55. DURANGOKO AZOKA TaupaDA eta arnasa

durango

Ezohiko urtean, ezohiko Azoka. Osasun larrialdiak erabat baldintzatuta dator 55. Durangoko Azoka, baina taupadei eutsita, koronabirusak dena hartu duen urte zail honetan euskal kulturaren taupada ez dadin gelditu. Hala, TaupaDA! lelopean, abenduaren 4tik 8ra egingo da. Eñaut Mitxelena, M. Egimendi.

Gizarteko esparru guztietan eragin du osasun krisiak, eta kulturgintzari eta euskalgintzari bereziki gogor erasan die. Halako egoeran, Azoka egitea inoiz baino beharrezkoagoa dela iritzi diote antolatzaileek. Hori bai, ezinbestean, aldaketa handiak izango ditu 55. Azokak. Plaza, azoka eta erakusleiho izango da aurten ere, baina berritasun handiekin, izaera birtuala indartuta eta aurrez aurreko jarduerei guztiz muzin egin gabe, nahiz eta mugatu.
Berritasun nagusia da ez dela erakusmahairik izango Landakon, jendetzarik bil ez dadin. Horren ordez, produktu guztiak www.durangokoazoka.eus webguneko denda birtualean erosi ahal izango dira. Bertan topatu ahal izango dira Landakon eskaini ohi diren produktuak: liburuak, diskoak, ikus-entzunezkoak, komikiak, jolasak, papergintzako lanak... Erosleek klik bakarra eginez bete ahal izango dute beren saskia, eta etxean jasoko dute erositako produktu sorta. Gainera, lehen mila erosleek Azokarako aurtengo kartelarekin (egilea Ane Pikaza da) egindako poltsa jasoko dute, doan.
Salerosketez harago, Azokak egitarau oparoa eskaini ohi du. Bada, aurten ere aurrez aurreko egitarauari eutsiko dio, hamaika jarduera eskainita, baina aldaketa nabarmenekin. Bi eremutan egingo dira ekitaldi guztiak: Landako Gunea eta Plateruena Kafe Antzokia. Batean zein bestean, edukiera mugatua egongo da, eta sarrerak aldez aurretik erreserbatu beharko dira. Era berean, Azokaren webgunean streaming bidez ikusi ahal izango dira, zuzenean, Durangora joan behar izan gabe. Hain zuzen, antolatzaileek zera eskatu diete kulturzaleei: ikuskizunen batera joateko sarrerarik ezean, ez joateko Durangora. Online emanaldiei esker, Azoka etxera etorriko zaigu, eta gu Azoka eta plaza digitalean murgilduko gara. Gerediaga elkarteko lehendakari Nerea Mujikak 55. Azokaren aurkezpenean esandakoari kasu egitea besterik ez da falta: “Dei egin nahi diegu kulturzaleei Azokaz beste modu batera goza dezaten: online denda kuxkuxeatuz, ekitaldiak streaming bidez ikusiz, klik egin eta gustuko liburu edo diskoa aukeratuz... 2020ko Durangoko Azoka izan dadila arnasa kulturaren sektorerako. Entzun daitezela ozen Durangon, Euskal Herriko etxeetan eta munduan guztion bihotzen taupaDAk!”.

Artisautza azokarik ez

Azoka egunetan, bestelako hamaika hitzordu izaten dira Durangon. Tartean, Euskal Denda, Euskal Herriko artisauak biltzen dituena, Euskal Herriko Artisauen Arbaso Elkarteak antolatua. Aurten, 25. edizioa ospatuko zuen, baina osasun larrialdia dela kausa ez da hala izango.


AIZU!-AEK, Azokan

Koronabirusak koronabirus, AIZU!-AEK-k ez dio hutsik egingo aurtengo hitzorduari. AIZU!ri dagokionez, ale solteak erosteko zein harpidetzak egiteko aukera izango da Azokako online dendan. Abenduko zenbakia, 452.a, inprentatik atera berritan erosi ahal izango da, fresko-fresko; Izaro abeslaria izango du azalean, eta azaroko zenbakiarekin batera eskuratu ahal izango da aldizkaria. Harpidetza dela eta, bi aukera eskainiko ditugu: urte osokoa edo murriztua. Lehenengoan, eskaintza berezia izango dugu, deskontuarekin: 23 euroren truke, harpidedunak urtean 10 zenbaki jasoko ditu. Aldizkaria lehenengoz ezagutu dutenentzako harpidetza murriztuak, berriz, 4 zenbaki jasotzeko eskubidea emango du, 10 euroren truke. Bata zein bestea egiten dutenek Izaroren Limones en invierno diskoa, sinatua, jasotzeko zozketan parte hartuko dute. Horrez gain, AEK-k argitaratutako Primeran B1 irakaslearen liburua eta Primeran B1 ikaslearen liburua (lan koadernoarekin eta DVD batekin) ere eskuratu ahal izango dira. Euskara ikasten edota irakasten ari direnentzat izanik, langai didaktikoz osaturiko argitalpenak dira biak ala biak.

 

uzinUbane Uzin
Gaztelupeko Hotsak

Zer aurreikuspen duzue aurtengo Azokarako?
Egoerarekin bat datozen aurreikuspenak ditugu, eta egoera hau ez da batere samurra. Nahiko urte sinbolikoa izango dela uste dut, baina egon egin behar da. Gauzak datozen moduan datoz, Gerediagak eta Azokak ahalegin itzela egin dute, eta egon egin behar da. Halere, salmenten eta etekinen aldetik, oso sinbolikoa izango da. Gure eskaintza ez dugu Azokari begira egiten, gure sortzaileen arabera baizik. Abiapuntua, haientzat, jaialdiak eta festibalak izaten dira, eta normal funtzionatzen jarraitu dute ekoizpenari dagokionez, diskoa 2019an atera zutenak direlako aurten biretan ibili behar zutenak. Hortaz, berdintsu ibili gara lanak argitaratzen, nahiz eta baten batek atzera egin duen egoerarengatik. Horrek esan nahi du 2021ean ez duela zuzeneko emanaldirik izango, diskoa argitaratzea eta emanaldiak egitea zuzen lotuta daudelako.
Musikarako oso txarra izaten ari den urtean, Azoka lagungarria izan daiteke?
Nik baietz pentsatu nahi dut, saiatzen naiz modu positiboan pentsatzen, baina errealitatea da gaur egun ez dagoela musikagintza orokorra altxatuko duenik, eta euskal musikagintza ez dago hobeto, inondik ere ez. Beraz, egoera nahiko katastrofikoa da, baina aupa Gerediaga eta aupa Durangoko Azoka! Halere, errealitatea den bezalakoa da, eta ezin gara hortik kanpo bizi, Yupiren munduan egongo bagina bezala.

narbaizaMiren Narbaiza
Ahotsenea

Zer aurreikuspen duzue aurtengo Azokarako?
Aurtengo Azoka aurrez aurrekoa imajinatu nahiko nuke, baina ez da hala izango. Sortzaileentzat ez da urte erraza izango, salmentak nolakoak izango diren ikusteke dago. Kulturzaleentzat ere Durango ezin zapaltzea, halabeharrez saltsa horretatik urrun egotea, pena handia da. Horregatik nahi nuke kulturzaleek Azokarekin bat egitea. Bertatik bertara, ahal dutenek; etxetik, besteek. Streamingez zein liburu bat irakurriz, egongo dira moduak Azokan egoteko.
Sortzaileen Plaza da Ahotsenea. Zuzenekoak izugarri murriztu diren urtean, ezinbestekoa bihurtu da plaza horri eustea?
Dena bertan behera gelditzen ari den honetan, gure guneari eustea da egin dezakegun gutxienekoa. Sortzaileek  beren lana aurkezteko plaza bat izan dezaten, zer, nola eta zergatik egin duten azaldu eta kulturzaleekin harremanetan jartzeko. Durangoko Azokan aurkeztuko diren 36 disko eta 16 liburuez gain, beste plaza batzuekin batera (Literaturia irailean eta Darabagu urrian), 40 idazlek eta 70 musika taldek izan, eta izango, dute haien lanak aurkezteko lekua aurten. Azken aukera Galdakaon izango da, abenduaren 20an: Sormene, sorkuntzen Galdakaoko Plazan sei disko eta bederatzi liburu aurkeztuko dira.

leireLeire Lopez Ziluaga
Susa

Zer aurreikuspen duzue aurtengo Azokarako?
Egia esan, ez dugu aurreikuspenik egin. Orain arte ezagutu ez dugun egoera batean gaude, eta orain arte ezagutu ez dugun modu batean egingo da Azoka. Jakin badakigu egun horietan ikusten genituen hainbat lagun eta adiskide ez ditugula ikusiko aurten, eta Susako zenbait egilek liburu aurkezpenak izango dituztela Ahotsenean. Salmentei dagokienez, ez dugu zerekin alderatu, eta zaila da jakitea irakurleek nola hartuko duten liburuak eskuratzeko bide hori. Txikiagoak izango dira, horren inguruan ez dut uste duda handirik dagoenik; kontua da zenbateraino. Hori denontzat izango da zaila, baina bereziki proiektu txikientzat, haien salmenten ehuneko handi bat Azokatik ateratzen dutenentzat.
Zer eragin dezake erosle eta kultur eragile eta egileen artean zuzeneko harremanik ez izateak?
Azoka izateaz aparte, Durangokoa topagunea izan da orain arte. Lagunekin elkartzeko leku bat izan da, bilerak egin dira, manifestazioak, bestelako azokak... Eta kulturzaleen eta egileen arteko topagune bat izan da, standetan egileengana hurbilduta edo Ahotsenean bilduta, kasu. Guri irakurleen argazki prekarioa egiteko aukera ematen digu: liburuak argitaratzen ditugu, baina, oro har, ez dakigu nork irakurtzen dituen; bada, egun horietan, aurpegia jartzen diezu irakurleei, batzuekin hitz egiteko tartea hartzen duzu erritmo frenetikoak aukera ematen duenean... Horrez gain, egun horietan, aspaldi ikusi gabeko lagunekin egiten dugu topo, eta, hainbat egunez, urte osoan gehiegi ikusten ez ditugun pertsonekin gurutzatzen gara. Horrek aukera ematen du zertan gabiltzan elkarri kontatzeko eta, batzuetan, proiektu berriak sortzeko ere bai. Harreman hori guztia, berotasun hori guztia, ez dugu edukiko aurten. Zaila egiten zait aurreikustea zer ondorio edukiko dituen horrek. Eta ez da gauza bera urte bateko kontua izatea edo gehiago luzatzea.


mujikaNerea Mujika
Gerediaga elkartea

Zer aurreikuspen dituzue aurtengo Azokarako?
Aurtengo edizioa oso berezia izango da, osasun krisiaren eraginez. Erronka handia izaten ari da guretzat, Azoka ezohiko egoera honetara egokitu behar izan dugulako: egunez egun osasun neurriak aldatu egiten direnez, plana moldatzen dihardugu. Baina argi izan dugu, hasieratik, Azoka antolatu egin behar genuela, ezin genuela taupada eten.
Lehenengo aldiz, salerosketa online egingo dugu, www.durangokoazoka.eus webgunean sortuko den denda birtualean. Bertan, abenduaren 4tik 8ra, Landakon izan ohi diren produktuak topatuko ditu kulturzaleak: liburuak, diskoak, ikus-entzunezkoak, komikiak... Saskia osatu, eta etxean jasoko ditu produktu guztiak. Horrez gain, egitaraua ere egongo da, kontzertuz, solasaldiz eta proiekzioz osatua.
Denok daukagu gogoa batzeko, nahasteko, giroaz gozatzeko, plazan topatzeko... baina aurten ezingo dugu, Azoka beste modu batera bizi beharko dugu. Halere, garrantzitsuena da taupadak bizirik jarraituko duela, euskal kulturaz gozatzeko eta gure ekarpena egiteko aukera izango dugula.
Inoiz baino zailagoa, baina inoiz baino beharrezkoagoa aurtengo Azoka?
Osasun krisiak gogor kolpatu ditu gure gizarteko arlo guztiak, baita kulturgintzarena ere. Kezka handiz bizi dugu pairatzen ari garen egoera eta horrek euskalgintzan eta kulturgintzan izan dezakeen eragina. Egoera zaila zuen lehen ere euskal kulturak, eta are zailagoa izango du aurrerantzean osasun krisia dela kausa. Horregatik, gure ustez, inoiz baino garrantzitsuagoa da Azoka egitea, eta horretan ari gara lanean. Horrez gain, guztion konpromisoa premiazkoa izango dugu, alegia, erakundeena, herri mugimenduena, sortzaileena, lan munduarena eta kulturzaleena.

Argitalpenak

diskoakOKER (TXAKURRA DA)
Jabier Muguruza
Mara-Mara

Hamar kantu biltzen dituen lan honekin haur txikientzat kantatzera itzuli da musikari irundarra. Iñaki Irazu idazlearen hamar poema musikatu ditu, animaliaz eta onomatopeiaz josiak.

LEPORA
Lepora
Bonberenea ekintzak

Gasteizko laukoteak bere lehen lana argitaratu du, lokalean bi urtez baino gehiagoz aritu ondoren. Zortzi abesti zuzen eta gordinez osatutako diskoan, 90eko hamarkadako hainbat rock moduren eragina nabarmentzen da.

KRONIK@
Mihise
Balio Dute

Rock talde usurbildarraren lehen diskoak hamar abesti dakartza. Hotzikara eta Izeberg taldeetan aritutako hiru kideek kolpe emozionala jaso, eta horren inguruan igarotako faseen kronika egin dute.

ZUBIAK
Otxalde
Agorila

Hamaika kantuko lanak talde lapurtarraren folk unibertsoan murgiltzen gaitu. Askatasuna, batasuna, bakea... mintzagai, ez dira Euskal Herria eta euskara falta, baina badira gospela eta zulu tradizionala ere.

 AZKEN ARGIAK
Ziztada & Rlantz
Taupaka

Soinu elektronikoak eta reggae-dub estiloak batu dituen lan honetan, emakume eta gazte izateagatik eta Euskal Herriaren nazio izaera defendatzeagatik, pairatzen diren hainbat zapalkuntza mota salatzen ditu taldeak.

liburuakFUNANBULISTAREN BELDURRA
Karlos Gorrindo
Erein

ETAko militante ohiak 1980 eta 1996 artean kartzelaz kartzela igarotako garaiaren kronika da liburu hau. Orduan bizi eta sentitu zituenak idatzi ditu, lehen pertsonan. Joseba Sarrionandiarena du hitzaurrea.

 

 HOTZ INDUSTRIALA
Julen Belamuno
Susa

Elkarren artean loturarik gabeko bost ipuin luzek osatzen dute liburua. Hainbat egoera eta leku agertzen dira, eta narrazio bakoitzeko pertsonaia nagusiak beste batekin duen harremanak eramaten du kontakizuna aurrera.

 

HAIZE-LEKUAK
Amaia Telleria
Alberdania

Mikelak, 13 urterekin, supituki utzi beharko du atzean baserriko haurtzaroa, ama alargunak Altsasura neskame bidaltzen duen unean. Dirudunen etxean eta Gerra Zibilaren itzalean, ez da giro galtzaileentzat.

 

IBAIERTZEKO IPUINA
Oihane Amantegi
Elkar

Ibai bat, AEBetako hegoaldeko bazter galdu batean, zehazten ez den garai ia mitiko batean. Eleberriko protagonista zortzi urteko neskato bat da; gai nagusia, ostera, heriotza, haur baten ikuspegitik kontatua.

 

EUSKAL GERRIKOA
Xerar Urrutia Jorajuria
Maiatz

Sorginen kontrako errepresioan girotua, nobela labur honen haria 1660an hasten da, Urruñako baserri batean. Izadiarekiko kultu zaharrak, Marirekiko sinesmenak eta Ama Lurrarekiko maitasunak pisua dute narrazioan.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Koronabirusak, aurten, Azoka zale eta kulturzaleak ez ditu baraurik utziko. 55. Azokak osasun egoera berezira egokitutako egitaraua antolatu du, eta, beraz, abenduaren 4tik 8ra arte hamaika jarduera izango dira Durangon. Ekitaldiak mukuru, baina ez ohituta gauden moduan. Gehienok etxetik jarraitu beharko ditugu jarduerak: egitaraua zuzenean eskainiko dute www.durangokoazoka.eus webgunean, streaming bidez. Horretarako, bi kanal sortuko ditu Azokak; bata, Landako Guneko ekitaldietarako; eta bestea, Plateruenan egingo direnak ikusteko. Izan ere, aurten bi gunetan batuko dituzte aurreko urteotan Ahotsenean, Kabi@n, Szenatokian, Saguganbaran, Irudienean eta Areto Nagusian egin izan diren jarduerak. Hona hemen hainbat zertzelada.

Landako Gunea

Plateruenako kontzertuak izan ezik, gainerako ekitaldiak Landakon izango dira: literatur solasaldiak, emanaldiak, ikuskizunak, aurkezpenak, ipuin kontalariak, haurrentzako proiekzioak... Diziplina anitzeko ekitaldiak eta ikusle mota askorentzat izango dira.

Plateruena

Ahotseneako zuzenekoak hartuko ditu Plateruena Kafe Antzokiak: Gatibu, XSakara, Rafa Rueda, Bulego, Zetak, Maria Rivero, Raitx, Modus Operandi...

Ikasle Goiza

Abenduaren 4an izango da. Webgunean, ekitaldi andana eskainiko zaie ikastetxe eta gazteei: askotariko online tailerrak (bikoizketa, ilustrazioa, Blender aplikazioa...) eta zuzeneko elkarrizketak Liher taldeari, Kai Nakairi, Erika Elizariri eta Aitor Aranari.

Sormen Beka

III. Sormen Beka emango du Durangoko Azokak, ikus-entzunezkoei lotuta. Era berean, Kai Nakai abeslariak, iazko bekaren irabazleak, laguntza horri esker ondutako diskoa aurkeztuko du, abenduaren 4an, Plateruenan.

Azokatik Euskal Herrira

Zu non, han DA! egitasmoari esker, 55. Azoka Euskal Herri osora zabalduko da. Bi ardatz nagusi izango ditu egitasmoak: Plaza eta Denda.
Plazak musika eta zuzenekoak zabalduko ditu Euskal Herrira. Abenduaren 5etik 8ra, 20 kontzertu eskainiko dituzte Amurrio, Gasteiz, Bermeo, Bilbo, Ondarroa, Azpeitia, Donostia eta Atarrabian (Ipar Euskal Herrian ez da egingo, koronabirusaren kontra ezarritako neurriak direla eta). Herri bakoitzean, bi kontzertu izango dira, eta 32 taldek hartuko dute parte: Sara Zozaya, Gatibu, Liher, Joseba Irazoki, Inoren Ero Ni, Zea Mays, Kaskezur, Amorante, Moxal, Pelax... Sarrerak www.durangokoazoka.eus webgunean eros daitezke.
Denda, ostera, Azoka egunen ostean etorriko da. Azokaren online denda abenduaren 4tik 8ra egongo da zabalik, baina Euskal Herriko liburu-dendetan emango diote jarraipena. Hartara, urtarrilaren 8ra arte, Euskal Herriko hainbat liburu dendatan Azokako produktuak erosi ahal izango dira.