inork ez du gura hemengo artilea, latza delako. Hortik dator aberearen izena: ardi latxa. Baina horrek ez du esan nahi baliorik ez daukanik. Topatu egin behar bestelako balioak eta erabilerak, egon badaude eta. Dena den, industria mailan ez dago, oraingoz, hori garatuko duenik.

Olabe baserria berritzen ari zarete 2016tik.

2016ko azaroaren 2tik gaude hemen. Orduan geneukan guztia saldu genuen baserria erosteko. Teilatua jausita zuen, eta ez zeukan ez ur berorik ez dutxarik ez komunik. Hortaz, lehenengo urtea hemen lurreratzen eman genuen; urtebetez, Mongolian erositako yurta batean egon ginen bizitzen. Gero, ondoko txabolan; yurtan bizi ginenean, untxitegia atondu genuen. Hiru txerrikumeen ipuinean bezala, lastozko etxetik egurrezkora eta hortik harrizkora, non urtebete daramagun.

Aterpetxe bat egiteko eraberritzen ari zarete baserria.

Bai. Bi adar ditu Olabek: alde batetik, ostatua, 40 lagunentzako aterpetxea; bestetik, erabilera anitzeko gela handi bat, ikastaroak, hitzaldiak, kanpaldiak... garatzeko. Hori guztia landa eremuaz ahalik eta gehiena lotzen saiatuko gara. Izan ere, egun, teknologia oso azkar garatzen da, baina, aldi berean, oinarrizko trebetasunak galtzen ari gara. Ezin ditugu bereizi zuhaitzak, txorien kantuak...Naturaren gaineko jakinduria galtzen ari da, eta guretzat gakoa hori berreskuratzea da. Jendea elkartzea da gure helburua, eta horren bitartez lortuko dugu.

Gauza asko auzolanean egiten saiatzen zarete.

Bai, oraindik ez dugulako finantziaziorik lortu. Bankuarekin-eta harremanetan gaude, mailegua eskatzeko, eta inbertsore baten bila erebagabiltza. Baina dirurik ez dagoen bitartean, nolabait jarraitu behar dugu aurrera. Hortaz, hasieratik egin genituen crowdfunding-a, auzolana eta halako gauzak. 800 bat pertsona pasatu dira hemendik; batzuk ordubete egon dira, beste batzuk 3 hilabete. Interesaren arabera, etorri, denon artean ikasi, eta baserria aurrera ateratzen laguntzen dute.

Surfean, zure proiektuetan... saltsa guztietan, baina betiere slow life filosofiari helduta?

Bai. Agian, bai, baina ikusten banauzu, kontrakoa da: nire egunerokoa abiadura handiko bizitza da, kar-kar! Nire ustez, asko ikas dezakegu geldirik gaudenean. Gure bizitzan pause edo stop botoia sakatzen dugunean, orduan sortzen gara, orduan hasten gara pentsatzen, orduan deskonektatzen dugu gure eguneroko bizitzatik, eta orduan hasten gara benetan balio duten gauzekin berriro konektatzen. Filosofia hau daukagu hemen: disconect to reconect. Deskonektatu, berriro konektatzeko. Zentzu batean, teknologia alde batera utzi eta kalera irtetea, edo perretxiko bila, edo surf egitera, edo dena delakoa egitera. Nire ustez, behintzat, zentzu handiagoa ematen dio bizitzari. Badut beste filosofia bat, neurea, pertsonala: finding balance, oreka bilatzen. Hori, beharbada, erronka da: nola bilatu oreka nire bizitza kaotikoan, kar-kar!

 DI-DA BATEAN

 Zerk alaitzen dizu eguna? Aseta sentitzeak.

Eta tristatu? Aseta sentitu ezinak, gauzak egin ezin ditudanean.

Zerk eragiten dizu barrea? Animaliek, tontakeriak egiten dituztenean.

Eta negarra? Minak.

Zerk haserrearazten zaitu? Ez naizela olagarroa eta, askotan, zortzi beso behar ditudala. Hau da, gauzak egin ezin izateak, denera heltzeko ezintasunak.

Bizio bat? Ardoa.

Surflari bat? Dave Rastovich.

Zeren marka diseinatuko zenuke gustura? Edozein. Gehienbat, bere markan benetan sinesten duen jendearentzako logoak diseinatzea dut gustuko.

Ardiengandik gustatzen zaizu... Artilea. Edo bildotsak jaiotzen direnean.

Zuri nork mozten dizu ilea? Bikotekideak, kar-kar!