“Beste ofizio batzuetan, lan egiteagatik soldata jasotzea ez da pribilegiotzat jotzen“

izaro

Erdi autokonfinatuta harrapatu dugu Izaro Andrés (Mallabia, 1993), bere azken diskoa (Limones en invierno) aurkezteko kontzertu biran buru-belarri sartuta baitago. Ez daude gauzak kontzertuak bertan behera uzteko moduan; beraz, posta elektronikoz egin dugu elkarrizketa, mallabitarrak hala eskatuta. M. Egimendi. Argazkiak: Amaia Zabalo.

Noiz arte egongo zara konfinatuta?
Urrian, hil osoa egon nintzen etxean, eta gogorra egin zitzaidan; batez ere, nire lantaldearekin eta familiarekin fisikoki egon ezin izatea. Ez da jasangarria horrela bizitzea, eta, orain, askoz gauza gehiago baimentzen dizkiot neure buruari. Urrian, Euskaldunako eta Kursaaleko kontzertuak genituen, pandemiaren aurretik saldu ziren handienak, eta, horiek egiteko, beharrezkoa ikusten nuen guztiz konfinatzea. Kontzertu horiek aurrera ateratzea hainbeste kostatu ondoren, ezin nintzen izan ni dena bertan behera uzteko arrazoia. Orain, pandemia betean ari gara kontzertuak lotzen, eta dena da lasaiagoa, egoerari egokituagoa. Kontuz nabil, oso adi. Ez naiz ohikoak ez ditudan pertsonekin gelditzen. Ez naiz sekula tabernazalea izan, beraz, arazorik ez. Orain, pasieran irteten naiz, hondartzan bainatu ere bainatu nintzen azaroan, eta nire kanpo kolaborazioei heldu diet berriro. Lagunak ikusten ditut, kanpoan, gutxi eta maskararekin beti, eta enkarguak egitera ateratzen naiz. Lasaiago nago, oro har, eta oso pozik nabil, askatu berri duten txoria bezala, kar-kar!
Zelan daramazu kontzertuen formatu berria?
Ez da erraza. Hasteko, areto askotan, eserlekuak prezintatuta daude, zinta gorri-zuri horrekin. Edukierarena gogorra da, nahiz eta jendeak dena eman eta gunea bete, lagun gutxi izan arren. Baina ez da gauza bera. Kursaalen, betetako bi kontzertu genituen aurreikusita, eta sei jo genituen, erdi hutsik. Lehen kontzertuan, 400 pertsona zeuden, 1.800 egon beharrean, eta oholtzatik besaulkietara begiratu nuenean energia pila bat galdu nuen; kostatu egin zitzaidan hori ahaztu eta kontzertuan sartzea. Ez da espero duzun harrera, hainbeste eserleku huts... Maskarek ere pila bat eteten dute komunikazioa, ez dakizu ikusleak ondo dauden, abesten ari diren... Orain, asko eskertzen da oholtzatik publikoaren gorputz mugimendua ikustea; gerritik gora aktibo egotea praktikatu beharko dugu hemendik aurrera. Horrez guztiaz gain, ezin naiz irten sinatzera edo argazkiak ateratzera, horren falta ere nabaritzen dut.
Biran murgilduta, azken diskoko kantuak bakarrik dituzu buruan, ala ari zara berriak sortzen?
Beti ari naiz gauza berriak sortzen, batzuk niretzat, beste batzuk partekatzeko. Dagoeneko erakutsi nahi ditudan gauza nahikotxo pilatzen ari zaizkit, ea nola doan bira eta antola gaitezkeen gauza berriak grabatzen hasteko. Oraingoz, disko berririk ez daukat buruan, ez naiz epe luzerako planik egiten ari, badaezpada. Birari bizirik nola eutsi da orain gure misioa.
Nolakoa da abesti bat sortzeko prozesua zuretzat?
Oso naturala: ideia bat, esaldi bat, hitz bat, irudi bat, melodia bat... etortzen zait, bakoitzean gauza bat, eta, horri jarraikiz, jolasten hasten naiz. Asko gozatzen dut sortzen, bat-batean ez nagoela bakarrik sentitzen dut. Arraroa dirudi, baina norbaitekin edo zerbaitekin egongo banintz bezala da, edo neure buruaren bertsio askorekin; ez dakit, baina talde lana sentitzen dut nire bakardadean.
Noiz erabakitzen duzu kantu bat amaituta dagoela?
Kanta bera jaiotzen den unean. Gero, konponketak beste gauza bat dira. Kantak hasi eta amaitu egiten ditut, normalean; asko jota, ordubetean. Azkena, 15 minutuan egin nuen, joan den astean. Gero, nire taldekideei abestia jo, eta orduan hasten gara kantua janzten. Prozesu hori luzeagoa izaten da, eta zailagoa egiten zait guztiz kontent gelditzea; buelta batzuk eman behar izaten ditugu, nahiz eta nire musikariek esaten didaten nahiko azkar egiten dugula lan hori. Gustatzen zait ikustea nire buruan sortu den zerbaitek nola funtzionatzen duen besteen buruan, oso intimoa eta berezia da niretzat prozesuaren parte hori, eta oso zortedun sentitzen naiz ondoan ditudanekin.
Ibilbide meteorikoa izan da zurea, nola kudeatzen da hori gaztea izanik?
Ahal den moduan. Egia esan, gaztetxoak garenean ez daukagu baliabide emozional gehiegirik gauzak kudeatzeko, nahiko gaizki bideratuta daramagu gure ezagutza emozionala, eskoletan ez da gehiegi lantzen nolakoa izan, nola sentitu... Akaso, orain lehen baino gehiago, baina hala ere. Nik nukleo familiar osasungarri, sentibera eta argia izan dut, eta horrek lagundu dit dena kudeatzen. Batez ere, 2017 eta 2018 izan ziren urte zailenak niretzat, krisi existentzial potolotxoa izan nuen, nire bizitzak sekula espero gabeko bide bat hartu zuelako: nire oraingo normaltasuna. Ezagutzen nuenetik kanpo zegoen nire bidea, eta bide alternatiboek ez daukate presentzia handirik gure gizartean. Bat-batean, musikaren mundu guztiz ezezagunera bota nuen neure burua, igerilekuan ura egon zedin otoitz eginez. Eta bazegoen, eskerrak!
Eta dagoeneko musikatik bizi zara. Gutxik esan dezakete hori 26 urterekin…
Bai, eta nahiko gaizki hitz egiten du horrek gure gizarteaz. Estimu handia diot nire bizitzako momentu honi, nahi dudan lekuan nagoela sentitzen dut. Pribilegiatua sentitzen naiz, nire lana egitetik bizi ahal naizelako; nahiko tristea da hori. Beste ofizio batzuetan, ez dut uste pribilegiotzat jotzen denik lan egiteagatik soldata jasotzea.  
Esan izan duzu musika industria barrutik ezagutzea beldurgarria izan dela zuretzat, baina ba al dago industria egituraturik euskal musikan?
Zerbait badago, adabakiak lekedaz itsatsita, ahal izan dutenek ahal izan duten moduan egindakoa. Polarizatuta dago kontua, heterogeneoa da, eta ezegonkorra; egoak handiak dira, eta zaila da gauza bateratuak eta kolektibo bat eraikitzea. Baina gogoa egon  badago, eta beharra ere bai. Ganorazko egitura batetik hurbilago gaudelako esperantza daukat. Musikariok nekatuta gaude, triste samar eta beldurtuta, baina indarra eta gogoa ere sumatzen ditut. Ea pandemia desagertzen den, behintzat...
Pandemiak gogor jo du kultura. Sortzaileok gutxietsiak sentitzen zarete? Badirudi ez zaituztetela langiletzat hartzen…
Bueno, ez pandemian ez pandemia aurretik. Geuri ere kostatzen zaigu, askotan, langileak garela sinestea. Gure lan autoestimua asko landu behar dugu, gizarteak behin eta berriro aurpegiratzen digulako ez garela beste langileak bezalakoak. Euskal musikari gehienek, musikari izan ahal izateko, beste lan bat egin behar dute. Unibertsitatean, Fisika ikasi nuen urtebetez, eta bizitza osorako bereziki aplikagarria den honako hau ikasi nuen: frogapenak egiteko metodoetako bat da gauzak absurdora eramatea. Eraman ditzagun, bada: imajinatu mediku bat fabrika batean 8 orduz lanean, gero beste 8 orduz mediku izan ahal izateko, bata zuriak erosi ahal izateko, ebakuntza gela bat alokatu eta fabrikan irabazitako diru ia guztia hor inbertitzeko... Bada, jende asko dabil horrela kulturan.
Ametsetan jarrita, zein izango litzateke kultur politika egokia?
Jakingo banu, ate joka nengoke proposamena eskuan! Uste dut hausnartzea, pentsatzea, dagokigula. Ez naiz politikaria, ezta ekonomialaria ere, horrelako ezer ez. Hori ere bada gure prekaritatearen parte, gure abokatuak gu geu izatea eskatzen zaigula, gu geu gure politikariak, gu geu gure gizarte adituak, kultur politika ona sortzeko gai izan beharko bagina bezala. Ez daukagu ideiarik ere! Adituen laguntza behar dugu hori eraikitzeko.
Zuk autoekoizpena hautatu duzu. Horretan jarraitzeko asmorik?
Oraingoz, bai. Autoekoizpena da, baina beste batzuekin elkarlanean. Nire managerraren laguntza leiala daukat, nire ekosistema artistikoa oso ondo ulertzen duela uste dut. Altafonte eta BMGrekin elkarlanean gabiltza, banaketarako, egile eskubide eta eskubide editorialetarako, eta asko ikasten ari naiz. Sektorearen alderdi arautuago bat ezagutzen ari naiz, eta, nire ustez, oso garrantzitsua da artistok gure eskubideak ezagutzea eta gure lanaren balioa zein den jakitea. Babestua sentitzen naiz, sostengatua; eta, oraingoz, honekin aurrera. 
Gaur egun, zer da musika zuretzat?
Bizitza eredua. Musika eta artea bizitza bera dira. Neu naiz, horrelakoa naiz, beti izan naiz, eta uste dut beti izango naizela, profesionalki horretan aritu zein ez. Gaur egun, nire bizitza eredua eta nire ofizioa da.
Bukatzeko, eman bi arrazoi euskara ikasteko.
Bat: hizkuntza bakoitzak bere barne mundua dauka, eta zoragarria da barne mundu hori ezagutzea. Bi: zenbat eta hizkuntza gehiago jakin, orduan eta hizkuntza gehiagotan maite dezakezu; bada ezer hoberik?

Kolkotik  
Non eta noiz eman zenuen lehen kontzertua?
Mallabiko Trabaku Behekoa tabernan, lagun batzuena da.
Zer ez da falta inoiz zure etxeko hozkailuan?
Esnea eta arrautzak.
Musika ez den beste zaletasun bat?
Bidaiatzea.
Larunbat gauerako planik onena?
Etxean maite dudan norbaitekin afaldu eta kontu-kontari aritu.
Ikusi duzun kontzertu gogoangarri bat?
Beyoncérena, Bartzelonan, 2016ko abuztuaren 3an. Ikaragarria.
Eta zeureen artean?
Urriaren 28an, Kursaaleko seigarrena.
Agertokira igo aurreko maniaren bat?
Biraoak esatea, kar-kar!
Ahotsa zaintzeko erremediorik onena?
Ahotsa ondo erabiltzea.
Zein kontzertu galdu izanaren pena duzu?
Silvia Pérez Cruzek Donostian eman zuen azkena.
Nori edo zeri ez zenioke inoiz kanturik eskainiko?
Auskalo! Beti jaio daiteke kantu aproposa edonorentzat.
Zeuk eskainitako kontzertu baten ondoren, zer?
Orain, desmakillatu, ura edan, maskara jarri, etxera joan eta mezuak ikusi.
Lehen, taldekideak besarkatu eta elkarrekin afaldu, gero etxera joan eta mezuak ikusi.
Zer egiten duzu erlaxatu beharra duzunean?
Yoga.
Nola ikusten duzu zeure burua 20 urte barru?
Zaharra, kar-kar! Ai ene, zaharra!
Zer izan nahi zenuen txikitan?
Esploratzailea.
Eta orain, zer ez duzu izan nahi?
Gazte hil zen norbait.
Biharko egunkarian irakurri nahiko zenukeen albistea?
Munduko agintari guztiak ados jarri dira gerra guztiak bertan behera uzteko.