Babel 17

olasagarreJuanjo Olasagarre

Arrate Hidalgo itzultzaileak gomendatuta Babel 17 (Samuel R. Delany, 1966) irakurri dut.
Poeta eta flota bateko kapitaina den andre baten bidaia kontatzen du nobelak; hizkuntza edo kode baten gakoen bila abiatu dira Rydra Wong protagonista eta bere taldekideak. Hizkuntzak, hizkuntza dela uste du Wongek, Babel 17 du izena, eta Barne Ministerioak (dei diezaiogun horrela) inbaditzaileen arteko elkartruketik jaso du. Hizkuntza asko dakizki Wong poeta mundu osoan famatuak.
Abiatu da, bada, kapitaina bere eskifaia bildu ondoren. Espazio ontzian, sudur, begi eta belarri gorpuzgabe bana daramatzate, zentzumen horien bitartez informazioa lortu eta arriskuei aurre hartzeko.
 Inork uler ez diezaien, Wong, belarri, sudur eta begiaren arteko elkarrizketa euskaraz da (vasco, irakurtzen ari naizen gaztelaniazko itzulpenean). Ez da euskara entzuten, baina haien arteko komunikazioa euskaraz da, eta halaxe delako salbu dagoela azpimarratzen da behin baino gehiagotan nobelan.
Gustatu egin zait. Batetik, euskaldunok gutxi behar dugulako euskaldun moduan pozteko; hori ez da txarra, bide batez esanda. Bestetik, euskaraz mintzatzen diren horiek hildakoengandik eskuraturiko organo gorpuzgabeak direlako. Hirugarrenik,  Rydra Wongek euskaraz ere badakielako.
Nork usteko zuen etorkizunean euskara oraindik bizirik eta espazioan barna ibiliko zenik, non eta hizkuntza sekretu bihurturik hildakoei erauzitako organoen ahotan?
Badatorkigu Euskaraldia. Badatorkigu dena kutsatu eta kolorgetu duen pandemia honen erdian.
Nobelan, asko oldozten da hizkuntzaren gainean; hizkuntzak mundu ikuskera noraino behartzen duen aztertzen da pertsonaien gogoeta eta ekintzen bidez. Ez dakit noraino garen euskaldunok ideia hori transmititzeko gauza; ez dakit noraino izango den Euskaraldia hizkuntza dinamikak pixka bat aldatzeko gauza. Saiatu beharra dugu, gutxi-asko gorpuzgabe bihur ez gaitzaten.