Tenpora taldea, berrasmatzen

tenpora

Tolosaldekoek Berriro asma nazazu lana kaleratu dute, zazpi abestiz osatutako disko berria. Autoediziora jo dute oraingoan ere, eta Aitor Etxebarria izan dute lagun ekoizpenean. Musika ibilbide luzeko bost taldekideek beste estilo eta joera batzuetako hainbat proiektutan parte hartzeak arrasto berezia uzten du beren musikan, eta hori ere nabari da lan honetan. Hala, kantuak pop eta jazz giroan sortu arren, elektronikaren eta rock progresiboaren eremuetan ere murgildu direla diote adituek. Hasier Oleagak (bateria), Itsaso Etxebestek (baxua), Beñat Barandiaranek (gitarra elektrikoa), Juantxo Zeberio Etxetxipiak (teklatuak) eta Elene Arandiak (ahotsa) Harkaitz Cano, Karlos Linazasoro eta Leire Bilbao idazleen hitzekin osatu dituzte abesti batzuk. Gainera, Xendarineko Ahizpak (ahotsak), Et Incarnatus hari hirukotea, Ruben Salvador (tronpeta) eta Gonzalo Fernández de Larrinoa (tronboia) ere lagun izan dituzte disko honetan.


gardenakIZAKI GARDENAK taldeak amaitutzat jo du Dena oskol (Erraia, 2018) diskoaren bira. Orain, “bidea agortu” egin zaiela sentitu eta, “beste bat hasi aurretik”, geldiunea behar dutela pentsatu dute, “arnasa hartzeko eta etorriko denaz hausnartzeko”. Tarte zehaztugabe baterako “hibernatzera joan aurretik”, ordea, bi abesti berriz (Oasia eta Gorputz-adar mamua) osatutako binilozko single baten argitalpen mugatua kaleratu dute. Kantok pandemia aurretik sorturiko musika dute, baina itxialdi garaian jarri zizkieten hitzak, eta nabari da. Azkenaldian taula gainean ibili izan den taldeak grabatu ditu, era analogikoan, eta, etorriko denaren aurrekari baino, orain artekoaren epilogotzat jo behar omen dira. Ea zer ekartzen diguten gasteiztarrek lozorrotik ateratzen direnean...

urtzBIZITZAREKIN DANTZAN
Urtz
Gor, 2020

Bost euskal diskoetxe (Gor, Elkar, Baga-Biga, EDG Music eta Urtz bera) elkartu dira taldearen abestirik onenak bildu eta lan hau osatzeko, lehen diskotik (Ekaitzaren garrasia, 1992) azkenekora (Zabaldu ateak, 2019) bitarteko ibilbidean arakatuz eta entzuleen eta denda digitalen kopuruak aztertuz. Taldearen kantuak era guztietan entzun izan dira, formatu guztietan eta mota guztietako publikoei egokituta. Musikariek, orkestrek, YouTubeko kantautoreek eta ospitaleetako ateetan ere kantatu izan dituzte Urtzen abestiak, beti izan baita talde herrikoia.

bilbaoBEGIN
Irati Bilbao
Gaztelupeko Hotsak, 2020

Musikari durangarraren ahotsa da hemen protagonista nagusia. Musikene ikastegian jazz gradua eskuratzen jardundako lau urteetan mimo guztiz garatutako proiektua da, gaitasun tekniko izugarriaz gain, sentiberatasun handiz eratua, eta konposizioen doinuen eta hitzen arteko jokoz hornitua. Lagundu dion musikari laukotea ere (Jorge Fernández, Eva Alcaide, Carlos Montul eta Aitor Bravo) antzinako musikaren, jazzaren, poparen eta garaikidearen arteko eremuan mugitu izan da beti, sormen askea eta mugagabea abestien ezaugarriei ederki doituta.