Arrosa sareko irratiak entzungai, ArrosApp aplikazioan

arrosa

ArrosApp aplikazioa sortu du Arrosa sareak, berau osatzen duten irratiak entzun ahal izateko. Funtzionamendu sinplea du: taldeko 25 irratien zerrenda ageri da aplikazioa zabaldutakoan, eta nahi den horren gainean klik eginda zuzenean entzun daiteke irratia streaming bidez. Saioak entzuteko aukeraz gain, irrati bakoitzari buruzko informazioa jasotzen du aplikazioak. Era berean, sareko kideek partekatzen dituzten irratsaioetara heltzeko estekak ere baditu. Android zein iOS sistema eragileetarako baliagarria, Google Playn eta App Storen eskura daiteke, hurrenez hurren. Aurrerago, Arrosa sarearen webgunean (www.arrosasarea.eus) ere eskainiko dute deskargatzeko aukera. Euskal Herriko 25 irrati batzen dituen federazioa da Arrosa sarea: udal irratiak, irrati libreak, nazio mailakoak... Denetan, euskarak presentzia handia du; zenbaitek euskara hutsean emititzen dute; beste batzuek, aldiz, programazioaren zati bat.


atsotitzATSOTITZAK eta irudigintza bultzatzeko xedez, atsotitz eta irudi lehiaketa antolatu dute Iberba aholkularitza enpresak eta Oskia Karrera argazki estudioak. Euskal mundu ikuskera islatzen duten heinean, esaera zaharrek euskal kulturan duten garrantzia nabarmentzeko asmoz antolatu dute txapelketa, baina baita sormena lantzeko ere. Hala, atsotitz berriak sortzeko aukera ere izango da. Parte hartzeko, atsotitz bat txertatu beharko zaio irudi bati, eta 656 30 37 67 telefono zenbakira edota E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko. helbidera bidali. Abenduaren 31ra arteko epea dago, eta parte hartzaile bakoitzak gehienez 3 bidali ahal izango ditu. Irabazlea aukeratzeko, bi bozketa izango dira: bata Telegramen, urtarrilaren 5etik 31ra, edonori irekia; bestea epaimahai baten esku egongo da. Irabazleak 100 euroko saria jasoko du, eta izena otsailean jakinaraziko dute. Antolatzaileek azaldu dutenez, lehiaketa hiru hilean behin egiteko asmoa dute.

 

 

 

LABURREAN

ITADAKI SMASH izeneko bideo jokoarekin euskaraz ere jokatu ahal izango da kaleratzen dutenean. Halaxe iragarri du Main Loop Videogame bideo jokoen estudio bilbotarrak, aipatu jokoaren garatzaileak. PC ordenagailuetan eta PlayStation 4 kontsoletan jokatzeko akziozko jokoa izango da, eta 2021. urtearen hasieran plazaratuko dute. Estudioak lehenago ere jarri zuen erabiltzaileen eskura euskaraz jokatzeko aukera ematen duen beste joko bat: Submersed. Bigarren honekin, euskarak bideokontsoletan duen hutsune izugarria apur bat beteko du; izan ere, oso-oso urriak dira bideokontsoletan euskaraz jokatzeko aukera eskaintzen duten jokoak.

TURISMO masifikazioaren ondorio kaltegarria salatzeko, “krisian eta larrialdian ere umorea ezinbestekoa delako” meme lehiaketa antolatu du BiziLagunEkin plataformak, desazkunde turistikoaren alde hainbat donostiarrek osatuak. Sortutako memeak sare sozialetan zabal daitezke, #turismeme traola jarrita, edota E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko. helbidera bidali. Abenduaren 21ean amaituko da lehiaketan parte hartzeko epea, eta irabazleak Errigoraren saski bat jasoko du.

COVID-19aren garaiotan, informazio aski praktikoa paratzen du Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa euroeskualdearen webguneak: koronabirusa dela-eta lurralde bakoitzean indarrean diren murrizketen panela, euskaraz, frantsesez eta gaztelaniaz. Maskara erabili behar den, mugikortasuna mugaturik ote den, zer egin daitekeen eta zer... hainbat informazio biltzen du, eta https://www.euroregion-naen.eu guneko Berriak atalean dago ikusgai.