Mendi Film jaialdia, aurrez aurre eta online

mendifilm

Abenduaren 4tik 13ra egingo da BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia 13. Nazioarteko Mendiko Zinemaldia, eta, urtero bezala, hamar egunez mendiaren unibertso zabala eramango du Bilbora, film emanaldiekin ez ezik, bestelako ekitaldiekin ere: hitzaldiak, mahai-inguruak, erakusketak... Koronabirusak baldintzatuta egingo da jaialdia, baina, printzipioz, antolatzaileek aurrez aurreko saioei eutsi diete. Horrenbestez, Golem zinema aretoetan, BBK Salan eta Euskalduna Jauregian eskainiko dituzte emanaldiak, betiere derrigorrezko osasun neurriak hartuta. Dena dela, online ere zabalduko dituzte bai sail ofizialeko lanak bai hitzaldi, mahai-inguru eta gainerako ekitaldi bereziak. Aurten, guztira, nazioarteko 54 lanek hartuko dute parte lehiaketan; tartean, bost euskal ekoizpenek. Bostek estreinaldia izango dute, eta horietarik lau euskaraz izango dira: Mattin Zeberioren Urmuga, Romain Janeten Iparraldean eta Ruben Crespo Perezen Aterpean ateri laburrak, eta Iñaki Peña Bandresen Mendian hil, hirian hil. Egitarau zehatza mendifilmfestival.com webgunean ikus daiteke.


maskaradaCOVID-19a dela eta, oraindik ezin da jakin aurten maskaradarik eginen ote den Zuberoan. Hori bai, egitekotan, bi herrik egingo dituzte: Barkoxe eta Atharratze-Aloze. Biek agertu zuten bere egunean maskarada antolatzeko nahia, eta, horrenbestez, bateko zein besteko gazteak hasiak dira maskaradak prestatzen, nahiz eta baldintza egokirik izango duten jakin ez. Egin ahal izango balira, herri bakoitzak bere aldetik egingo luke. Dena den, Ipar Euskal Herriko Hitza hedabideak jakinarazi duenez, bi herrien ordezkariek nola egin adostu dute: nork bere egutegia izango du, txandaka jokatuko dituzte, eta hainbat herritan. Nolanahi ere, 2021ean maskaradarik izango den ala ez aurreikustea oso zaila da, pandemiak zeharo baldintzatuko duelako jardun oro. Aurten, esaterako, lehen emanaldiak eskaini ostean, pandemia lehertu, eta gainerakoak bertan behera utzi behar izan zituzten Altzürüküko gazteek.

 

 

LABURREAN

ZIRKOZAURRE Bilboko zirku arteen guneak ZKZ Topaketa’20 zirku jaialdia antolatu du, abenduaren 4tik 8ra. Zirku ikuskizunak izango dira nagusi, jakina, baina arlo horretako zenbait diziplina lantzeko hiru lantegi ere eskainiko dituzte. Emanaldiak Pabiloi 6 aretoan izango dira, eta hainbat konpainiak eta artistak parte hartuko dute: La Teta Maestra, trasPediante, Nando Caneca, Wilbur, D’Click, Zirkozaurren ikuskizunak prestatu dituzten taldeak... Lantegiak, berriz, Zirkozaurreren egoitzan egingo dira. Bai emanaldiak bai lantegiak osasun larrialdiaren eraginez ezarritako baldintzetara egokituko dira. Egitarau zehatza zirkozaurre.com gunean dago ikusgai.

KOSKA prestakuntza mintegia antolatu dute Axut! konpainiak eta Euskal Elkargoak, 16 eta 25 urte bitarteko gazteak antzerkigintzaren transmisioan eta sorkuntzan trebatzeko, bai eta haien arteko elkar ezagutza eta trukaketa sustatzeko ere. Prestakuntza saioak datorren urteko urtarrilean eta maiatzean egingo dira, eta praktikotasuna izango dute oinarri. Hala, Axut!eko kideen laguntzarekin antzerkigintzaren esparru ugariak lantzeaz gain, bestelako hitzorduak ere izango dituzte gazteek: topaketak artistekin, sorkuntza prozesuen ezagutza... Osasun larrialdiaren bilakaeraren arabera, emanaldiak ikusteko parada ere izango dute, baita bi sorkuntza egonaldi bertatik bertara ezagutzekoa ere, bata Luhuson eta bestea Larzabalen. Abenduaren 5era arte eman daiteke izena, E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko. helbidera idatzita.