‘Odolekoak’, Antxiñe Mendizabalen lehen nobela

mendizabal

Iruñeko familia baten istorioa kontatzen digu Mendizabalek helduentzat idatzi duen aurreneko nobelan. Gozoki kutxa batean aurkitutako gutun sorta abiapuntu hartuta, 1941ean hasi eta 2005era arteko denbora tartean kokatu du eleberria. Hiru belaunalditako hiru emakume dira protagonistak: Matilde, Teresa eta Amaia. Lehenengoa bigarrenaren ama eta hirugarrenaren amama da. Hirurak ere, izen oneko familia tradizionalista bateko alabak. Hirurek, halaber, elkar maitatzen eta gorrotatzen dutela onartu beharko dute; izan ere, Elkar argitaletxeko Xabier Mendiguren editorearen hitzetan, ama-alaba harremanei buruzko “kontakizun sakon, gogor eta hunkigarria” idatzi du Mendizabalek. Istorioaren inguruan, ordea, unean uneko gertakariak eta bizimodua ere ageri dira, baita gizarteko borrokak eta aldaketak ere. Eta, traman parte hartu ez arren, egiazko pertsonaiak ere bai: German Rodríguez gaztea, kasu, poliziak 1978ko Sanferminetan erail zuena.


basolatikXABIROI aldizkarian argitaratutako komiki atalak liburu bakar batean bildu eta argitara eman ditu Ikastolen Elkarteak. Aldizkariaren koordinatzaile eta proiektuaren sustatzaile Dani Fanok proposatutakoari jarraikiz, Asisko Urmenetak idatzi du gidoia, eta Joseba Josevisky Larratxek egin ditu marrazkiak, Basolatik berri onik ez izeneko albuma osatzeko, kolore ilunez apaindutako 64 orrialdeko komikia, hain zuzen. Egileek XVII. mendeko Orbaizetako arma olan kokatu dute fantasiazko kontakizun epikoa, lantegiaren loria urteetan: bertako hainbat lanbidetako pertsonaiak matxinada prestatzen ari dira Espainiako Koroaren aurka, orkaitz izeneko izaki fantastiko batzuk ere tartean direla... Urmenetak eta Larratxek, dokumentazio lan handia egin ondoren, historia eta asmakizuna nahasiz ondu dute nobela grafiko hau.

 

 

 

egurraEGURRA S.A.
Toti Martinez de Lezea
Erein, 2020

Mende erdiz egindako ahaleginari esker, liburu biltegi txikia zena puntako argitaletxe bihurtu da. Familia enpresak, ordea, aitzindaria izan nahi badu, liburuekin zerikusirik ez duten negozioetan sartu beharko du. Mendeku gosea, ezaxola, anbizioa, literaturarekiko benetako maitasuna... direla medio, lehia sortu da argitaletxearen sortzaile Gervasio Egurraren ondorengoen artean. Horren lekuko, Nieves, familiako matriarka eta Gervasioren alarguna.

babelBABEL AURRETIK
Joseba Gabilondo
Txalaparta, 2020

Euskal literaturaren ikuspegi berritzailea dakar saiakera honek. Gure historia eta kultura ezaugarritzen dituzten gatazka historikoak abiapuntu hartuta, bi literatura bereizten ditu, gutxienez, elkarrekin lehian: batetik, batik bat ahozko tradizioari lotuta, klase zapalduek euskaraz adierazitakoa; bestetik, euskal eliteek erdaretan idatzitakoa. Aurrez aurre topatuko ditugu, beraz, Sabino Arana, Maialen Lujanbio, Axular, Victor Hugo, Itxaro Borda, Jorge Oteiza...