Borrokei so

getxo

Pha Lina, Ratanakiri 2013
Ratanakiri probintziako (Kanbodia) oihanen deforestazioak eta desjabetzeek bertako indigenei eragindako kalteak salatzeko argazkia.

Irailaren 28ra arte, borrokaleku izango da Getxo. Borrokak izango dira nagusi kale, enparantza, areto eta beste hainbat txokotan. Indarkeriarik gabeko borrokak, askatasunaren, duintasunaren, pertsonen, besteekiko errespetuaren, eskubideen, identitateen, aniztasunaren alde. Finean, mundu hobearen aldeko borrokak, getxoztarren nahiz bisitarien parte-hartzea bilatuko dutenak. Izan ere, borrokak dira 8. Getxophoto jaialdiaren ardatz nagusia. Borroken mundua eta haien irudikatzea, nazioarteko hogei argazkilari ospetsuren eskutik: Pieter Hugo, Maika Elan, Y. Almutawakel, Pha Lina, Emeric Lhuisset, Nyaba Léon Ouedraogo, Mikel Bastida... Argazkilaritza-genero anitzen erakusgarri, munduko gatazka arras ezberdinen erakusgarri dira hein berean. Abuztuaren 28an abiatu zen Begihandi kolektiboak antolaturiko jaialdia, erakusketez gain bestelako ekitaldiekin, eta irailaren 28an amaituko da. Hilabete luze, beraz, ikusteko. Begiratzeko. Begiradak ikusteko, begiradez ikasteko.