Literatur sariketen gazi-gozoak

Nork ez ditu sariak maite? Ongi egindako lanaren ondorioa direnean, batez ere. Horrelakoak dira literatur sariak: aurkeztuen arteko idazlan onena saritzen dute (edo aldeko iritzi gehien jaso duena, behintzat). Alabaina, ez dira denak berdinak. Nahiz eta gehienek sos batzuk banatu, kopuruak oso ezberdinak izaten dira; eta irabazle batzuek beste zenbaitek baino oihartzun handiagoa jasotzen dute, izenik gabe bidalitako idazlana liburu bihurtuta kaleratzen denean, batik bat. Gainera, sariketa batek literaturazalea idazle bilaka dezake; askotan, ordea, bere burua aurkeztu eta irabazi ez duena etsipenera eraman ere bai. Halakoetan parte hartu izan duten hiru lagunek kontatu dizkigute beren bizipenak. M. Egimendi, Eñaut Mitxelena, Esti Lanao.

testi

“Lehiaketetan aritzen garenontzako sari handienetakoa lana argitaratzea da”

Bertso paperak, mikroipuinak, poesia, aforismoak... hainbat generotan makina bat lehiaketa irabazitakoa da Iñigo Legorburu (Errenteria, 1976). Zehatz-mehatz zenbat ez dakien arren, 90en bueltan izango direla uste du. Horietako batzuk, gainera, behin baino gehiagotan; Urretxuko Iparragirre bertso paper saria, adibidez, bost aldiz irabazi du. Galdaragilea ofizioz eta idazlea afizioz, lehiaketak ditu idazteko akuilu.

 Bezperan Mutrikuko Udalak antolaturiko Ziriako Andonegi mikroipuin lehiaketa irabazi berritan egin dugu elkarrizketa. Beste bat zakura, duela hogei bat urte lehen sariketan parte hartu zuenetik gizentzeari utzi ez dion zakura. “Sekula esperoko ez nuen zerbait” dio Legorburuk, “baina gustuko sorpresa”.
Aurreneko saria zehazki zein urtetan irabazi zuen ez du gogoan: “2000. urte inguruan izan zen, Donostiako Egia auzoko bertso paper lehiaketa batean. Garai hartan, bertso eskolan asko ibiltzen nintzen, eta proba egiteagatik aurkeztu nintzen”. Bigarren saria eskuratu zuen. Orduan hasi zen lehiaketetan parte hartzen. Halere, “2004. urtea izan zen gakoa. Ordiziako Lazkao Txiki bertso paper lehiaketan parte hartu nuen. Oso berezia izan zen: lehen eta hirugarren sariak hutsik geratu ziren, eta niri bigarrena eman zidaten. Orduan, beste bi sariak banatu gabe geratu zirela ikusita, nik zer edo zer egin nuela pentsatu nuen. Nik uste ordutik aurrera hasi nintzela konstantziaz idazten”.
Bertsoek eraman zuten idaztera (“bertsoen periferian” kokatu ohi du bere burua; egun, esaterako, epaile jarduten du). “Ez nuen idazteko zaletasun berezirik” aitortu du. Bertso eskolan, bat-baterako ez zuela balio konturatu zen, eta bertso paperekin hasi zen. “Nire ustez, bat-baterako balio izan banu, ez nintzatekeen bertso paperetan hasiko. Horrek eman zidan bultzada. Bertsoa, gainera, bada tresna zuk nahi duzun gaia hartu eta nahi bezala jorratzeko, nahiko estimulatzailea da. Hasierako sormenean, bertso paperak garrantzitsuak izan zirelakoan nago, eta geroago jo nuen poesiara, prosara, aforismoetara...”.
Bertsoa bide, eta lehiaketa akuilu, lehiaketek bultzatzen baitute idaztera. Neurri batean, bere “funtzionatzeko” moduaren ondorio da: “Epeak behar ditut, edo lehiaketa jakin baterako prestatu behar izatea”. Testuak amaitzeko helburu zehatzak dituen moduan, idazteko orduan ere metodologia zehatzari jarraitzen dio: gauero, ohera joan aurretik, tarte labur batez idatzi ohi du, ordu erdiz edo. Legorburuk dioen moduan, “intentsitatez egiten dut, motz”.
Testuak lantzean, hortaz, motzean aritzekoa da Legorburu: “Horretara ohitu naiz. Nik uste, funtzionatzen dudan moduan, formatu motzekoa naizela”. Gaiei dagokienez, arantzatsuei heldu ohi die. Prentsazale amorratua izaki, leitzen dituen egunkari eta aldizkariak oso baliagarriak zaizkio. “Eguneroko albisteetan eta, istorio pila bat dago atzean” dio. Hori bai, “gai sozialak gustuko ditut, baina horrekin baduzu panfletoa sortzeko arriskua. Muga horietan ibiltzea gustatzen zait, baita pertsonon kontraesanak argitara ateratzea ere”.
Bertso paperekin hasi bazen ere, genero ugari lantzen ditu. “Boladaka izaten da. Gehien gustatzen zaidana bertso paperak dira. Baina, batzuetan, istorio onak dauzkazunean, prosan idaztea polita izaten da, edo poesia baliatzea...”. Horrenbestez, “generoz aldatzea” du gustuko, “jolastea”. Alde horretatik, ez du inolako “konplexurik”: “Argi daukat. Herri mailako lehiaketetan-eta parte hartzen dut. Hau da, idazten dut, baina neure burua ez dut idazletzat”. Konplexurik gabe, beraz, “ea zer egiten dudan. Honen alde ona da, ongi egiten baduzu, saria jasotzen duzula, eta, kaskarkeria hutsa egiten baduzu, inork ez duela jakiten”.
Idatzi eta saria lortuz gero, poza... eta sos batzuk. “Ez gara honetatik bizi, argi dago” dio Legorburuk. Nolanahi ere, “horretan aritzen garenontzako sari handienetakoa argitaratzea da. Baina zaila izaten da. Batzuk argitaratu dizkidate, baina gehientsuenak hortxe ahaztuak gelditzen dira, udalen edo erakunderen baten apalean”. Horrek frustrazio pixka bat eragiten dio. Izan ere, “uste dut sariketa bat badela festa txiki bat, eta saritzen diren lanek-eta oihartzunen bat eduki beharko luketela”. “Batzuk ahalegintzen dira horretan” dio Legorburuk, baina “lehiaketa askok gainditu gabe daukaten ikasgaia da oihartzun hori ematearena”. Nolanahi ere, poz gehiago ere ematen diote sariketek. Hainbeste lehiaketa irabazita, Euskal Herriko toki asko ezagutu ditu, baita jende asko ere. “Azkenean, Euskal Herria beste modu batean ezagutzen duzu, eta harremanak sortzen dira. Hori da benetako saria”.

zubizarreta

“Lehiaketetan, sarritan, ustekabearen zain egoten naiz”

Besteak beste, Azkue Literatur Sarietan epaimahaikide lanetan izan da Patxi Zubizarreta (Ordizia, 1964); eta, 2019an, laugarrenez lortu zuen Euskadi saria. Lehiaketa horiek lagungarri izan dira idazlearentzat, literatur ibilbidea marrazteko orduan.

Epaimahaikidetzat baino, lehiakidetzat jotzen du bere burua Patxi Zubizarreta idazle ordiziarrak. 2019an, laugarrenez lortu zuen Euskadi Literatur Saria, eta, hain zuzen ere, sari batek bultzatu zuen idazlea egungo ogibidea aukeratzera: “1993an, Bapore saria jaso nuen, 1948ko uda lanarengatik; orduan erabaki nuen irakaskuntza uztea eta literatura ibilbideari ekitea”. Hala ere, gerora lehiaketak beharrezko baliabide suertatu zaizkiola gogoratzen du. Izan ere, “kontuan izan behar da liburu bat saltzen denean, egileak ehuneko hamarra jasotzen duela”. Ordutik, beste sariketa batzuk ere irabazi izan ditu, eta oihartzun horri esker deitu izan diote hurrengo urteetako deialdietan epaimahaikide izateko. “Beste batzuetan, egokia iruditu natzaielako deitu didate, jakina”.
Tartean, Azkue Literatur Sarietan izan da epaimahaikide, eta, idatzietan murgiltzea eta horiek baloratzea tokatu zaion horietan, atseginez ibili izan da Zubizarreta: “Ezer baino lehen, nabarmendu nahi nuke idazlea batez ere irakurlea dela, beraz, lan hori gustuko dut”. Dena dela, irakurketak eskatzen duen ahalegina testuaren arabera aldatzen dela aitortu du: “Ez da berdin irakurtzen liburu bat edo fotokopia batzuk...”. Nolanahi ere, ardura, arreta eta denbora oso garrantzitsuak dira berarentzat: “Ez dugu ahaztu behar lan bakoitzaren ezkutuan norbait dagoela, zain eta ilusionatuta”. Nork ezagutuko du hori idazleek eurek baino hobeto?
Horrez gain, epaimahaikideek hartzen duten ardura lehiaketaren araberakoa dela dio idazleak, “batez ere, irakurri beharreko lanen kopuru eta kalitatearen araberakoa”. Hori dela eta, esperientzia oso zabala dela onartzen du: “Aspergarria, harrigarria, aberasgarria eta alderagarria ere izan daiteke, zure lanak nola edo hala kokatzen laguntzen dizulako”. Era berean, lehiakide sentitzen den aldetik, oso ondo daki nolako sentsazioak agertzen diren sariketa batean irabazle ez zarenean: “Nahiz eta jendeak nire sarien berri izan, inork ez du imajinatzen zenbat sari ez ditudan irabazi; hau da, nolako etsipena eta dezepzioak sentitu izan ditudan”. Gazi-gozoa da epaimahaikideen lana, haren esperientzian oinarrituta: “Gozatu egiten dut adostasuna dagoenean, denok argi dugunean testu bat gailendu dela; gaizki pasatzen dut, ordea, nire gustuko lanen bat finalista geratzen denean eta egileak horren berri jasotzen ez duenean”. Zentzu horretan, sariketak krudelak izan daitezkeela dio: “Normalean, bat nabarmentzen da, baina askotan beste batzuk oso hurbil egoten dira, ilusio handia sumatzen duzu lan horien artean, eta badakizu egile batzuk zapuztuta geratuko direla; zer esanik ez saria banatu gabe geratzen denean...”. Horrexegatik proposatu izan du behin baino gehiagotan egile horiei deitzea eta lan bikaina idatzi dutela edo beste apur bat landu beharko luketela esatea, behintzat.
Sari bat ematerakoan, epaimahaikideek baloratzen dituzten ezaugarriak lehiaketaren araberakoak izan ohi dira. Alde horretatik, Zubizarretak oso gogoko ditu Urruzuno eta Azkue gazteentzako lehiaketak, eta eskertzen du lan horietan istorio bat kontatzeko modu berria dagoenean: “Idatzi mota horietan, askotan amodioak eragindako nahigabeak edo heriotza modu dramatikoegian agertzen dira, eta bestelako gaiak edo ikuspegiak aurkitzea haize freskoa bezalakoa da niretzat. Esango nuke ustekabearen zain egoten naizela, eta ustekabe hori bide askotatik etor daiteke: estiloa, egitura, planteamendua...”.
Edonola ere, literatur lehiaketak subjektiboak direla dio Zubizarretak: “Liburu bera miresgarria izan daiteke batzuen ustez eta eskasa besteen iritziz”. Horregatik, epaimahaikide izatearen eta idazle izatearen arteko aldea sariketa arruntetan ikusten du, Euskadi sarien moduko lehiaketetan, esaterako: “Horietara ez duzu zertan aurkeztu, epaimahaikideek erabakitzen dute zein lan nabarmendu eta zein ez”. Hortaz, subjektibotasun hori kontuan hartuta ere, epaimahaikide egokiak elkartzea ezinbestekoa dela uste du. Hala eta guztiz ere, aditz garrantzitsu bat azpimarratu du ordiziarrak: “Erlatibizatu. Azken finean, sariak sari, nork bere bidea egin behar du”.

gorrotxategi“Ez daukat berriro lehiaketa batera aurkezteko asmorik”

Miren Gorrotxategik (Azpeitia, 1981) 15-16 urterekin irabazi zuen Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak gazteentzat antolatzen duen Urruzuno literatur saria. Gero, bere idazle ibilbidea tiraderan gordetako proiektuetara eta horiek lehiaketaren batean aurkeztera mugatu zen. Dezente urte pasatuta ezagutu zuten irakurleek, Agustin Zubikarai beka irabazi, eta 2016an 33 ezkil eleberria (Elkar), bere opera prima, kaleratu zenean.

Horrek animatuta edo, idazten jarraitu zuen Gorrotxategik, eta iaz beste lehiaketa bat irabazi zuen: (H)ilbeltza beka. Horri esker, urtarrilean kaleratuko du Txalaparta argitaletxeak Sotoan gordeak eleberria (hala ere, Durangoko Azokan aurresalmentan erosi ahalko da). Bigarren nobela honetan ere genero beltzean aritu da, “edo gris ilunean, hobeto esanda, genero horretako elementu batzuk eduki arren, beste batzuk falta direlako; adibidez, ez dago polizia ikerketarik”.
Gorrotxategik badaki, hortaz, nola funtzionatzen duten literatur sariketek; bere ustez, modu egokia dira idazle hasiberriak literaturaren zirkuituan sartzeko: “Erakundeetatik etorri beharko litzateke, nagusiki, sormen lanerako babesa, baina ez da hala, zoritxarrez. Hori dela eta, lehiaketak beharrezkoak dira, eta ez hasiberrientzat bakarrik; aurten, esaterako, Zubikarai saria Lander Garrok irabazi du. Nire ondorengo urtean, Katixa Agirrek; eta aurretik, berriz, Jasone Osorok”. Horren atzean zerbait badagoela iritzi dio azpeitiarrak: “Idazleon eta, batik bat, euskal idazleon prekaritatea agerian geratzen da, nolabait. Niri halako sari batek liburua amaitzeko epe bat ematen dit, batetik; eta, bestetik, babesa”.
Izan ere, lehiaketa bat irabazteak proiektua liburu bihurtzea dakar sarritan, epe jakin batean: “Askotan, proiektuak abiatu eta tiraderan geratzen dira, hainbat arrazoi tarteko, maiz eguneroko bizimoduak harrapatzen gaituelako. Zoritxarrez ala zorionez, hori norberaren aukera baita, idazleok geratzen zaizkigun denbora apurrak aprobetxatu behar izaten ditugu idazteko, beste lanbide bat izaten dugulako. Niri proiektu asko gelditu zaizkit bidean urte hauetan guztietan, beraz, sariak hasi eta bukatu beharra ekartzen du. Hori, alde batetik. Bestetik, hasiberrientzat, argitaletxearen babesa eskertzekoa da. Nire kasuan, esaterako, behin saria lortuta, idazte prozesua aurrera zihoan neurrian, batzuetan zalantza izaten nuen, ea idazten ari nintzena inori interesatuko ote zitzaion; epaimahai batek saritu badu, ordea, zerbaitegatik izango dela pentsatu eta aurrera! Horretarako ere balio dute sariek, une jakin batean falta daitezkeen konfiantza eta bultzada lortzeko. Egia esan, sariak jaso ez banitu, ez dakit gerora liburuak garatuko nituen, edo literaturaren bidean segituko nuen, ez dakit”.
Elkar eta Txalaparta argitaletxeen bekak jasota, “oso ondo” konpondu omen da haiekin lanean: “Elkarren, Xabier Mendigurenekin egin nuen lan; Txalapartan, ostera, Garazi Arrularekin. Niretzat laguntza garrantzitsua da editorearena. Beti ikasten da adituen iritziak entzunez aurrera egitean; idaztea ikaste prozesu garrantzitsua da niretzat, eta ez idazteko unean bakarrik. Izan ere, 33 ezkil irakurle talde dezentetan mugitu da, eta irakurleen iritziak entzutea ere eskola garrantzitsua izan da. Beti dago ikasteko eta hobetzeko aukera, bai ondo eginak eta bai gaizki eginak”.
Joan den hilaren hasieran jarri ei zion azken puntua bigarren nobelari, eta dagoeneko baditu proiektuak etorkizunari begira: “Ez nuke nahi berriro denbora asko pasatzea ezer amaitu gabe. Nire helburua da buruan ditudan ideiak lehenbailehen jartzea martxan eta aurrera egitea. Nobela beltzetik pixka bat urrundu nahiko nuke, baina ez dakit lortuko dudan, 33 ezkil-en ondoren ere horixe pentsatu eta (H)ilbeltza irabazi bainuen… Ez naiz nobela beltzaren irakurlea bereziki, baina idaztean erraz moldatzen naiz giro horretan. Hirugarren liburua lasaiago hartu nahiko nuke; falta zitzaidan konfiantza lortu dudala uste dut, eta neuk jarri nahiko nioke epea neure buruari, ez argitaletxe batek. Oraingoz, beraz, ez daukat berriro lehiaketa batera aurkezteko asmorik, egia esan”.