Hutsa bete

kalea

Kale hutsak. Berriro. Etxeratze aginduak onartu ostean, are hutsago, Ipar zein Hego Euskal Herrian. Pandemiak nabarmen egin du txarrera,  eta agintariek neurriak zorroztu dituzte (baliteke lerrok irakurtzerako zorrotzagoak izatea).  Denboraldi batean kaleak hutsik ikusiko ditugula aurreikus daiteke. Kaleak betetzeko ezintasunak eraman du, hain zuzen, AEK 22. Korrika atzeratzera. Herriz herri ibiltzeko baldintzarik ez, eta zuhurtziaz eta erantzukizunez hartu du erabakia AEK-k. Pandemiaren hedapenak arduraz jokatu beharra dakar, nahiz eta kolpe handia izango den. Kolpeari kolpe, halaxe dabil, beste hainbat arloren antzera, euskalgintza. Ekimen asko bertan behera, larrialdiaren eta premiaren aitzakian euskara eremu publikotik desagertuta... pandemiaren olatua atzera eramaten ari da  euskararen aldeko urteetako lana. Olatuak ito aurretik, baina, igerian badakigula erakutsi behar. Arnasa hartzeko eta aurrera indartsu jarraitzeko. Izan ere, txertoa gu geu gara, euskara ahoan darabilgun bakoitzean. Hurrengo ziztadaren hitzordua ere, jakina: Euskaraldia gainean dugu. Kaleak hutsik, bete ditzagun aho eta belarriak euskararekin. Olatuak gu harrapatu beharrean, geu izan gaitezen olatua.