La llorona

llorona

Zuzendaria: Jayro Bustamante. Gidoia: Jayro Bustamante. Aktoreak: Maria Mercedes Coroy, Sabrina De La Hoz, Julio Diaz, Ayla-Elea Hurtado, Margarita Kènefic, Maria Telón. Guatemala, 2019.

Istorioa: Guatemalan, Enrique Monteverde jeneral erretiratua epaituko dute, 30 urte atzera ixil etniako indigenen genozidioa sustatu eta gauzatzeagatik. Zigortua izango den arren, epaiketa baliogabetzat joko dute eta aske geratuko da. Familiaren etxean hartuko du babesa, senideekin batera, baina gauez negar hotsak entzuten hasiko da.
Zuzendaria: Ixcanul (2015) eta Temblores (2019) filmen ondoren, Guatemalako historiari erreparatzen dion “mespretxuaren triptikoa” osatu du Bustamantek. Oraingoan, La Lloronaren kondaira (seme-alabak ito ondoren, damututa, gauero lantuan alderrai ibiltzen den arima herratua), Latinoamerikan oso hedatua, baliatu du Guatemalako historia hurbileko pasarte odoltsu bati heltzeko, zeinak Jose Efrain Rios Montt (1926-2018) diktadorearen kasua ekartzen duen gogora.
Onena: Mamuak justizia bila dabiltzan biktimen metafora moduan baliatuta, beldurrezko generotik heldu dio Bustamantek, baina suspensera eta dramara joz, Guatemalako gehiengoa azpiratua eta baztertua duen oligarkia irudikatzeko eta salatzeko. Soinuaren erabilerak, aktore taldearen lan apartak eta atmosfera ilun eta itogarria sortzen duen fotografiak tentsioz betetako istorioan harrapatzen gaitu, bete-betean.
Eñaut Mitxelena