Kontrabandoz ekarritako kantuak

kontrabandista

Antzinako kantu zahar ahantziak berreskuratzea xede, mugaldeko musika ondarea bilduko du Kantuen kontrabandista telesail dokumentalak. Zazpi atalez osaturiko road movie musikal honetan, Xabaltx rocker ezagunak zaldiz zamalkatuko ditu aspaldiko kontrabandisten bideak, herriz herri iraganeko doinu eta hitzak jasoz eta berpiztuz. Inhart Iraizotz.

 

Urratsez urrats egin ohi dugu bidea. Orainaldian eginiko urratsek marrazten dute gure etorkizuna, iraganean ibilitakoek gure oraina zehaztu duten bezalaxe. Aspaldiko lorratzen bila jo du Pantxoa Bergara Xabaltxek (1969, Zuraide), lauhazka. Musikari, konpositore eta irrati esatari lapurtarrak, mugaldeko lurraldeak zeharkatu eta ahantzitako euskal doinu zaharrak topatuko ditu, Inda izeneko behorraren gainean. Bidaia horren emaitza, Kantuen kontrabandista emankizuna izanen da, Iban Rusiñol (Iruñea, 1975) musikari eta ekoizleak Kesturen eta Kanalduderen laguntzarekin ekoitzia.
Hondarribian (Gipuzkoa) ekinen dio abenturari Xabaltxek, eta kontrabandoaren bideek Larraineraino (Zuberoa) eramanen dute. Tartean, besteak beste, Ziburu (Lapurdi), Irun (Gipuzkoa), Senpere (Lapurdi), Zugarramurdi (Nafarroa Garaia), Itsasu (Lapurdi) eta Luzaidetik (Nafarroa Garaia) igaroko da, sei etapatan. Abentura etnografiko honen gidariak dioenez, “proiektuaren erdia prestatua bada ere, gainerakoa inprobisazioaren mende utzi dugu”. Hala, rockerrak soka luzea utziko die bere ohiko bihurrikeriei.
Rusiñolek argitu duenez, Euskal Herriko musika ondarea ezagutzeko abagunea eskaini nahi ukan dute, belaunaldiz belaunaldi transmititu diren doinuen erritmoari jarraituz, gure memoria kolektiboaren zati bat berreskuratzeko. Horretarako, Resurreccion Maria Azkueren (1864-1951) eta Aita Donostiaren (1886-1956) kantu tradizionalen bildumak baliatu dituzte, egun Interneten digitalki eskuragarri daudenak. Bi elizgizonek eginiko lana, ordea, modu kritikoan ulertzea garrantzitsua dela nabarmendu du emankizunaren zuzendariak: “Euskal kulturaren alde lan oso-oso garrantzitsua egin bazuten ere, desmitifikatu egin beharko genituzke. Izan ere, moral kristauaren arabera, kantu eta dantza dezente zentsuratu edo birmoldatu zituzten, eta horrek kultur galera eragin zuen”. Horrez gain, Facebook sare sozialean orri bat sortu dute, herritarrek ere kantu interesgarriak proposa ditzaten.
Aspalditik zuen Rusiñolek Xabaltxekin proiektu bat egiteko gogoa, eta, hiru urtez proposamena landu ondoren, azkenean urrian hasi ziren Kantuen kontrabandista grabatzen, Hondarribian. Kostaldeko herri adierazgarri horretan, balearen ehizari buruzko XVIII. mendeko Luis Gaiztoak kantua ukanen dute hizpide. Gainerako atalen grabaketa zortzi astez luzatuko dela aurreikusi dute, eta, dena ongi bidean, 2021. urteko udaberrian estreinatuko dute Kanaldude herri telebistan, lehenik, eta, ondoren,  2022ko urtarrilean, France 3 Nouvelle-Aquitaine telebistan, frantsesezko azpitituluekin.
Bidelagunekin, anitzez hobe
Dena den, kantu zaharrak berreskuratzeko eginkizunean, Xabaltx ez da bakarrik izanen. Izan ere, inguruetako musikari garaikide andanaren laguntza ukanen du, kantu zaharrei aire berria eman eta bestelako musika eskaintza aurkezteko asmoz. Horien artean, baditugu Petti, Willis Drummond, Lumi (Nahia Zubeldia eta Manu Mathys), Maddalena Luzzi, Thierry Biscary, Beñardo (Morau, Mugaldekoak) eta Ohian Oliarj-Ines (Oihaneko Zühainetan). Xabaltxen hitzetan, “bidaideen hautaketa prozesua ez zenez batere erraza, irizpide batzuk zehaztu behar izan genituen: kalitatea, musika dibertsitatea, gaztetasuna eta ekoiztetxerik gabeko musikariak izatea”. Artista bakoitzak metodologia jakin bati jarraitzen dio bere sorkuntzak garatzeko orduan, eta, Rusiñolen esanetan, “alderdi hori telesail dokumentalaren elementu interesgarrienetakoa izanen da. Ekoizpen taldeko kide gehienok musika mundutik gatoz; ondorioz, musika alderdia tentuz jorratuko dugula ziurta dezakegu”.
Emankizunaren zazpigarren eta azken atalean, artista gonbidatuekin kontzertua antolatuko dute, zeinetan bidaian bildutako sei kantuak zuzenean eskainiko diren. Ekitaldia 2022ko udaberrian egitea espero dute, COVID-19aren izurriteak hala baimentzen badu, behintzat. Horrenbestez, Rusiñolek eta Xabaltxek erronka handia dute parean, antzinako lorratzek etorkizunean tokirik badutela erakusteko.