Florida parkeak, berrehun kandela

florida

Gasteizko hirigunean dagoen parkeak bigarren mendeurrena bete du aurten. Erreferentziazko lekua da gasteiztarrentzat zein bisitarientzat, eta hiriak 1820. urtetik izan duen bilakaera bertatik bertara bizi izan du. Jon Rejado.

Bi mende bete dira aurten Florida parkea sortu zutenetik, berrehun urte. Ordutik, leku garrantzitsua izan da bai Gasteizko herritarrentzat bai hirira gerturatzen diren bisitarientzat. 35.000 metro koadro inguru ditu, eta eraikin garrantzitsuak hartzen ditu: Eusko Legebiltzarra, Ignacio Aldekoa kultur etxea eta Sindikoaren bulegoak. 1820. urtetik, baina, hamaika aldaketa izan ditu. Bilakaera ulertzeko, nahikoa da datu hau: duela berrehun urte, Gasteizen 9.000 biztanle baino gutxiago zeuden; gaur egun, ordea, ia 250.000.
“Ez da parke bereziki zabala, baina 200 espezie baino gehiago ditu, zuhaitz eta zuhaixka artean; haren balioa aintzat hartu beharrekoa da, ez baita txikia” azaldu digu Mario Saenz de Buruaga Consultora de Recursos Naturales enpresaren zuzendariak. Landare horien artean, asko espezie exotikoak dira; hamarkadaz hamarkada parkea kudeatu zuten lorezain nagusiek ekarri zituzten. Sekuoia gorri bat dago, ohiko hostoen ordez iratzeak dituen pagoa, kalamu palmondoa, Turkiako hurritza… Zuhaitz adierazgarrienak ikusteko, bisita gidatuak antolatzen dira, baina bisitariek beren kabuz ere bila ditzakete, turismo bulegoan plano bat eskatuta eta parkean dauden informazio taulen bitartez.
Zuhaitz horiek guztiek askotariko txoriak erakarri izan dituzte hirigunera, urtetik urtera. Saenz de Buruagaren esanetan, Florida parkean habia jartzen duten 40 espezie daude. “Ez da Madrilgo Erretiroa, baina honelako parke txikian adierazgarria da kopuru hori”. Urtaroaren arabera ikus daitezkeen txorien artean, honako hauek daude: txepetxak, zozoak, txantxangorriak, txorruak, erregetxo bekainzuriak...
Muturreko estiloak, elkarren ondoan
Florida parkearen bigarren mendeurrena dela eta, Consultora de Recursos Naturales enpresak liburu bat sustatu berri du, Gasteizko Udalak argitaratuta eta Miguel Angel Domingo Arabako Natura Institutuko kideak 2003an idatzitako testuak gaurkotuta. Saenz de Buruagak gogoratu du parkea ez zela hutsetik sortu. “1778an, Udalak zuhaitzak landatu zituen ingurune honetan, eta, horrela, Ezponda izeneko berdegunea sortu zuen; Florida parkea horren gainean eraiki zuten”. Harrezkero, unean uneko lorategi estiloek arrastoa utzi dute parkean.
Jatorrizko parkea egiteko orduan, lorategi neoklasikora jo zutela azaldu du Domingok, “Andre Le Notrek Versaillesen Luis XIV.arentzat sortutako lorategien nolabaiteko kutsuarekin”. Eremu zabala, lerro zuzenen hautua, bihotz forma emanez kimatutako hesiak… Elipse formako pasealekua ere egin zuten, gaur egun ere baliatzen dena, inguruko ikastetxeetako ikasleek inguruan korrika egin dezaten, besteak beste. Bada, elipsearen erdian, plaza biribila utzi zuten, eta, 1890ean, kioskoa eraiki zuten bertan, non dantzaldiak eta kontzertuak egiten diren.
Kioskoa jarri aurretik, ordea, beste estilo mota bateko lorategiarekin handitu zuten parkea. Mendizabalen desamortizazioarekin, parkearen eta hiriaren artean zegoen Santa Klara komentua administrazioaren esku geratu zen, 1938. urtean. Komentuko ortua parkea handitzeko erabili zuten, estilo erromantikoan. Elipseari eutsita, kontraste handia sortu zuten parkearen zati berriarekin. Lerro zuzenak beharrean, bihurritzen ziren bideak sortu zituzten, natura bizia irudikatzen zuten askotariko paisaien artetik. Sentsazio hori XX. mendearen hasieran areagotu zuten: mendixka bat, urmaelak eta errekatxo bat sortu zituzten.
Aldaketa gehiago egon ziren arren, 2006an txertatu zuten lorategi estilo berria Florida parkean. Ur kontsumo txikiko lorategi bat sortu zuten, tokiko landareen espezie askorekin. Ordurako, eraikita zeuden parkea inguratzen duten eraikin nagusiak: iparraldean, Bigarren Hezkuntzako Institutu Probintziala, gaur egungo Eusko Legebiltzarra, 1855ean; hegoaldean, Canciller Ayala Hotela, 1858an; mendebaldean, Katedral Berria, 1969an; eta, ekialdean, Ignacio Aldecoa kutur etxea, 1976an.
Herritarren topaleku
Parkea aldatu bitartean herritarrek aisialdirako baliatu zutela gogora ekarri du Saenz de Buruagak, garai bakoitzaren ezaugarrien arabera. Esaterako, hamarkada askoan ezaguna omen zen bikoteen artean, begiradetatik ezkutatu eta bertan galtzeko leku gisara. Txirrindularitza probak ere egiten zituzten bertan, 1962tik jaiotza monumentala, kontzertuak, dantzaldiak… “Garai bateko dantzaldietan, udal langile bat ibiltzen zen dantzarien artean, makila batekin, gizonen eta emakumeen arteko distantzia egokia zela neurtzeko”. 80ko hamarkadan, bestelako dantzaldiak egin ziren bertan, Gasteizko jaietako txosnak hartu zituen urteetan.
Aisialdiko kontuez gain, Florida parkeko zuhaitzen artean pasarte ilunak ere badaudela gogoratu du Miguel Angel Domingok, unean uneko gatazkek eraginak, tiroak eta hildakoak, tartean. Saenz de Buruagak gaur egunera ekarri du begirada, koronabirusak eragindako egoerara, hain zuzen: “200 urteko historian, inork ez zuen pentsatuko gaur egun bezain hutsik egongo zenik Florida parkea; itxialdia egin zenean, inork ikusi ez bazuen ere, kioskoa urdinez argiztatu zuten, osasun langileen omenez”.