“Trikimailua? Pazientzia asko eta lotsa gutxi”

katalanaAnna Miró Escoda
(Falset, Tarragona, Katalunia, 1987)

Miró Escoda Bilboko Indautxu AEK euskaltegiko ikaslea da. Hutsetik hasi zen euskara ikasten, duela hiru urte, eta dagoeneko B2 mailan dago. Batzuetan, mintzapraktika ere egiten du, Gorliz Ospitaleko bere pazienteekin.

Nolatan iritsi zinen euskarara?
Euskara, lehenengoz, orain dela 15 bat urte ezagutu nuen, Katalunian; unibertsitatean medikuntza ikasten nenbilen urte haietan. Euskal Herriko ikasle batzuekin egin nuen topo, eta haien artean euskaraz hitz egiten zuten. Jakin-min handia sortu zidan, oso hizkuntza desberdina iruditu zitzaidalako. Lagun horietako batzuei esker, Euskal Herrira etorri ginen oporretan, eta ez behin, baizik eta ahal izan genuen guztietan. Lekuaz, kulturaz eta folkloreaz maitemindu nintzen, eta pentsatu nuen: “Egun batean, hemen biziko naiz, eta euskara ikasiko dut”. Bada, horrela izan da.
Zergatik erabaki zenuen euskara ikastea?
2017an, nire espezialitatea (Barne Medikuntza) amaitu, eta berehala etorri nintzen hona; Gorliz Ospitalean hasi nintzen lanean. Hasiera-hasieratik, argi izan nuen euskara ikasi nahi nuela. Izan ere, katalanez hitz egiten dut etxean, eta euskararen antzera, hizkuntza gutxitua denez, errespetua erakusteko eta nire eskualdean eta gizartean integratzeko modu bat iruditzen zitzaidan. Beraz, lanean hasi eta berehala, eta horretan esperientzia zuten lankide batzuen aholkuak entzun ondoren, euskaltegian izena ematea erabaki nuen, ikasprozesuarekin hasteko.
Nolako prozesua izan duzu?
Lehen eskola eguna maitasun bereziz gogoratzen dut: gu guztion beldur aurpegiak, irakasleak, trebetasunez, euskara bakarrik erabiltzen zuelako (a zer pazientzia, guk ulertzea lortzen baitzuen). Lehen urtea, uste nuenaren kontra, ez zen zaila izan, eta ikasturtea bukatutakoan inork uste baino askoz gauza gehiago ulertzen genituen. Urteak igaro ahala, normala denez, gero eta zailagoa da, eta denbora eskaini behar zaio etxean. Askotan, zaila da denbora aurkitzea euskaltegira joateko, baina nahiko ondo moldatzen ari naiz.
Zer izan da zailena zuretzat?
Uste dut, pertsona gehienentzat bezala, hitz egitea dela. Zenbat eta gehiago jakin, orduan eta gehiago konturatzen zara akatsez, baina lotsa gutxi izateak lagundu egiten dit.
Eta errazena?
Hizkuntza ulertzea, bai ikasgelan bai kanpoan: albisteetan, irratian, ospitaleko karteletan…
Erabiltzen duzu?
Nahi baino askoz gutxiago. Gehienetan lanean, lankide edo paziente euskaldunekin. Gehiago saiatu beharko nuke erabiltzen, kalean, dendetan, nire aisialdian…
Une barregarriak ere emango zizkizun…
Bai, batez ere euskara batua hitz egiten ez duen ospitaleko pazienteren batekin. Zerbait galdetu eta erantzuna ulertzen ez dudanean, irri egiten dute. Halere, kanpokoa naizela ikusten dutenean, eta beren hizkuntzan komunikatzen saiatzen naizela, komunikazioa egon dadin ahalegintzen dira, eta oso atsegin eta adeitsu jokatzen dute.
Gustuko hitza edo esamoldea:
Bi hitz ditut gustuko. Lehendabizikoa, arrakada, katalanez gauza bera esan nahi duelako; bigarrena, kuxkuxero, duen soinuagatik.
Trikimailuren bat?
Pazientzia asko eta lotsa gutxi. Denbora eskaintzea, baina, batez ere, maitatzea, ez hartzea betebeharra balitz bezala.