Agur, Flash!

Askok ikusiko zenuten abisua azken asteotan: “2020ko abenduaren 31tik aurrera, Flash Playerrek ez du euskarri teknikorik izango. Sakatu ‘Jarraitu’ botoiari Flash Player desinstalatzeko”. Interneten aro oso baten bukaera iragartzen du ohartarazpenak.
Internet, eta zehazki web orriak idazteko erabiltzen den HTML kode estandarra, asmatu zenean, eduki nagusia testua zen. Hori dela eta, HTML kode horren barruan oso ondo zehaztuta dago nola idatzi testu bat letra lodiz, edo etzanez, edo azpimarratuta erakusteko. Baina, hasiera-hasieran, ez zegoen modurik web orrialde batean audio edo bideo zati bat txertatu eta kontrolatzeko, adibidez.
Flash hutsune teknologiko hori betetzera etorri zen. Hari esker, webguneetan grafiko interaktibo eta kontrol konplexuak sar zitezkeen, eta multimedia erreproduzitzaile txukunak ere bai. 2000. urtearen bueltan, oso modan jarri ziren Flash bidezko jokoak, baita webgune osoak ere, interfaze hipersofistikatuekin. YouTuberen beraren lehen bertsioak ere Flash teknologia zuen oinarri.
Alabaina,  Flash ez da teknologia irekia, HTML kodea ez bezala. Jabe pribatua du, eta horrek buruhauste asko eragiten zituen. Flashen oinarritutako edukiak ikusteko, derrigorra zen nabigatzailean gehigarri bat instalatzea. Gehigarri horrek segurtasun arazo larriak eragiten zituen behin eta berriro, eta etengabe eguneratzen ibili beharra zegoen.
Gauzak horrela, HTML kode irekia garatzen duen erakundeak, WWW Partzuergoak, grafikoak eta multimedia erreproduzitzeko ahalmenak HTML kode irekiaren barruan sartzea erabaki zuen, HTML5 deritzon bertsioan. Hari esker, nabigatzaileek bideoak, audioak eta animazioak erakuts ditzakete, berez, inongo gehigarririk instalatu behar izan gabe. Harrezkero, gero eta gehiago, software eta hardware egileek Flash baztertu dute, estandarra eta fidagarriagoa den HTML5 kodearen mesedetan.
Hala, gaur, 10 urte geroago, Flashen jabeak, Adobek, bere produktuaren amaiera ofiziala iragarri du. Nostalgia apur bat sor badezake ere, albiste ona da, zalantzarik gabe: formatu ireki eta estandarrak jabetza pribatuko teknologia itxiei gailendu zaizkie. Goian bego, bada!

Loturak, estekak, linkak

https://labur.eus/wikiflash
Flashi buruzko azalpen gehiago, euskarazko Wikipedian.

https://labur.eus/flasherrorea
Flashen akats larri baten berri, 2011n, Consumer aldizkarian. Halako segurtasun akatsak astero-astero agertzen ziren.

https://labur.eus/agurflash
Flashen arazo larrien gaineko azalpen gehiago, 2015ean, Teknopataren Txokoan.